Itxi

Musika

86. edizioa

Leipzigeko Gewandhausorchester orkestrak itxiko du Donostiako Musika Hamabostaldia

N. V. | EITB Media

"Amaya" Guridiren operaren kontzertu bertsioa taularatuko da musika jaialdian, eta Xabier Anduaga donostiar tenorrak hitzordu bikoitza du jarrita jaioterriko publikoarekin.

  • Andris Nelsons & Gewandhausorchester © Konrad Stöhr, 2024

    Andris Nelsons & Gewandhausorchester © Konrad Stöhr, 2024

Donostiako Musika Hamabostaldiaren 86. edizioak 70 kontzertu eskainiko ditu abuztuaren 1etik 29ra; horien artean, Gewandhausorchester Leipzigeko orkestrak Donostiako Orfeoiarekin batera eskainiko duen amaiera kontzertua dago.

"Amaya" Guridiren opera ere azpimarratu dute gaur jaialdiaren antolatzaileek aurtengo eskaintzan, kontzertu formatuan entzun ahalko dela eta, aurtengo edizioaren programazioaren zati bat aletzeko zabaldu duten prentsa oharrean. Jaialdian, Ravelen jaiotzaren 150. urteurrena eta Xostakovitxen heriotzaren 50. urteurrena ere hartuko dituzte gogoan.

Hamabostaldiak iragarria zuen aurten, salbuespen gisara, ballet emankizun batek irekiko duela Kursaaleko programa; Preljocaj balletaren "Requiem(s)" ekoizpena izango da.

Amaieraz, berriz, Gewandhausorchester Leipzigeko orkestra arduratuko da, kontzertu bikoitzean. Lehenik Hillary Hahn biolinistarekin arituko da taldea, eta bigarrenean, jaialdiko azken kontzertuan, Donostiako Orfeoiarekin batera.

Kursaalen bertan, "Amaya" euskarazko opera oholtzaratuko dute abuztuaren 9an, kontzertu formatuan, Diego Martin-Etxebarria zuzendariaren aginduetara; Euskadiko Orkestra, Easo abesbatza eta Arantza Ezenarro, Gillen Munguia eta Marife Nogales bakarlariak jardungo dira emanaldi horretan.

Etxetik irten gabe, Xabier Anduaga donostiar tenorrarekikoa izango da hitzordu nagusietakoa. Bi aldiz egongo da nazioartean ospe gero eta handiagoa lortzen ari den kantaria Donostian entzuteko; Kursaalen, Valentziako Orkestrarekin, eta Victoria Eugenian.

Broadwayra ere begiratuko du Hamabostaldian, abuztuaren 20an, "West Side Story"ren kontzertu bertsioarekin. Gainera, Jordi Savall ere arituko da Donostiako kuboetan, abuztuaren 24an.

Victoria Eugenian, bestalde, lau kontzertu handi izango dira. Xabier Anduagaren emankizunaz gain, Mitsuko Uchidaren piano kontzertua egongo da, "Nocturna. Arquitectura del insomnio" Rafaela Carrascoren ikuskizun flamenkoa eta "Nizugu" Easo Abesbatzak umeentzako egin duen operaren estreina.

  • kargatzen