Itxi

Musika

Saria

Amaia Zubiriak Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei saria jasoko du ostegunean, Bergaran

N. V. | EITB Media

Euskal kulturari eta musikagintzari egindako ekarpena aitortuko diote Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak horrela. Ekitaldia martxoaren 27an izango da, Bergarako Seminarixoan.

  • Amaia Zubiria, 2021ean, Adarra saria jasotzen

    Amaia Zubiria, 2021ean, Adarra saria jasotzen

Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak Amaia Zubiria musikariari eman diote 2025eko Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei saria, euskal kulturari eta musikagintzari egindako ekarpena aitortzeko, eta ostegunean izango da saria emateko ekitaldia, martxoaren 27an, Bergarako (Gipuzkoa) Seminarixoa aretoan.

Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenaren testuinguruan, Monzon-Ganuza sariak "Euskal Herriaren kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoan zehar ekarpena egin dieten pertsonak" omendu nahi ditu.

Aurreko edizioetan Libe Goñi, Xabier Amuriza, Jose Luis Elkoro, Mari Karmen Ayastuy eta Jose Mari Esparza izan dira sarituak, eta aurten Amaia Zubiria izango da aintzatespena jasoko duen artista.

"Herri kantak, jazza, poesia eta zinemarako musika uztartuz, hainbat belaunaldiren erreferente bihurtu da Zubiria. Gainera, emakume kantarien ahotsa lehen lerrora eramanez, euskal musika esparrua eraldatu eta aberastu du", adierazi dute sariaren arduradunek.

Sariaren banaketa-ekitaldia ostegunean izango da, martxoaren 27an, 18:30ean, Bergarako Seminarixoa aretoan, eta bertan, musikariaren hainbat adiskide, senide eta lagunek parte hartuko dute, Amaia Zubiriaren ibilbidea eta ekarpena ospatzeko.