Musika
Bilana
"Arrakasta eta dinamismo handiko urtea" izan da 2024a musika sektorearentzat
N. V. | EITB Media
Euskal Herriko Musika Bulegoa elkarteak sektorearen osasunari buruzko hausnarketa egiteko eskatu die promotore, programatzaile, argitaratzaile eta musikariei; urte "oparoa" izan dela esan dute.
-
Fermin Muguruza musikaria, abenduaren 20an Bilbon emandako kontzertuan
Euskal Herriko Musika Bulegoa elkartea musikagintzan eta musika industrian diharduten hainbat eragileri zuzendu zaie, sektorearen osasunari eta etorkizunari buruz hausnarketa egin eta bere gogoeta zabal dezaten. Oro har, "arrakasta eta dinamismo handiko" urtetzat jo dute joan berri dena, 2024a, eta hurrengo urteetarako erronka gisa begipuntuan jarri dituzte kontzertu aretoen egoera larria, lan baldintzak eta profesionalizazioa, adimen artifizialaren egonkortzea, genero berdintasuna, euskararen gaineko babesa eta finantzaketa publiko eta pribatua indartzea.
Erronka horiei begira, egungo egoera "musika merezi duen funtsezko tokian kokatuko duen elkarte sare sendo batekin" bakarrik gainditu ahal izango direla adierazi du Amaia Ispizua Musika Industriaren Elkartearen lehendakari eta Get In promotorako langileak.
Ispizuak berak emandako datuen arabera, 2024a "inoizko urterik onenetakoa" izan da musika sektorearentzat: "Sarreren salmenta % 25 igo zen aurreko urtearen aldean, eta streaming bidezko musikaren kontsumoak goranzko joerari eutsi zion".
Euskarridun musikaren aldetik, Andres Camio "Jitu" Elkar argitaletxeko musika arloko arduradunak sektorearen dinamismoa azpimarratu du, eta esan du "sorkuntza ez dela krisian dagoena".
Sara Azurza musikariaren eta Musikari elkartearen lehendakariaren arabera, Artistaren Estatutuaren pean PFEZren erreforma onartzea mugarri garrantzitsua izan da: "Neurri horrek aukera ematen du artisten laneko aldizkakotasuna eta diru-sarrera irregularrak kontuan hartzeko, sektorearen fiskalitatean mugarri bat ezarriz".