Musika
Agurra
Benito Lertxundik amaitutzat eman du musikagintzako bere bidea
N. V. | EITB Media
Orioko Bardoak “Gernika zuzenean” zuzeneko diskoa argitaratuko du, 2023ko azaroaren 11n Gernikako Jai-Alai pilotalekuan egindako kontzertua oinarri hartuta. Lertxundik amaiera eman dio 60 urteko kantagintzari.
Benito Lertxundi musikariak bukatutzat eman du musikagintzan 60ko hamarkadaren amaieran abiatu zuen ibilbide oparoa. Gernikan eman du erabaki horren berri, Gernika zuzenean zuzeneko diskoa argitaratuko duela iragartzeko egin duen prentsaurrekoan.
Euskal herri musikaren zutabeetako batek azaldu du ez duela emanaldi gehiagorik emango.
Azken diskoa izango da, beraz, Gernika zuzenean: Gernikako Jai-Alai pilotalekuan 2023ko azaroaren 11n egin zuen kontzertua jasotzen duen lana. Oriotar kantariak esker ona agertu dio publikoari, eta ez du baztertu, oholtzak utziagatik ere, sormenarekin harremanetan jarraitzea.
Diskoak abesti argitaragabe bat ("Ez nabil ezeren bila") dauka, eta CD bikoitzeko edo binilo hirukoitzeko formatuan erosi ahalko da.