Itxi

Musika

Abestu Euskadiko Orkestrarekin

Euskadiko Orkestra 120 abeslari ez profesionalen bila ari da, martxoko hiru kontzertutan beraiekin abesteko

N. V. | EITB Media

Hautatzen dituzten kantariek Verdi eta Sorozabelen konposizioak abestuko dituzte, Donostiako (martxoak 13 eta 17) eta Bilboko (martxoak 15) abonuko kontzertuetan. Izena emateko, "gutxieneko musika-prestakuntza" izan behar da eta partiturak irakurtzen jakin.

  • Hautatuek Euskadiko Orkestrarekin batera kantatuko dute

    Hautatuek Euskadiko Orkestrarekin batera kantatuko dute

Euskadiko Orkestra 120 kantari ez profesionalen bila ari da, Abestu Euskadiko Orkestrarekin izeneko ekimenaren kariaz, musikazaleoi Orkestrarekin batera agertokira igo eta Verdi eta Sorozabalen konposizioak abesteko aukera emateko, Glanerti eta Brahmsi eskainitako abonu denboraldiko kontzertuetan.

Abeslariek Donostiako (martxoak 13 eta 15, Kursaal) eta Bilboko (martxoak 15, Euskalduna) kontzertuetan hartuko dute parte, eta Verdiren 'Va Pensiero' (Nabuco) eta 'Coro di Zingari' (Il Trovatore)  eta Sorozabalen 'Maite' zortzikoa interpretatuko dituzte.

Interesa duten abeslariek "gutxieneko musika-prestakuntza" izan beharko dute eta partiturak irakurtzen jakin, eta EAEko orkestra sinfonikoaren webgunean eman beharko dute izena, abenduaren 10a baino lehen. Gainera, ahalik eta gehienetan joan beharko dute orkestraren egoitzan, Miramonen (Donostia), egingo dituzten hamar entseguetara.

Betekizun horiek betetzen dituztenen artean zozketa egingo dute, eta hautatzen ez dituztenak itxaron-zerrenda batean bilduko dituzte, bajarik balego edo.

Abenduaren 18an iragarriko dute nor diren hautatuak, eta, lehen entseguaren aurretik, ahots eta piano partitura eta ahotsen grabazioak jasoko dituzte pertsona horiek.