Itxi

Musika

''Itoiz. Udako sesioak''

Itoizez blai

Natxo Velez | EITB Media

Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka zinemagileek "Itoiz. Udako sesioak" dokumentala aurkeztu dute Zinebi jaialdian, Itoiz taldearen funtserako bidaia zinez gustagarria, Juan Carlos Perez horren buruaren eskutik.

  • Juan Carlos Perez, "Itoiz. Udako sesioak" dokumentalean

    Juan Carlos Perez, "Itoiz. Udako sesioak" dokumentalean

Bada eustearekin nahikoa duen jendea, Juan Carlos Perez musikariak Itoiz. Udako sesioak filmean esaten duenez, atseginetan bizi dena harri-jasotzaileen euste fasean harria altxatzen bainoago. Perez, baina, ez da molde horretakoa, gaur Zinebin estreinatu den dokumental ederrean ederto erakusten denez.

"Kuriositateak, gauzak ezagutzeko gogoak", gidatu du Juan Carlos Perezen (Mutriku, 1958) jardun sortzailea Itoiz sortu aurretik, Itoizen ari zela eta Itoiz bukatutakoan, "aurrean terreno berri bat edukitzeak". Lursail berri hori okupatutakoan, aurrera mugitzeko bulkada izan du: "Jakiteko zegoen hori betetzen duzunean, bukatu da". Horregatik gelditu zen talde arrakastatsuaren ibilbidea 1988an, eta horrela esaten dio pelikularen une batean Perezek Jimmy Arrabit taldeko bateria-jotzaileari: "Nekatuta geundelako, Jimmy, nekatuta". 

Itoiz

Itoiz

Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka zinemagileek zuzendu dute Itoiz. Udako sesioak, eta gaur erakutsi dute lehen aldiz jendaurrean, Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazioarteko Jaialdian, Juan Carlos Perezen eskutik Itoiz taldearen hastapenak, ibilbideko gorabeherak eta amaiera errepasatzen dituen pelikula.

1974ko udan, udako sesioetan, Juan Carlos Perezek Jose Garate Foisis Itoizen bide osoan lau harien kargu bidaide izan zuen adiskidearekin Mutrikuko etxeko egongelan grabatutako kasete baten doinu lañoek haizatuta (ederra da Perezek zinta hori bueltan nola jaso zuen kontatzen duen txatala), EITBren parte-hartzea duen filmak artxiboko irudiak, Juan Carlos Perezen, Itoizeko beste taldekideen eta taldearen hurkoen lekukotasunak (zoragarria da, esaterako, Perezek Bernardo Atxaga Hegal egiten eta beste kantu batzuen hitzak idatzi zituen idazlearekin duen elkarrizketa) eta fikziozko pasarteak uztartzen ditu, erritmo egoki eta zorionez patxadatsuan eta, Xanti Salvador soinu arduradunari esker, soinu luxuzkoaz.

'Itoiz. Udako sesioak' filmaren fikziozko txatal baten fotograma

'Itoiz. Udako sesioak' filmaren fikziozko txatal baten fotograma

Rock sinfoniko edo progresibotik popera egin zuen talde baten bidearen errepasoa da Itoiz. Udako sesioak, rocketik eta sinfonikotik ezer ez duen kantu batek, taldearen lehen diskoan ozta-ozta sartu zen Lau teilatuk, euskal herri kulturan betikotu zuen talde baten joan-etorrien bilana. Baina askoz gehiago ere bai: Perezen sormenean eta horrek eragiten dituen poz eta penetan egindako murgiltze saioa, esaterako.

Pribilegioa da pantailari begiratu eta egungo Juan Carlos Perez 21 urtekoaren lana entzuten ikustea, eta gogoetagai da, halaber, hau esaten entzutea: "Jendearentzat garrantzitsuak izan diren gauzak egin diren guztietan, sufritu duen pertsona bat egon da beti atzean. Ni nintzen hori".

Beste ezeren gainetik kantuaren atzetik jakin-gosez aritu den sortzaile bati jarraitzen dion filma da Itoiz. Udako sesioak, eta, hori ez ezik, Atxagaren hitzetan munduan maitasun kantarik egiten ez zen toki eta une bakarretako batean maitasun kantuak egiten zituen talde bat azkenik (Itoiz. Hari xingle bat Jon Eskisabelen 2005eko liburua argitaratu zenetik) ohoratzen duen pelikula.

Ez diot pelikula ikusi ez duenari lilura hautsi nahi, baina inork esaten badit filmaren amaierarekin ez dela hunkitu, nekez sinetsiko diot.