Musika
HERIOTZA
Liam Payne musikari eta One Direction taldeko kide ohia hil da, 31 urte zituela
EITB Media
Buenos Airesen hil da, hotel bateko hirugarren solairutik erorita, eta Polizia heriotzaren nondik norakoak ikertzen ari da.
-
Liam Payne, One Direction taldeko kide ohia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Liam Payne hil da, musikari eta One Direction taldeko kide ohia, 31 urte zituela, Buenos Airesen.
Argentinako iturri ofizialek baieztatu dutenez, ostatu hartuta zegoen hoteleko hirugarren solairutik barruko patio batera erori da.
Buenos Aireseko Polizia hotelera gerturatu da, liskarra zegoen berri izan ostean.
Larrialdi zerbitzuak bertaratu direnerako, ordea, gizona hilda zegoen. Buruan kolpe handia zuen. Buenos Aireseko Poliziak ikerketa abiatu du heriotzaren nondik norakoak argitzeko.
Erresuma Batuko "The Factor X" telebista saioan egin zen ospetsu, eta bertan ezagutu zituen One Direction taldeko kideak: Harry Styles, Zayn Malik, Niall Horan eta Louis Thomlinson. Mundu mailako arrakasta lortu ondotik, taldea desegin zen.