Itxi

Musika

Golardoa

Tulsak Gaurko Musiken Espainiako Sari Nazionala jasoko du

N. V. | EITB Media

"Maiz hedabideen arretatik kanpo lanean eta erabateko independentziatik sortzen talde eta artisten hainbat belaunalditan eragina izateagatik" emango dio saria Kultura eta Kirol Minsterioak Miren Izari.

  • Miren Iza "Tulsa"

    Miren Iza "Tulsa"

Miren Iza gipuzkoar musikariak, Tulsa izenez ezagunagoa denak, Gaurko Musiken Sari Nazionala jasoko du, Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak iragarri duenez. 30.000 euroko dirulaguntza jasoko du, horrenbestez.  

Paz Santa Cecilia INAEM Arte Eszenikoen eta Musikaren Insititutu Nazionaleko zuzendari nagusi eta epaimahiko presidentearen hitzetan, "maiz hedabideen arretatik kanpo lanean eta erabateko independentziatik sortzen talde eta artisten hainbat belaunalditan eragina izateagatik" ebatzi dute saria Izari ematea.

Amadora Tulsaren azken diskoak (2023) aparteko garrantzia izan du epaimahaikideen gehiengoak hartu duen erabakian, haien ustez "disko bikaina baita: sakontasun liriko eta sentiberatasun poetiko handiko hitzak ditu, kostunbrismotik eraikiak gizartean ordezkaritza maila txikiena duten emakumeei ahotsa eman eta horien izatea aldarrikatzeko".

Horren ildotik, Tulsak hainbat belaunalditan eragina izan duela azpimarratzen du epaimahaiaren ebazpenak, "maiz hedabideen arretatik kanpo lanean eta erabateko independentziatik sortzen".

Sariaren berri izan eta gero, Izak kontatu du Éxtasis diskoa (2021) kajoi batean gordeta izan zuela: "41 urte nituen grabatu nuenean eta espazio publikotik kanpo gelditzen ari den andrearen ideia hori mamitzen ari zen; pentsatu nuen, hor kanpoan indar berritzaile bat zegoenez gero, ez zuela zentzurik ateratzeak".  

"Indarberrituta", berak garai horretan eta urteak betetzen dituzten neurrian "txistetzat hartzen dituzten beste emakume batzuek" zer bizi duten kontatu nahi izan zuen Izak orduan diskoan.

Iza (Hondarribia, 1979) 90eko hamarkada amaieran hasi zen musikan, Electrobikinis ingelesezko pop punk taldean.

Taldea 2002an banatu, eta gaztelaniazko kantuak konposatzen hasi zen Iza, harik eta 2007an, artista berri onenaren Grammy Latinorako izendatu zuten urtean, Tulsa izenarekin sinatu zituen zazpi diskoetako lehenengo argitaratu zuen: Solo me has rozado.

Epaimahaia osatu dute Ana Belen Faus Musika eta Dantzako zuzendariorde nagusiak (presidenteordea), Anni B Sweet, Zahara eta Victor Cabezuelo musikariek eta Diego Manrique eta Julio Rodenas musika kazetariek.

Horiekin batera izan dira Carmen Zapata Corbalan Kataluniako Kontzertu Aretoen Elkarteko gerentea eta Gaurko Musikaren Sari Nazionalaren iazko irabazlea, Rodrigo Cuevas.