Itxi

Musika

Elkarrizketa

Alcalá Norte: "Ez gara erretzeko beldur; aurrera egiten ez badugu, errudunak garelako da"

Natxo Velez | EITB Media

Madrildar seikotearen 'La Gira Cañón' bira Bilbora helduko da ostiralean; taldearen oihartzuna, zarata barik, post punkeko hamaika kantu baliotsuren durundi neurritsua dela zaleekin ospatu eta eszeptikoei frogatu nahi diete.

  • Alcalá Nortek Stage Live joko du ostiralean, urriak 11. Argazkia: Pablo Garrido.

    Alcalá Nortek Stage Live joko du ostiralean, urriak 11. Argazkia: Pablo Garrido.

Abiapuntu gisara, ez zirudien oso probablea 2024an post punkeko hamaika kantu ("Gertuago ditugu New Order Joy Division baino", argitu digute) denen ahotan egotea, ahoz aho ibiliko zirela pop melodiak, The Cureren ondarea, rock energia eta interpretazio punka nahasten dituen madrildar talde baten ingurukoak; are bitxiagoa da, gainera, horien arrakasta handia, hitzetan Kalbin, Cristiano Ronaldo, Lehen Mundu Gerrako Langemarckeko gudua, Darío de Regoyos, Ciudad Lineal Madrilgo bere auzoa eta power ranger berdea nahasten dituztela kontuan hartzen badugu.

Nolanahi den, probablea dena ez da aldagaitza, zorionez; atzo gertagaitza zirudiena gaur edo bihar gerta liteke, eta Alcalá Norte taldea denen ahotan da aurten, atertu gabe. Apirilean atera zuen lehen diskoa (Balaunka euskal diskoetxeak kaleratu zuen Alcalá Norte), eta hogeita hamar kontzertuko bira abiatu berri dute Espainiako Estatu osoan zehar udazken-negurako, Bilbao BBK Live, Glad Is The Day eta Primavera Sound jaialdiak bisitatu eta gero. Hain zuzen, 'La Gira Cañón' birak Bilbora ekarriko ditu ostiralean, urriak 11, Stage Live aretora (sarrera guztiak salduta, duela hainbat astetik). 

"Los chavales" eta "La vida cañón" kantu biribilak, dena dela, Donostian (azaroak 30, Dabadaba), Iruñean (abenduak 27, Santaspascuas jaialdia) eta Gasteizen (urtarrilak 17, Jimmy Jazz) ere entzun ahalko dira hurrengo hiletan.

Alvaro Rivas taldeko abeslariarekin hitz egin dugu, Salamancan eman zuten kontzerturako bidean zela.

Publiko orokorraren aurrean, 2024ko udaberrian jo zuen eztanda Alcalá Nortek, diskoa argitaratzearekin bat, baina zer zegoen fokuen argia iritsi baino lehen?

Ez hiltzen saiatzen ginen lehen. Musikari asko pasatu dira hemendik, batzuk oso talentu handikoak. Batzuetan, frustratuta ibiltzen ginen, gainerako musikariek ez zutelako gogorik proiektuak aurrera egin zezan. Beste batzuetan, musikari horiek ere indar handiz bultzatzen zuten, sortzaileok, garai itsusi horietatik bizirik atera ginenok, bezainbat. Guri ez zegozkigun bideetatik arrastaka eramaten ari zitzaizkigula ere sentitu genuen.

Azken batean, dramaz eta estutasunez beteriko lau urte izan ziren, baina, tarteka, entsegu gutxi batzuk umore onez egin genituen, eta azkenean diskoan sartu diren kantuak konposatzea lortu genuen. Hamabost edo hogei bat kontzertu ere izan ziren, guztiak Madrilen, Getxoko baso batean, itsas ertzean, egin genuen bat kenduta.

Gehien-gehienetan gozatu egin genuen. Baina, ostia, beste taldekideekin pipertuta geunden, kontzertuak ere sufrikario arraioa ziren.

Nola uztartzen da zuen musikan The Stone Roses, Judas Priest, The Smiths eta Joy Divisionen itzala?

Kasualitatez. Carlos gure gitarristak The Stone Roses gogorarazten digun riff bat ekarriko digu, adibidez, baina ez bera zoratzen duelako, izan ere aspertu egiten dute, ezpada uste duelako gainerakook gustura egongo garela. Eta, noski, asmatu egingo du, eta kantu bat aterako zaigu.

Judasen eragina maila sentimentalari dagokio, bere horretan musikalari baino gehiago.

Joy Division, tira, New Orderri gehiago begiratzen diogu, ingurumari horretan gelditzeko, nahiz eta gure hastapenetan, nik ahotsa hanpatzen nuen Curtisen antza edukitzeko.

The Smiths ez zait gehiegi gustatzen, eta ez dut uste inoiz eragin zuzena izan direnik, nahiz eta Barbosak, bateria-jotzaileak, gustuko dituen.

Alcalá Norte. Argazkia: Pablo Garrido.

Alcalá Norte. Argazkia: Pablo Garrido.

Estilo aldetik, ezarri duzue minimo komun txikienik zuen kantuetarako? Zer izan behar du kantu zirriborro batek berorretan lan egitera animatzeko?

78 eta 82. urteen arteko The Cure, hori da beti nire erantzuna. Txo, horrek gidatu gintuen estilistikoki hastapenetan, inguruan talentu askorik ez genuenean batez ere.

YouTuben dauden zuzeneko horien soinua inspirazio handia izan ziren hasieran, gure hiru gustu ezberdinak uztartzen zituztelako eta inorentzat ez zelako mingarria kantu horiek eta estilo hori imitatzea.

Orain, gure diskoa entzuten dudanean, The Cureri hurbiltzeko saiakera nahiko egokia egin dugula egiaztatzen dut, nahiz eta zuzeneko horiek laster utzi zioten hain erreferente kontziente eta agerikoa izateari, geure soinua aurkitzen joan garen neurrian.

Sarritan, sormen lana abiatzen ari garenean, norbaitek The Cureren itzala aurkitzen du gitarra riff batean, sintetizadore batean edo akorde segida batean, eta "ostia, The Cure ematen du" oihukatzen du.

Seinale ona izaten da kanta lantzen jarraitzeko. Aste honetan gertatu zaigu, urrunago joan barik. The Cure guregana bueltan etorri dela iruditzen zait. Eta poztu egiten naiz, kantuak ateratzen ari direlako eta nire lagunek gustuko dituztelako horiek.

Udan jaialdi handietan aritu eta gero, 'La Gira Cañón' aretoetako bira hasi duzue udazkenean. Zeren bila ari zarete emanaldi horietan?

Errodajea behar dugu interprete gisa aurrera egiteko eta gu geu sei arimako multzo bezala ulertzeko. Gure ikuskizun propioa sortzeko, eroso eta itxurak egiten ibili gabe, jendearen erantzuna kontuan hartuta eta astez aste hobetzen.

Gainera, hedabideen arretak horrenbeste lagundu badigu, ez dago osagarri hoberik fenomeno hau jendearen konfiantzazko aretoetara eramatea baino. Han argituko dira zalantza guztiak.

Hogeita hamar aretotan jotzeak estrategia egokia dirudi hurrengo udan, esaterako, agertoki handietan jotzeko. Eta betetzen baditugu, seinale bat izango da promotore handiei begira. Ez gara erretzeko beldur. Su honi aurre egiten ez badiogu, errudunak garelako izango da.

Alcalá Norte. Argazkia: Pablo Garrido.

Alcalá Norte. Argazkia: Pablo Garrido.

Nola sinetsarazi sinesgogor bati "bizitza kanoia" dela asteburuan etxetik irten, furgoneta batean sartu, estu-estu eginda 2.000 kilometro egin eta kontzertu batean izerditan blaitzea?

Han, ez dago lantegi hori arrakastaz gauzatuko duen sofista hil edo bizirik. Furgonetan ez dago glamourrik, gurean ez behinik behin, puzker usaina mina baita oso, are gehiago penintsula muturretik muturrera diagonalean zeharkatzen dugunean. Hala ere, orain arte sekula ikusi gabeak nituen bi elementu daude furgoneta honetan, zuri erantzuten ari naizen bitartean: hozkailua eta Play Station 4 bat. Ez gara kexatuko, bada.

Izerdiaz ari garela: hori bai gai funtsezkoa. Barbosak izerdi piloa botatzen du, eta kontzertuetan ezgaitu egiten gaitu horrek nolabait, ezin baitugu, adibidez, kantu askorik kateatu. Gelditu egin behar du, izerdia lehortzeko. Konponbide baten bila ari gara, eta haizagailu bat eramango dugu gurekin, agertokian bere aurpegira begira jartzeko.

Bizitza kanoia zera da, flatulentzia eta izerdi arteko asteburu batetik bueltan etxera iritsi eta fakturak ordainduta edukitzea. Eta pentsatzen jarri: "Arranopola, bihar ez naiz bulego batera joango, eta ez dut mezu elektronikorik jasoko bost axola didaten eta nitaz are gehiago paso egiten duten gizon handi-mandien diru kontuei buruz".

Horretan gaude, edo hori agindu digu, behintzat, managerrak.

Zer gertatu behar du Alcalá Norteren kontzertu batean, argiak amatatutakoan aseta gelditzeko?

In-ears madarikatuekin ohitzen saiatzen ari naiz. Petaka batek eta aurikular batzuek osatzen duten sistema da, eta dena belarrian bertan entzuteko balio du, monitore edo bozgorailurik gabe. Diotenez, horrela errazagoa da tonu egokia aurkitu eta afinatzea.

Sistema propioa izatea zera baino garestiagoa denez eta oraingoz guk ez daukagunez, nahiz eta batek jakin zer gertatuko den, tokian tokiko promotoreen eta iPhonerako kasko batzuekin ari naiz. Belarrietan nahasketa egokia izatea lortzen dudanean eta estutasunik gabe eta tonu egokian kantatu dudala sentitzen dudanean, pozik jaisten naiz agertokitik.

Gainerako taldekideek gero eta hobeto jotzen dute, eta azkenaldian ohikoa da beren jarduerak berak harrotuta bukatzea gure emanaldiak, gero eta soinu hobea ateratzen baitute. Ea laster diru gehiago egiten dugun noranahi geure teknikariarekin, geure in-ears sistemarekin eta monitoreetarako geure teknikaria joateko. Seguru nago gaur egun larritasun handia eragiten diguten arazo asko orduan desagertuko direla.

Dena dela, bira egiteko zergatietara itzulita, seguru gaude hogeita hamar teknikarirekin eta hogeita hamar monitore sistema ezberdinekin lan egiteak erosoago sentiaraziko gaituela aurrera begira, erabili behar dugun soinu ekipoa eta parean dugun teknikaria dena delakoa ere.

Bilbon, Stage Liven, Aritzekin lan egingo dugu, penintsularen iparraldean dugun konfiantzazko teknikariarekin. Horri esker, lasaiago gaude.

Udan, Bilbao BBK Liveko agertoki nagusian eta Glad Is The Day Donostiako jaialdian jo zenuten. Zer duzu gogoan kontzertu horiei buruz?

BBK-koa gure lehen agertoki handia izan zen. Jende askok lagundu zigun, espero genuen baino gehiagok, eta bideoan grabatuta gelditu zen, gainera. Zoritxarrez, YouTuben entzuten den nahasketa ez da Aritzek publikoari eman ziona. Oso ondo irten zitzaigun, eta konfiantza handia eman zigun gero etorri zitzaigunari begira.

Gladys Enean ere ezin hobeto ibili ginen, berriz ere Aritzek lagunduta. Uste dut ordura arte sekula ez genuela hainbeste denbora izan aurrez aurre, hilabete lehenago BBKn gertatu zitzaigun bezala. LinkedIneko nire profilean, Donostian egun horretan atera ziguten argazkitzar bat daukat jarrita, eta masak hara-hona darabilzkigula ematen du irudi horretan, nahiz eta gehienak ikusmiran besterik ez zeuden bertan. LinkedInen, puztu egin ohi ditut merituak.

Kontzertua bukatutakoan, Dabadaban azaroan emango dugun kontzertuaren eskuorriak banatzera jaitsi ginen, eta erabaki zuzena izan zen guztiz, egun batzuen buruan sarrera guztiak saldu baitziren.

Alcalá Norte

Alcalá Norte

Suneo Chill Mafiako kideak kolaboratu du zuen diskoan, eta Balaunka euskal diskoetxeak argitaratu du. Nola sortu ziren bi kolaboraziook?

Balaunka izan zen gugan sinetsi eta akordio zintzoa eskaini zigun zigilu bakarra. Ñako, mafia horretako burua, Jose gure managerraren lagun mina da betidanik. Josek hamaika bulego, zigilu eta argitaletxetara idatzi zuen, eta isiltasunak, manera oneko ezezkoak eta proposamen izugarri bat edo beste jaso zituen bueltan.

Laster asko aukeratu genituen Balaunka diskoetxe eta argitaletxe gisa, eta Mauka enpresa kidea kontrataziorako. Beraiek, Joserekin hitzartuta, musikari gisa aritzeko behar dugun azpiegitura guztia ematen digute. Batzuetan, iruditzen zait gure mendekoak direla, beste batzuetan ugazabak ematen dute. Azken finean, gure bazkideak dira.

Suneo Madrilen ezagutu genuen, Barbosak eta biok Chill Mafiari eta Ben Yarti Radio Relativa gure inguruko irrati independenterako egin genion elkarrizketa batera huts egin eta gero.

Arratsaldean agertu zen Suneo, goizeko hitzorduari patinetean ibiltzeko itzuri egin eta gero. Laido hori gorabehera, gure maketak Burningen eta The Cureren arteko erdibidean zeudela esan zuenean bereganatu zuen gure maitasuna.

Harrezkero, Madrilera egin zituen hainbat bisitatan, entsegu lokalean bildu ginen, eta hiru kantutzar egin genituen elkarrekin. Horietako bi gure diskoan daude, eta hirugarrena nola lapurtu pentsatzen ari gara orain, ze Renek reggaeton antzeko riff bat jarri zion gainera. Familiakoa da Suneo. Hemen Barbosarekin entzun ahal duzue, Radio Relativan ostera ere, jatorrizko bekatua garbitzen.

Planak horixe dira, planak, baina norantz bideratu nahi duzue taldea? Non egon nahiko zenukete hemendik urtebetera edo bost urtera?

Urtebeteren buruan, jaialdien gure benetako lehen urtea arrakastaz burutzen. Mapa lurraldean lurraldeko esklusibotasuna eta promotoreen arteko logikak errespetatzen dituen txintxetaz beteko dugu. Gure lehen diskoaren biraren amaiera aldera egongo gara, udazkenean bisitatu ez ditugun tokietara joaten eta gehien maite gaituzten tokietara itzultzen. Planaren arabera, beste disko bat izan beharko genuke prest ordurako.

Bost urteren buruan

Zer esango zenioke hilaren 11n Bilboko kontzertura joango denari?

Guretzat oso asteburu berezia dela, Juampiren uretebetetzea izango dela eta Suediatik etorriko dela gitarra hartu eta gurekin ospatzera.

Hainbat gauza eder gertatu zaizkigu Bilbon Getxoko baso hura eta Dario de Regoyos plaza bisitatu genituenetik. Eta Aritz arduratuko da soinuaz; eroso egongo gara, beraz.

Sarrerarik ez duenari ere zuzenduko gatzaizkio, pixka bat mugitzeko eragozpenik ez badute: datozela Iruñera, Gasteizera edo Logroñora. Gertu daude, eta badaude tarte batzuk. Marte Lasarterekin joko dugu.