Musika
Uztailak 15-21
Gasteizek hartu du jazzaren lekukoa
N. V. | EITB Mediia
Arabako hiriburuko musika jaialdiak Cécile McLorin Salvan, Michel Camilo, Tomatito eta Chucho Valdés artistak hartuko ditu, besteak beste, eta Trueno argentinar rap kantariak itxiko du programazioa.
-
Chucho Valdesek uztailaren 20an joko du. Argazkia: Innercat.
Gasteizko jazz jaialdiaren 47. edizioa gaur, astelehenarekin, abiatuko da, eta igandean, uztailak 21, amaitu. Denbora horretan, 50 kontzertu eskainiko ditu jaialdiak, eta agur esango dio, tarte batez behintzat, Principal Antzokiari, zaharberritze lan sakonak hartuko baititu.
Gainera, Mendizorrotzako agertoki nagusiak igandeko jardunaldia berreskuratuko du. Trueno argentinar rap kantaria arituko da, antolatzaileek publiko gazteagoa erakartzeko egin duten saiakeran.
Mendizorrotzako programazioa asteazkenean, uztailak 17, hasiko da. Pablo Martin Caminero Gasteizko kontrabaxu-jotzaileak estreinatuko du agertokia, NDR Bigbandek lagunduta: Terry Line Carrington bateria-jotzaileak, hiru Grammy sariren irabazleak, ere joko du egun horretan, "New Standards Vol. 1" proiektua aurkezten.
Ostegunean, Joel Rossek "Nublues" diskoa aurkeztuko du, argitaratu duen laugarrena, eta jazz modernoa joko du, Cécile McLorin Salvan eguneko kartelburuaren aurretik. Sullivan Fortner pianistak lagunduko dio abeslariari, eta "Mélusine" diskoa aurkeztuko dute biek.
Ostiralean, uztailak 19, Sumrrá galiziar hirukotea El Niño de Elcheri batuko zaio, eta Michel Camilok eta Tomatitok itxiko dute gaualdia, "Spain forever again" disko aurkezten.
Hilaren 20a egunik kubatarrena izango da: Yilian Cañizares biolinistak joko du lehenengo, eta Chucho Valdesen emanaldia etorriko da gero: Irakere taldeko hainbat kide batu ditu Valdesek bira honetarako, jazza, rocka, musika klasikoa eta Kubako herri erritmoak jazzarekin uztartu zituen taldekoak.
Azken eguna gazteei begira egongo da, Truenoren eskutik.