Musika
Uztailak 5-6
Arrasate, punkaren epizentroa
N. V. | EITB Media
Monterron parkeak Mondra & Roll jaialdiaren hirugarren edizioa hartuko du asteburuan, kartel zinez indartsuarekin: Cock Sparrer nekagaitzak, Sham 69, Madball boteretsuak, The Baboon Show arrakastatsuak, Bad Nerves freskoak…
-
Cock Sparrer taldeak "Hand On Heart" diskoa aurkeztuko du
Distortsioa, eztarria urratu beharrean kantatzeko leloak eta atsegin ez dena salatzeko hitzak barra-barra entzungo dira asteburuan Arrasaten. Mondra & Roll jaialdiaren hirugarren edizioak erruz proposatuko ditu punk, rock, oi! eta hardcore doinuak ostiral-larunbatetan, hilak 5 eta 6.
Mondra & Rollen hirugarren edizioa 18:20an irekiko du Larru Beltzak taldeak, eta ordu goiztiarra gorabehera publikoak eskertuko duen euskal punk rockaren hiruko dotore batek hartuko dio lekukoari oñatiar boskoteari: Arene 6k, Kaleko Urdangakek eta Brigade Locok.
Ondoren, Madballek, New Yorkeko hardcorearen (Agnostic Front, Cro-Mags, Sick of it All) bigarren belaunaldiko talde nagusietako batek, ohikoak dituen indar erakustaldietako bat egingo du, seguru asko, 22:30etik aurrera, Arrasateko agertokian, eta Sham 69 beteranoen txanda iritsiko da hurrena. Roy Ellisek itxiko du Mondra & Roll jaialdiko lehen gaualdia.
Larunbata
Bigarren jardunaldiko egitaraua Kontralde arrastear talde gazteak irekiko du, 18:20an, eta ondoren etorriko dira The Chisel (19:15), Bad Nerves rock-and-roll azkarra eta popa nahasten dituen britainiar taldea, High Vis eta The Baboon Show suediarrak (22:30), Euskal Herrian bigarren etxea eta publikoaren faborea aurkitu dituen taldea.
Gauerdian, Cock Sparrer punk rockaren eta oi!-aren mitoak ikusteko ordua iritsiko da. 1972an Londresen sortutako taldeak berrogeita hamar urtean zehar bildutako kantu klasikoak eta Hand On Heart aurten, hasi eta 50 urtera, argitaratutako disko azpimarragarrikoak joko ditu. Jarraian, Les Testarudes kataluniar taldeak itxiko du jaialdia.
Bi eguneko bonuaren prezioa 79,75 eurokoa da, eta eguneko sarrerena 38,5 (ostirala) eta 49.5ekoa (larunbata). 12 urtetik beherakoak doan sartu ahal izango dira.
Atariko elektronikoa
Mondra & Roll hasteko bezperan, ostegunean (hilak 4), Egurhotza jaialdia egingo dute Monterron jarritako azpiegitura baliatuta. 17:00etan hasita gauerdira arte, agertoki gainean izango dira Mutiko, Etxepe, Ebano, J Martina, Judeline eta Tatta & Denso.
Sarrerak salgai daude 30,25 euroan.