Itxi

Musika

22. edizioa

Nork esan du osteguna ez dela rock-and-rollerako egun aproposa?

N. V. | EITB Media

18:00etan, Mendizabalako esparruko ateak ireki, eta Azkena Rock Festival jaialdia hasiko da. Lehen egunerako menuan, Txopet eta Brigade Loco euskal taldeak, Whispering Sons belgikarren rock iluna, Ty Segall musikari hiperaktibo eta interesgarria eta Jane's Addiction 90eko hamarkadako beteranoak.

  • Jane´s Addiction laukoteak 23:35ean joko du Gasteizen

    Jane´s Addiction laukoteak 23:35ean joko du Gasteizen

Ikasturte amaierako afariak, sanjoanak, oporraldiaren hasiera, udaburuko ospakizunak… eta, Gasteizen, Azkena Rock Festival jaialdia. Udarekin iritsierarekin bat, gitarrek gidatutako rockak ez dio huts egiten Arabako hiriburuarekin duen urteroko zitari. Aurten ere, burrunbaka iritsiko dira Mendizabalara, hiru egunez, Jane's Addiction, L7, Ty Segall, Queens of the Stone Age, Redd Kross, The Real McKenzies eta PiLT, besteak beste, eta goxoxeago, Sheryl Crow, Mavis Staples eta Band of Horses.

Lehen egunean, bi euskal talde izango dira musika proposamena abiatzeko arduradunak: Txopet eta Brigade Loco; talde bergararra jo gabe gelditu zen iaz, larunbatean botatako erauntsien ondorioz, eta aurten kitatutako dute Azkena Rock Festivaleko musikazaleekiko zorra.

Bilbotarren kontzertua 18:15ean hasiko da, Respect agertokian; han entzungo dira Nahiz eta jausi beren estreinako disko luzeko kantuak: jarrera punka, oinarri erritmiko sendoa, autotunearen iragazkiak markatutako ahotsak eta, ororen gainetik, ahots melodia oso itsaskorrak.

Brigade Loco punk rock taldeak hartuko die lekukoa txopetarrei. 2022an beren Social Distortion miretsiek (hala azaldu zigun iaz Alex Arteaga Urrutia taldeko gitarristak) jo zuten agertoki bera, God izenekoa, zapalduko dute bergararrek azkenean, iazko saiakera antzuaren ondoren, 19:05etik aurrera. Berotzen jarraitzeko eta lelo batzuk airera oihukatzeko aukera emango dutela, zalantza gutxi.

Haien ondoren (20:05, Respect agertokia), karteleko misterioak argitze aldera entzundako proposamenen arteko ezusteko atseginenetako baten txanda izango da, Whispering Sons belgikar boskotearena. The Great Calm hirugarren diskoa aurkeztuko du Gasteizen post-punk talde ilunak, keinu popak eta Fenne Kuppens abeslariaren ahots sakon, misteriotsu eta iradokitzailea ikur dutela.

Iluntzearekin bat, bi apustu seguru aurkituko ditugu kartelean, nor bere moldean: Ty Segall kaliforniarra (21:10, God) eta Tarque & la Asociación del Riff (22:30, Respect). Kaliforniarrak bere errepertorio oparo eta askotarikoko alerik rockeroenak hautatzen baditu, zale zaharrak ase eta berriak aurkituko ditu, dudarik gabe, baina oparoa bezain ezin aurreikusizkoa da Segall.

Tarque M-Claneko kantariak, berriz, eskatzen zaiona emango du 22:30etik aurrera: bere ahots izugarria, talde oso fidagarri batek jotzen duen rock-and-roll klasikoaren gainetik, Tarque & la Asociación del Riff izenarekin argitaratutako bakarkako bi diskoetan erakutsi duenez.

Eguneko kartelburuak, Jane's Addiction 90eko hamarkadako rock talde estatubatuarrak, 23:35ean oholtzaratuko dira. Rock alternatiboa deitu zen horren aitabitxietako bat da taldea, Blind Melonekin, Stone Temple Pilotsekin eta beste hainbat talderekin batera, eta jatorrizko laukoteak joko ditu Gasteizen, besteak beste, Ritual de lo habitual disko arrakastatsuko kantuak; hots, Perry Farrel kantariak, Dave Navarrok gitarristak (One Hot Minute Red Hot Chilli Peppersen diskoan eta biran jo zuen, John Frusciantek taldea utzi zuen lehenengo aldian), Eric Avery baxu-jotzaileak eta Stephen Perkins bateria-jotzaileak.

Gogotsuenek Bonafide suediar hard rock taldea edo Ukelele Joe y sus Hula Shakers asturiarrak ikusten luza dezakete gaua, baina gogoan izan ostirala eta larunbata faltako direla oraindik.