Musika
Kontzertua
Bloñ, errealismo magiko sonikoa
Natxo Velez | EITB Media
Baxenabartar seikoteak Hori Bai Larrabetzuko gaztetxea sorgindu du bart, "Bañolet" websail-filmeko musika oinarri duen kontzertu liluragarrian. Hamar egunean egindako sei kontzertuko errenkadan azkena izan da Larrabetzukoa.
-
Bloñ, Larrabetzun
Domekak Hori Bain ziklo estimagarriak jarria zuen hitzordu atsegingarria Larrabetzuko gaztetxean, aukera ederra udaberri hondarreko igande arratsalde baterako: Bloñ seikote baxenabartarra, Bañolet kantuz diskoa aurkezten (2021).
Berrogeita hamar bat lagun batu zitzaizkion deialdiari, Bañolet websaileko (film formatuan ere aurkeztu zuten Durangoko Azokaren hirugarren Sormen Bekaren proiektu irabazlea, geroago) musika oinarri duen proiektuaren doinuez gozatzeko; Paxkal Irigoyen Etxeberrik (Ainhize-Monjolose, 1988) eta Maia Iribarne Olhagarik (Lasa, 1995) sortu eta zuzendutako ikus-entzunezko lana da Bañolet, Garazi eskualdeko herritarrekin auzolanean filmatua, eta berorren musika da Bloñ taldearen diskoko eta zuzenekotako mamia. Hain zuzen ere, Irigoyenek (gitarra, ahotsak) eta Iribarnek (ahotsa) gidatzen dute seikotea agertoki gainean.
Bañolet alegiazko herrian bezala, denetarik sartzen da seikotearen proposamenean ere: sinbolismoa, surrealismoa, emantzipazioari eta inozentziari buruzko hausnarketak, berbarako, websailean; jazza, rocka, ukitu progresiboak, funka, pop goxoa eta post hardcore printzak, musika taldearen katalogoan, fereka samurrenetik inarrosaldi kementsuenera.
Bañolet kantuz diskoa bezala, "Kikerak" eta "50" kantuekin abiatu da emanaldia bart, talde osoak sei ahotsez eta bi eltzagorrez egindako atarikoaren ondoren. Taldearen kartak, agerian hasieratik: bateria erritmo sinkopatu eta landuak (ederra Nicolas Armendarizen lana arratsalde osoan); arnasa, melodien eta harmonien artean (ez jotzea ere jotzea da); akorde aberatseko gitarrak; teklatu eta gitarra konponketa sotilak; baxu lerro tentsiodunak; intentsitate gorabeherak; eta, oroz gain, Iribarneren ahots zoragarria.
Ahots horren erakusgarri garbi izan ziren emanaldiko hirugarren eta laugarren kantuak: "Eihera" eta "Zauri" kantu delikatuen interpretazio zirraragarria egin zuten Irigoiyenek eta Iribarnek, bi-biek agertoki osoa beteta.
Esan bezala, baina, leuntasuna eta indarra uztartzen iaioak dira baxenafartarrak, eta "Erbiak" kantua da, esaterako, horren adibide biribila, atzo arratsaldean agerian gelditu zenez. Funk doinu jostariak eta gogoa ezinbestean Fugazi taldera eta gorputza balantzara daramazkigun riffa nahasten ditu pieza eder honek, berriz ere Armendarizek kantuak gidatzeko soilik ez, ezpada kantuak dirdirarazteko ere duen dohainari esker.
Bañolet ere bustitzen duen errealismo magikoak berezko dituen unibertso oniriko, irreal eta muga lausodunetan kulunka jarraitu zuen publikoak, Bloñek "Han" (ukitutik bultzadara, musikak hartuta), "Munduko hiritar" eta "Otsaila" kantuetan ezarritako doinuen altzoan, ordubeteko emanaldian, Bjorken bertsio eta guzti opari, akordeak finitu eta nor Bañoletetik bere mundura itzuli zen arte.
EHZ festibalean egongo da Bloñen eskutik Bañoleten barneratzeko hurrengo aukera, ekainaren 30ean, igandearekin.