Itxi

Musika

Heriotza

Adio zarataren druidari

Natxo Velez | EITB Media

Steve Albini rock alternatiboko ekoizle eta gitarristak bihotzekoa izan du, 61 urte zituela. Nirvanaren, Pixiesen eta PJ Harveyren diskoetan lan egin zuen eta, "Payola" diskoan, Berri Txarrakekin.

  • Steve Albini ekoizlea. Argazkia: Efe.

    Steve Albini ekoizlea. Argazkia: Efe.

Steve Albini estatubatuar musikari eta ekoizlea zendu da, Chicagoko bere estudioan, 61 urte zituela. Bihotzekoak jo du Albini, In Utero Nirvanaren diskoaren ekoizlea.

Albini musikaren artisau gisa jarduten zen, eta, egungo ekoizle asko ez bezala, ia teknikari lana zen berea, apenas ez zuen parte hartzen erabaki musikaletan. "Taldearen nortasuna soilik islatzen duten diskoetan lan egin nahi dut bakarrik", esan zien Nirvana taldeko kideei, beraiei bidalitako eskutitz batean. 1980ko eta 1990eko rock musika alternatiboaren soinu zakarra bermatzeko ezinbesteko aktorea izan zen Albini.

"Disko bat grabatzeko astebete baino gehiago erabiltzen bada, norbait txarto ari da", esan zuen Albinik. 

Nirvanarekin, In Utero diskoa egin zuen, baina rock zakarraren historiako beste hainbat talde eta bakarlari oinarrizkorekin ere egin zuen lan: Urge Overkill, Pixies (Surfer Rosa diskoan), The Jesus Lizard, PJ Harvey, John Spencer Blues Explosion, Neurosis, Mogwai…

Berri Txarrak taldeak Albinirekin grabatu zuen Payola diskoa 2009an, eta musikarentzat "egun tristea" dela idatzi du Gorka Urbizuk Instagram sare sozialean, Albiniren heriotzaren berri izan duenean.

Gitarrista ere izan zen Albini, eta Big Black eta Shellac taldeetan jo zuen. Hain zuzen ere, azken horren disko berria, "To All Trains", maiatzaren 17rako zegoen iragarrita.