Musika
Kontzertua
Fermin Muguruzak kontzertua eskainiko du Bilbon, 40 urteko ibilbide musikala ospatzeko
Natxo Velez | EITB Media
"FM Muguruza. 1984-2024" kontzertuan, abenduaren 20an, Bilbao Arenan, Kortaturen, Negu Gorriaken zein bakarkako lanetako kantuak entzungo dira. Sarrerak apirilaren 23an jarriko dituzte salgai.
40 urte dira Kortatu taldeak lehen kontzertua eman zuenetik, lehenbiziko bala lehertu zenetik; 34 urte Negu Gorriak lehenengoz taularatu zenetik, Herrera de la Manchan; eta 13 urte Fermin Muguruza (Irun, 1963) agertoki batera azkenekoz igo zenetik.
Gaur, bere 61. urtebetetzearekin bat, Muguruzak iragarri du oholtzara igoko dela berriz musika partekatzera, "zentsuraren eta azkenaldian herri gisa jasaten ari garen eskuin muturraren erasoen aurkako festa" izango den gaualdi batean.
Fronteko lerrotik ideia zabaltzeko gertu da berriz Fermin, aizkorak zorrotz, manifestua orraztuta eta sound system-a doituta. "Gutako askori eta herrialde honetako imajinario kolektiboari forma eman dioten uneak gogoratzeko" gaua izango dela esan du kantariak, milaka eztarri indartsuk "herri honetan zentsuraren gainetik aurrera egiten dakigula erakusteko".
Fermin Muguruza Parisen, 1993an. Argazkia: Stephanie Cousin.
"Oso argi eta ozen esan nahi diet: abenduaren 20an 'Sarri, Sarri' eta beste hainbat abesti gure indar guztiarekin kantatuko ditugu, herri honetan zentsuraren gainetik aurrera egiten dakigula erakusteko", nabarmendu du Muguruzak.
"FM Muguruza. 1984-2024" kontzerturako sarrerak asteartean, apirilak 23, jarriko dituzte salgai, 10:00etan, Fermin Muguruzaren webgunean.