Musika
Sarien 8. edizioa
Publikoak ebatziko du Musika Bulegoaren sarietako bat
N. V. | EITB Media
Maiatzaren 6ra arte, nahi duenak 2023 gehien gustatu zitzaion disko, kontzeptu edo proposamenaren alde egin dezake, 48 proposamen finalisten artean.
-
Janus Lester da publikoaren sarirako hautagaietako bat
Musika Bulegoa sarien, Euskal Herriko Musika Bulego elkarteak antolatzen duen ekitaldiaren, zortzigarren edizioak berrikuntza bat ekarriko du: Publikoaren Saria. Ohi bezala, epaimahai profesional batek ebatziko du zortzi sari zeinek irabaziko dituzten, baina, aurten lehenengoz, publikoaren esku egongo da sari bat nori eman.
Gaurtik aurrera 2023ko disko/kontzertu/proposamen gogokoenaren aldeko botoa eman ahal izango dute musikazaleek, 48 proposamen finalisten artean: Airu, Bas(h)oan, Eñaut Zubizarreta, Isabel Urrutia, Kuartela Kultur Elkartea, Maria Rivero, Sara Azurza, SK Efimeroak, Zatibi...
Pertsona bakoitzak behin bakarrik bozkatu ahal izango du bere artista gogokoenaren alde, Musika Bulegoak horretarako prestatu duen bozketa-plataformaren bidez.
Publikoaren bozketaren fasea 2024ko maiatzaren 6an, astelehenean, itxiko da, 23:59an, eta irabazlearen izena gainerako irabazleenarekin batera iragarriko da maiatzaren 15ean Iruñeko Zentral aretoan egingo den ekitaldian, Musika Bulegoa sariak banatzeko galan.
Bozketan parte hartzen duten guztien artean, Janus Lester artista nafarrak egun horretan bertan Zentral aretoan emango duen kontzertura joateko 4 sarrera bikoitz zozkatuko dira.