Donostiako Jazzaldiaren antolatzaileak oso pozik agertu dira gaur goizean, asteazkenarekin, bart bukatu den edizioari begira: "191.000 lagunek bete dituzte 5 egunetan, 16 agertokitan egindako 90 kontzertuak. Salgai zeuden 21 kontzertuetatik 15etarako sarrerak agortu egin dira. Guztira, 18.882 sarrera saldu dira, eta doako kontzertuetan 172.000 pertsona bildu dira". Joan berri den Jazzaldiko kontzertu gogoangarrienak aukeratzeko orduan, Julian Lage, Norah Jones, Joss Stone, Ben Harper, Ezra Collective eta Yosuke Yamashitarenak azpimarratu dituzte. Uztailaren 24an eta 25ean euria egin arren, jendea ez zela kikildu aintzat hartu dute jaialdiaren arduradunek, eta adierazi dute "aurten ere jarrera eredugarriarekin eta inolako gorabeherarik gabe" egin direla ekitaldi guztiak. Datorren urteko Jazzaldiaren datak ere aurreratu dituzte balorazioa helarazteko prentsaurrekoan. Berrogeita hemeretzigarren Jazzaldia 2024ko uztailaren 24tik 28ra izango da.