Musika
Elkarrizketa
Txopet: "Kontzertu hurbil eta energiaz betea eskainiko dugu Bilbao BBK Liven"
Natxo Velez | EITB Media
Txopet bilbotar taldeak piztuko du Kobetamendin Bilbao BBK Liveren 2023ko edizioaren garra. 17:30ean joko du post punk taldeak.
-
Txopetek 17:30ean joko du Bilbao BBK Liven
Gaztearen Maketa Lehiaketa irabazi izanak ekarri du bilbotar hirukotea Bilbao BBK Livera; Kobetamendin entzungo dira, horri esker, Txopeten post punk, rock eta pop doinu gustagarriak. Atariko ederra izan liteke emanaldia, udazkenean etorriko den bere lehen disko luzerako.
Osteguna, 17:30, Beefeater agertokia
Egon zarete inoiz Bilbao BBK Live jaialdian? Noiz?
Zenbait ediziotan egon gara; Bilbokoak izanda, erraz dugu heltzea, eta horrelako kontzertu handi eta bereziak ikusi egin behar ziren.
Noiz? Egia esan, urteak ez ditugu oso argi.
Zer oroitzapen dituzu jaialdian bizi izandakotik?
Giroa eta lekua ikaragarriak dira. Ez dugu oroitzapen zehatzik, soilik asko miresten ditugun artista batzuk ikusteko aukera izan genuela.
Kobetan ikusitako zer kontzertu duzue gogoan bereziki iltzatuta?
Agian azkenetarikoa izan zelako, baina LCD Soundsystem taldearen kontzertuak hitzik gabe utzi gintuen: soinua, eszenatokian zituzten traste guztiak.. Dena, egia esan. Ahaztuko ez dugun kontzertua.
Zer agintzen diozue, bai ala bai, zuen kontzertua ikustera gerturatzen denari? Zer aurkituko du publikoak seguru zuen emanaldian?
Kontzertu hurbil bat eta energiaz betea. Eszenatoki handiek eta horrelako jaialdi handiek kontzertuak normalean baino hotzagoak izatea eragiten dute, baina hori saihesten saiatuko gara.
Zer eskaintzen dio taldeari horrelako jaialdi erraldoi batean jotzeak?
Ez dugu oso argi. Aukera paregabea da beste giro batean gure musika aurkeztea, baina kontzertu bat gehiago da guretzat.
Berezia den zerbait bezala ikusten badugu, ez dugu behar bezala joko seguru antzetik.
Zer muga ezartzen dizkio taldeari, aitzitik, jaialdi handi baten barruko kontzertu batek, baten bat badago?
Jaialdietan, kontzertu asko dago eta dena joaten da arin. Zerbaitek huts egiten badu, agur.
Dena perfektu egon behar da, eta naturaltasuna pixka bat galtzen da.
Ordutegiak ahalbidetzen badizu, karteleko zein talde ez duzue galduko?
Batzuk daude: Idles, Arca, La Plazuela… Lehenengo egunean jotzen dugu, 17:30etan. Dena ikusteko aukera dugulakoan gaude.
Zer da agertokira irten aurretik egiten duzuen azken gauza?
Eszenatokian ur asko dagoela konprobatu, eta tapoiak jarri gor ez geratzeko.
Zer da agertokitik jaitsitakoan egiten duzuen lehen gauza?
Tapoiak kendu, ur asko edan eta arropa izerditua aldatu. Gero, kontzertuari buruz hitz egin eta gure artean zoriondu.
Zein da, ezagutzen duzuen jaialdietatik, zure gustukoena?
Egia esateko, agian egiten den txikienetariko bat: Nazafest.
Zein da ikusi zenuten lehen kontzertua?
Taldeko inor ez da gogoratzen: herriren bateko jaietan edo gurasoekin.
Zein da ikusi duzun azken kontzertua?
Honi erantzun diogunean, ekaineko bigarren astean, Ibil Bedi Bilboko Kafe Antzokian, ikaragarria.
Ikusitako zein kontzertu ez duzue sekula ahaztuko?
Kontzertu asko ikusi ditugu, ezin dugu bat aukeratu…
Zein da sekula ikusi ezingo duzun baina ikusi nahiko zenukeen kontzertua?
Black Sabbath, Julio Iglesias, Santana, Tito Puente eta Jimi Hendrix
Damutzen zara ahaztu nahiko zenukeen kontzerturen bat ikusi izanaz?
Txarra izan bada, seguruenik ez dugu gogoratzen. Ez dakigu.