Musika
Dirulaguntza
Paradisu Zinema musika beka sortu dute Elkarrek, EHZk eta Antxeta Irratiak
N. V. | EITB Media
Iñigo Muguruza musikaria gogoan, musikariei bideratuta dago, eta 10.000 euroko laguntza esleituko du euskarazko kantuekin diskoa grabatzeko.
-
Iñigo Muguruza zena omentzen du musika bekak
Iñigo Muguruza musikaria gogoan (Joxe Ripiau taldearen kantu bat da "Paradisu zinema" ), Elkar Argitaletxeak, EHZ Festibalak eta Antxeta Irratiak I. Paradisu Zinema Musika Bekarako deialdia egin dute, "musikarien lanak sustatu eta laguntzeko asmoz".
Jatorrizko eta euskarazko musika lanak aurkeztu ahalko dira, eta 10.000 euroko saria esleituko du epaimahai batek, diskoa grabatu eta Elkarren zigilupean argitaratzeko.
Parte-hartzaileek datu pertsonalak, proiektuaren azalpena (1-3 orri), eta lanean egongo liratekeen bi kanturen grabazioa bidali beharko dute ekainaren 30a baino lehen helbide honetara: paradisuzinemabeka@elkar.eus
10.000 euroko dirulaguntza izango da, % 50 Elkar estudioko orduetan, gutxienez hamar kantu grabatzeko, eta gainerako %50a argitalpen kosteak eta honen sustapena bideratzeko, 2024ko EHZ festibalean jotzeko aukera eskainiko zaio irabazleari.