Musika
Martxoak 3-5
Notak eta letrak 70 kontzertutan, Musika-Música jaialdian
N. V. | EITB Media
Musika klasikoko jaialdiak musika sinfonikoko eta ganbera musikako maratoia eskainiko du, besteak beste, Beethoven, Liszt, Txaikovski, Schubert eta Bizeten musikarekin eta Byron, Virgilio, Goethe, Ibsen, Shakespeareri eskainitako literatura keinuekin.
-
Bilboko Orkestra Sinfonikoak lehen kontzertuan joko du, besteak beste
Musika-Música musika klasikoaren Bilboko jaialdiak 70 kontzertu baino gehiago eskainiko ditu hiru egunean, Euskalduna jauregiko hainbat espaziotan eta Arriaga antzokian, martxoaren 3tik 5era, 22. edizioan.
Aurten lehenengoz, nazioarteko taldeak etorriko dira jaialdira, hala nola Vienako Ume Kantariak, Budapesteko eta Israelgo ganbera orkestrak eta Ensemble Masques. Les Percussions de Strasbourg ere egongo dira lehenengoz, "100 Cymbals" ikuskizuna eszenaratzeko.
"Notak & Letrak" izenburupean, programak "hainbat garai eta estilo artistikotako konpositore eta idazleen arteko elkarrizketak" arakatuko ditu, antolatzaileek azaldu dutenez.
Guztira, 1.400 musikarik hartuko dute parte jaialdian; ganbera musikako 45 minutuko emanaldiak izango dira, baita kontzertu sinfonikoak ere, hauen eskutik: Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Koral Elkartea, Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa eta Granadako Orkestra Sinfonikoa.
"El teléfono" opera
Jaialdiak opera bat programatu du, 20 urteko historian lehenengoz: "El teléfono" Maria Goiricelaya antzerkigile eta zuzendariak egokitutako lan komikoa (jatorrizkoa "The telephone, or L'amour a trois" Gian Carlo Menottirena da, 1947koa), ekitaldi bakarrekoa, zeinak telefonorako mendekotasuna jorratzen baitu eta opera gazteei gerturatu nahi baitie.
Sarrerak zortzi euroko prezioa du, eta agortuta daude dagoeneko ostiraleko estreinaldirako; larunbat-igandeetako saioetarako badaude, halere.