Itxi

Musika

Kronika

Hertzainak taldearen lehen agur-kontzertuak ez du huts egin

EITB MEDIA

"Azkena gure alde!" agur-biraren lehendabiziko kontzertua egin du bart, aurreikuspen guztiak betez. Bizkaiko publikoak beste aukera bat izango du gaur, Barakaldoko BECen berriro taldeak eskainiko duen bigarren ikuskizunarekin.

01:17

Hertzainak euskal rock musika talde handiak "Azkena gure alde!" bere agur-birari ekin dio lehen kontzertuarekin ostiral honetan jendez gainezka egindako Barakaldoko BECen. Gariren eta Josu Zabalaren taldeak lehenengo agurra eskaini zuten bart, eta ez da bakarra izango, larunbat gau honetarako beste kontzertu bat aurreikusita baitago, Barakaldoko BECen berriro, talde mitikoak dituen zale guztiak behar bezala agurtzeko.

Ikusi EITB Nahieranen bart Barakaldon eskainitako kontzertua osorik.

Publikoaren zoramenerako, abesti mitikoak jo zituen bart Hertzainak taldeak, hala nola, "Aitormena", "Ta zer ez da berdin", "Pakean utzi arte" eta "Hil ezazu aita". Bereziki, 40 urtetik gorako publikoa ikus zitekeen bart BECen, eta gradetan pistan bezain animatuta egon ziren gau osoan.

Bereziki hiru kantak zoratu zuten publikoa: "564", "Guantanamera" eta "Esaiok".

Kontzertuan bizitako poza igo dute ehunka lagunek sare sozialetara, ikuskizunaren bideoak partekatuta nahiz abestien letrak. Horien artean, pertsona ezagunak izan dira, besteak beste, Jon Maia bertsolaria edo Kike Amonarriz Topaguneko presidentea:

Bira honen ikuskizuna prestatzeko lanekin buru-belarri ibili ziren taldekideak azken egunotan, eta horren lekuko izan zen EITB Media:

Ez da oholtzari agur esateko asmoa erakusten duten lehen aldia, izan ere, 1993an taldearen jarduera gelditzeko gogoa adierazi zuten, arrazoi gisa "nekea eta euskal merkatuaren mugak" aipatuta:

41 urteko ibilbidearen buruan, azken akordeak joko ditu laster agertoki baten gainean Hertzainak taldeak: Errege Eguneko opari moduan, urtarrilaren 6an izango dira Gasteizen, Mendizabalan prestatuko duten karpa batean.

Itxiera borobila emango diote horrela birari, eta baita euren ibilbide berari ere, dena hasi zen hirian bertan bukatuko baitute. Guztira, ia 50.000 lagun batuko ditu hiru kontzertuetan euskal rockaren historian leku nabarmena irabazi duen talde handiak.