Musika
Ekainak 15-17
The Pretenders, Incubus eta Alter Bridge ere izango dira Azkena Rocken
N. V. | EITB Media
Gasteizko jaialdiak egunez eguneko kartela iragarri du, eta bihar jarriko dituzte eguneko sarrerak. Aurretik, Rancid, Calexico, Iggy Pop eta Lucinda Williams zeuden iragarrita, besteak beste.
-
Ostiralean joko du The Pretendersek, Chrissie Hynde bere buruak gidatuta
Azkena Rock Festivalek (ekainak 15, 16 eta 17, Mendizabalan) artista eta talde gehiago batu ditu bere kartelera, eta egunez eguneko kartela iragarri du. Rancid, Iggy Pop, Lucinda Williams, Calexico eta aurretik iragarritako gainerakoez gain, The Pretenders, Alter Bridge, The Undertones, Liher, Ezpalak eta beste asko egongo dira udaren atarian Gasteizen jotzen.
Ostegunean, Rancid punk rockaren talde historikoak joko du, baita El Drogasek (Barricadaren kantuen errepertorioarekin), Steve Earlek, Liherrek, Monster Magnetek, Lydia Lunch Retrovirusek eta Os Mutantes brasildar garage taldeak ere.
Ostegunean, The Pretendersen eta Chrissie Hynde talde horren buruaren txanda izango da, baita Incubus taldearena ere, zeinak iaz ezin izan zuen azkenean jo, eta Bones of Minervarena, Calexicorena, Earthlessena, The Guaposena, Gwarrena, Matchboxena, Pasadenarena, S8NT Slashen (Guns N' Roses) semearen taldearena eta The Undertonesena ere.
Azken eguneko protagonista Iggy Pop izango da, eta berarekin batera egongo dira Lucinda Williams, Alter Bridge, The Bevis Frond, Lucero, Melvins, Brigade Loco, Ezpalak, Jim Jones All Stars, The Nude Party, Ana Popovic eta Nat Simons & Cherie Currie.
Queensrÿche, ostera ez da egongo Azkena Rock Festival jaialdian, aurreko iragarpenean hala esan bazuten ere. Europako bira bertan behera utzi du taldeak.
14 urtetik beherakoentzat sarrera doakoa izango da, jaialdi osorako bonua salgai da dagoeneko, eta egunez eguneko sarrerak bihar, abenduak 15, jarriko dituzte salgai, 09:00etatik aurrera.