Musika
Elkarrizketa
Kepa Junkera: "Laguntza handia behar dut, eta oso esker oneko nago"
Natxo Velez | EITB Media
Bilbotar trikitilariarekin hitz egin dugu, iktusa izan eta ia lau urtera nola dagoen jakiteko.
2018ko abenduaren 5ean, dena erdiz erdi aldatu zen betiko Kepa Junkerarentzat eta haren ingurukoentzat: egun horretan, herri musikan zalantzarik gabe toki nabarmena duen musikariak iktusa izan zuen Belgikan, kontzertu bira bat egiten ari zela. Kasik lau urte geroago, errealitate berrira egokitzeko prozesu betierekoan aurrera jarraitzen du Junkerak urratsez urrats, berezkotzat duen adoreak bultzatuta: "Oso burugogorra naiz orain, lehen ere, eta izango ahal naiz gero ere".
Junkera elkarrizketatu dugu, familia tarteko dela, eta, hasteko, nola dagoen azaldu digu: "Izorratuta, esan ohi dudanez. Laguntza handia behar dut beti, eta oso esker oneko nago guztiokin".
Natxo de Felipe musikariak (Oskorri) Berpiztu trikitilariaren historiari buruzko dokumentalean esaten duenez "trikitiarentzat mundu berri bat amestu eta asmatu" zuen musikaria "pozik" dago, "ni baino okerrago dagoenik bada eta", baina, esan gabe doa, "seme-alabak eta familia sufritzen ikustea da zailena".
Kepa Junkera ('Berpiztu')
Iktusa, hain zuzen ere, gure gizartean desgaitasun kasu gehien sortzen dituen gaixotasuna da, eta heriotzen arrazoi nagusia, emakumeen artean. 2021ean, 11.700 iktus kasu zenbatu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; hots, horrenbeste aldiz eten zen odol isuria garunean edo apurtu zen bertan zain edo arteriaren bat. Hori gertatzen da, funtsean, iktusa izaten denean.
Azaroaren 20an, Junkera Bilboko Azkuna Zentrora bertaratu zen Berpiztu EITBren parte-hartzea duen dokumentala, Fermin Aio zuzendariak "esfortzuari, amets beteei, gaixotasunari eta mugak gainditzeari buruzko istorio"tzat definitu duen lana, aurrestreinatzeko ekitaldira, eta bertatik bertara jaso zuen ostera ere publikoaren maitasuna.
ELKARRIZKETA FERMIN AIO BERPIZTU FILMAREN ZUZENDARIAREKIN
"'Berpiztu' esfortzuari, amets beteei, gaixotasunari eta mugak gainditzeari buruzko istorioa da"
"Txundituta nago jendeak erakutsi didan maitasunarekin. Ez nuen halakorik espero", baieztatu du musikariak. Berriz ere, hainbat proiektutan buru-belarri murgilduta dago, hala nola Durangoko Azokan eskuragarri izango den liburu baten sorkuntza lanetan, zeinetan bere ibilbidea laburbildu baitute oso formatu txukunean: "Pentsatzera bultzatzen nauten lagun askoren laguntzaz jarraitzen dut".
Musika, noski, ez da isildu Junkeraren inguruan, eta "onen eta onenen" doinu eta erritmoak entzuten jarraitzen du, norberaren eta ingurukoen gorputz, emozio, pentsamendu eta errealitateak inarrosten dituen gaixotasunak eragindako orainari eta geroari egokitzeko lanean atertu barik ari delarik: "Oso zaila izan da denontzat, baina, gurasoengandik zerbait ikasi banuen, kexu ez izaten da hori".