Musika
Elkarrizketa
Bazka: "Espektatiba gehienak ezabatuta, libreago sentitzen zara nahi duzuna egiteko"
Natxo Velez | EITB Media
Boskoteak agertokietara eramango du, urriaren 7tik aurrera, "Basoaren ilunean dantza" diskoa, euskal rockaren urteko ezusteko atseginenetako bat.
-
Bazka taldea. Argazkia: Galder Izagirre.
Bazka taldea goizetik gauera irten zen publikoaren enkontrura aurtengo uztailean, ezustean. Taldeak aurreko abisurik gabe Basoaren ilunean dantza diskoa Bandcamp musika plataforman eskegi, eta orduan jakin genuen atabalen atzean Galder Izagirre (Dut, Kuraia, Berri Txarrak) batu zitzaiola Estricalla hardcore taldea osatzen zuen laukoteari (Fer Apoa abeslaria, Hodei Esteban eta Txomin Urriza gitarrak eta Erik Berganza baxua). Elkarlan hori ez zen hutsetik sortu, nolanahi den, Galderrek eta Ferrek Kuraian bat egin baitzuten lehenago, berbarako.
Lagun zaharren arteko indar-metatze horren emaitza den diskoak erronka jotzen dio entzuleari, Estricallaren hardcore akademiko eta bizitik abiatuta. Boskoteak ez dio, noski, bizkortasunari muzin egin ("Basati-yak" kantua, diskoaren hasiera, entzun besterik ez dago hori berehala berresteko), baina entzunaldiak pilatu ahala hazi egiten diren kantu erztunen (koroak, gitarra melodiak, bateria fillak eta akorde segida ezohikoagoak daude) segida ondu du oraingoan, energia sakontasunean ere aurkitzen duena, abiaduran ez ezik.
Gaurtik aurrera agertokien gainera lerratuko den kantu segidan, ia 28 minutuko diskoan, aurkituko ditugu hardcorearen nerbioa, post punkaren goibeltasuna ("Idi-bihotz"), eskandinaviar rockaren energia eta alaitasuna, melodia gogoangarriak ("Bhiena", "Balea eta izotza" eta gitarra eta ahots harmonia interesgarriak ("Oreinak"). Ez nuke esango osagai txarrak direnik, urriaren 7an Gasteizen abiatuko den birarako.
Hodei Esteban Pertusa gitarristarekin hitz egin dugu. "Gozatu" hitza zenbat aldiz erabili duen ikusita, hobeto ulertu dugu zer dagoen proiektuaren atzean.
Noiz bihurtu zen Estricallaren hurrengo diskoa izan behar zuena Bazkaren lehen diskoa? Non ikusi zenuten beste bide bat hartua zutela kantuek?
2019an, Estricallak atsedenaldi bat hartzea erabaki genuen. Batik, sorreratik bateria-jotzailea izan zenak, taldea utzi behar izan zuen, eta momentu aproposa iruditu zitzaigun atsedenaldi bat hartzeko.
Asko kostatu zitzaigun geldialdi horren ondoren berriz martxan jartzea, kilometro asko daudelako kide guztion artean, pandemiagatik, lanengatik, denok ditugulako beste musika proiektu batzuk… Azkenean, bateria jotzaile gabe ekin genion kantu berriak egiteari.
Zirriborro sorta bat osatu genuenean, Galderri eskaintza egin genion, eta diskoa prestatzen hasi ginen. Izena aldatzearena beti izan zen airean, baina protagonismo gehiegirik gabe; azkenean, aldatu egin genuen, baina bere horretan ere gera zitekeen.
Diskoa grabatzen ari ginen bitartean, izen berrirako proposamen gutxi batzuk bildu genituen, eta Bazkarekin geratu ginen. Batetik, musikalki dagoen saltoa ikusita, izen aldaketarena justifikatua dago, baina Estricallarekin jarraitzea ere logikoa zatekeen.
Beti izaten dituzu beldur batzuk proiektu bat zerotik hastean, baina ohartu gara espektatiba gehienak ezabatzean libreago ere sentitzen zarela momentu askotan, nahi duzuna egiteko. Polita izan da nortasun berri hori eraikitzeko bidea.
"Bazka" izena bera, Paul Vosen koadroa azalean, animalien aipamen etengabeak hitzetan eta izenburuetan, rockaren energia… Basakeria oso presente dago diskoan. Aurretik pentsatutako zerbait izan da? Zeri zor zaio?
Animaliak disko eta proiektu honen hari nagusi bilakatu dira, baina hori ez da hasieratik garbi genuen asmo bat, diskoa osatu ahala gorpuzten joan zen ideia baizik.
Kantuen hitzak idatzita genituen, baina oraindik ez genuen ez taldearen izenik, ez eta diskoaren azalik ere. Gauza bakoitza bere aldetik lotzen joan ginen, eta ia nahi gabe ohartu ginen denak lotura zuela. Denek zuten animaliekin zerikusia, eta basakeriak oso ondo definitzen zuen egiten ari ginena.
Horrekin kontrakarrean, gizatasuna leitmotiva da ia hitzetan, eta diskoa pentsatuta, prozesatuta dago oso, erraietatik ateratakoa izanagatik: ahots melodiak, koroak, gitarren arteko jokoak… Nolakoa izan da barrutik irtendakoa janzteko eta orrazteko prozesua?
Oso prozesu polita izan da. Lehen aipatu bezala, Estricallaren lozorrotik esnatzea ez zen erraza izan. Agian inoiz berriz elkarrekin jotzea lortuko ez genuela ere asimilatzen hasiak ginen ia, baina abestien sorkuntzari berriz ekitea lortu genuen, lan eta borondate handia jarrita.
Elkarrekin oso gustura gauden familia gara, eta elkarrekin jolasteko gogoek lortu zuten bideko zailtasun oro uxatzea. Kostatu zena ikusita, momentu bakoitza gozatzea genuen helburu. Ez dugu inoiz jakin noraino heldu behar garen, bideak zer ekarriko digun; beraz, uneoro pauso bakoitza gozatzea izan da helburua.
Elkarrengandik urrun, bakoitzak sortutako zirriborroak elkarri aurkeztu, bildu, eta kantuak fintzen joan gara. Lehenik, zirriborro nagusietatik egiturak zehazten, eta melodiak eta hitzak jartzen; ondoren, egindakoari beste buelta bat ematen, egindakoa zalantzan jartzen; poliki-poliki pausoka joan gara egun diren kantuak lortzeraino.
Oso dibertigarria izan da: kolore, intentsitate eta itsaso berrietan murgiltzeko aukera izan dugu, eta jolas oso interesgarria izan da guretzat. Askotan, kantuak sinpletzen amaitu genuen prozesua, eta beste batzuetan, kantuak detaile txikiz janzten. Zoragarria izan da beste behin familia honekin elkartu, sortu, eta prozesuaz gozatzea.
Argazkia: Galder Izagirre
Diskoan sartu dituzuen kantuak soilik grabatu zenituzten? Nolakoa izan zen Bonbereneko grabazio lana eta zer bilatu duzue Victor Garciaren masterizazioan?
Abestiren bat gehiago grabatu genuen, baina ez ginen produkzioa guztiz amaitzera iritsi. Esku artean genituen 16-18 zirriborroetatik, 12 bat landu genituen lokalean Galderrekin, eta hamarrekin joan ginen Bonbereneara.
Taldekideon bizileku eta lanengatik, ez zen erraza izan disko hau grabatzea, oso momentu gutxitan egon ahal izan ginen denok elkarrekin. Dena den, dagoenari ahalik eta zuku gehien ateratzea tokatzen da, eta oso harro gaude grabaketaz. Elkarrekin egon ginen momentu bakoitza gozatu genuen.
Txap (Karlos Osinaga teknikari eta ekoizlea) bezalako maisua ondoan izateak ere asko laguntzen du, eta lagunarte oso politean igaro genituen Bonberenean pasa genituen zazpi egunak. Ondoren, ahotsak Irunen grabatu genituen, Ferren etxean prestatu genuen estudioan.
Amaitzeko, masterizazioa Victorrekin egin genuen, konfiantzazko laguna hori ere. Estudioan lortu genuen soinua eta nahasketa ahalik eta gutxien ukituz grabazioari potentzia ematea zen helburua, eta oso txukun egin du bere lana Victorrek.
Kantu baten aurrerapenaren aurrerapenaren teaserra ohikoa dugun garai honetan, diskoa nahiko bat-batean kaleratu zenuten, aurreko abisurik eta aurrerapenik bota gabe. Zer dago estrategia edo estrategiarik ez horren atzean?
Batetik, nekea… Nekagarria egiten zait egun gure proiektuak zabaltzeko hartzen ditugun bideak. Ustez, espektatiba eta interesa sortzen pasatzen dugu denbora gehien, munduko talde eta enpresa handienek erabiltzen dituzten teknikak erabiltzen ditugu talde orok, milaka jarraitzaile zain izango bagenitu bezala, eta iruditzen zait zentzurik ez duela.
Bestalde, egiten ez dena ere kontatzen den garaiotan, interesgarria iruditu zitzaigun prestaketa guztian ezer publiko ez egitea, eta behin diskoa izandakoan aurkeztea dena. Instagrameko kontua sortu eta lau egunera disko osoa egin genuen publiko, singlerik gabe. Aurrerapenik gabe, aurrerapenaren aurrerapenik gabe. Gainera, uztaila hasiera zen, orokorrean, disko bat ateratzeko inork gomendatuko ez lizukeen garaietako bat.
Argazkia: Galder Izagirre
Espero zenuten proiektuak izan duen harrera ona?
Jaso dugun erantzuna ez genuen espero. Konfiantza gehieneko egunetan, lehen Estricalla jarraitzen zutenek jarraituko zigutela espero genuen, baina beste momentu askotan, inork jarraituko ez zigula ere pentsatu izan dugu.
Ez gara batere adituak sare sozial eta promozioetan, gehiegi konpontzeko asmorik ez dugun gure hutsuneetako bat da. Beraz, disko ahalik eta onena egiten jarri genituen indar denak.
Sekulako erantzuna jasotzen ari gara, eta jasotzen ari garen proposamen eta mezu guztiei erantzun ezinik ari gara. Oso gustura gaude orain artekoarekin.
Urriaren 7an, agertoki gainera eramango duzue baso iluneko dantza. Energia, areto txikiak… Zer espero dezake kontzertuetara bertaratzen denak?
Dantzatzeko gogo ikaragarria dugu; beraz, guk behintzat, jendea dantzarako gogoz etortzea nahi genuke. Elkarrekin dantzatu, izerditu, irribarre egiteko desiratzen gaude. Basoaren ilunean murgildu eta gozatzea da asmoa.
Ez dakit jendeak zer esperoko duen… baina datorrena gozatzera etor dadila! Ahaztu mugikorrak eta argazkiak… Kontzertu bizia eskaintzen saiatuko gara, eta despistatzen denak galduko du.
Diskoak ordu erdi baino gutxiago irauten du. Zelan osatuko duzue kontzertuetako kantu zerrenda?
Ez dugu diskoaz aparte material askorik prestatzeko denbora nahikoa izan… Diskoa izango da gure zuzenekoen oinarri nagusia, baina besterik ere izango dela aurreratu dezakegu.
Zuzeneko oso bizia izateko lanean ari gara, komeni da badaezpada ere bisen zain ez egotea dantza egiteko. Etorriko denari espektatibak etxean utzi, eta gozatzera etortzeko aholkatuko nioke.
Berez, Galderrekiko lankidetza diskorako zen, eta bira laburrera luzatu da. Zertan da "hitzarmena"? Bada luzatzerik? Zer etorkizun du Bazkak epe ertainera?
Bazkaren etorkizunari buruz ez dakigu ezer. Orain, azken urtebetean egindako lana eta bidea ospatzeko garaia da. Apenas izan dugu elkarrekin zerbezatxo bat hartzeko tarterik ere, eta bira diskoaren ospakizuna da guretzat, orain arteko lanaren ospakizuna, lagunekin toki kutunetan gozatu eta dantzatzeko garaia. Gerora zer izango den ez dakigu.
Teorian, Galderrek bere bideari ekingo dio, eta guk aurrera egin nahi dugu, baina ez dugu planik… Pausoz pauso joan nahi dugu, horrela pauso bakoitza gehiago gozatuko dugulakoan. Iritsi behar dena iritsiko da. Baina ziurra den bakarra, oraingoz, biratxo hau da. Dantza dezagun basoaren ilunean.
"BASOAREN ILUNEAN DANTZA" BIRA
Urriak 7 Gasteiz (HellDorado)
Urriak 8 Gernika (Iparragirre)
Urriak 14 Tolosa (Bonberenea)
Urriak 15 Donibane-Ziburu (Gaztetxea)
Abenduak 1 Bilbo (Kafe Antzokia - Kutxa Beltza)
Abenduak 15 Arrasate (Gaztetxea)
Abenduak 16 Leitza (Atekabeltz gaztetxea)
Abenduak 17 Hondarribia (Psilocybe)