Musika
Elkarrizketa
SA: "Gure kontzertuek sendoak, indartsuak eta fundamentuzkoak izan behar dute"
Natxo Velez | EITB Media
Soziedad Alkoholika gasteiztar talde mitikoak Azkena Rock Festivalen joko du gaur jaialdi horretan lehenengoz, aurtengo bigarren jardunaldia izango duen honetan. Juan abeslariak argi du: "Azkena Rock da, Gasteiz da, uda da ia, eta, aurten, SAkoak egongo dira azkenik. Hobeto ezin!".
-
SAk Azkena Rock Festival jaialdian joko du gaur, 23:15ean.
"Gasteiz" eta "rock" hitzak hizpidera ekarrita, bi izen agertuko dira baitezpada berandu baino lehen: Azkena Rock Festival jaialdia, batetik; eta Soziedad Alkoholika metal eta punk taldea, bestetik. Nolanahi den ere, jaialdiaren hogei urteetan eta thrash eta hardcore taldearen hogeita hamalau urteko ibilbidean, sekula santan ez dira uztartu gasteiztar rockaren bi ikurron bideak.
Anomalia hori gaur, ostirala, gauean konponduko da, atzo, besteak beste, Fu Manchuk eta The Offspringek ireki zuten rock jaialdiaren bigarren jardunaldian, 23:15etik aurrera, Respect agertokian. Ordu horretatik aurrera, gasteiztar boskoteak egurra emango du etxean "ohi baino urduriago", oraingoan, lagun eta senide artean egongo baitira.
Inor gutxik kenduko dit arrazoia SAren zuzenekoa txundigarria eta ia hutsezinezkoa dela baieztatzen badut. Argi gelditu da taldearen ibilbide osoan, baita oraintsu ere, kaleratutako azken diskoan, "En Bruto XIX" zuzenekoan. Baina etxean eskainitako azken bi saioak, 2018ko Gasteiz Callingen eta joan den martxoan Mendizorrotzan eskainitakoan, gogoangarriak, sekulakoak eta katartikoak izan ziren, nazioarte mailako edozein metal talderen mailako eszenografiak lagunduak eta jarrera eta soinu ezin hobearen erakusgarriak. Gasteizko kiroldegiko zimenduak, Soziedad Alkoholikak gaur gauean joko duen tokitik oso hurbil, bihurrituta egon bide dira martxoko gau hartaz geroztik. Eta jakina da: birritan datorrena, hirutan ere laster!
Gainera, bigarren jardunaldi honetan, besteak beste, Jerry Cantrell Alice in Chainseko gitarrista (adi, metalzaleok, Greg Puciato Dillinger Escape Planeko abeslaria baitu taldekide), Adia Victoria, Drive by Truckers, Afghan Whigs, Delirium Tremens, Social Distortion kaliforniarrak, Life of Agony eta Ilegales ere egongo dira.
Juanekin hitz egin dugu, SAko abeslariarekin.
Zergatik itxaron dugu hain luze SAk eta Azkenak bat egiteko?
Bada, ideiarik ez, egia esan. Geuk ere beti egin diogu galdera hori geure buruari. Nahiz eta hasiera batean rock jaialdia zen batik bat eta oraindik ere hori den estilo nagusia, edizio gutxiren buruan hasi zen estilo indartsuagoetako taldeak hartzen, eta uste dut hor oso ondo sar gintezkeela. Are gehiago, esan duzun bezala, gasteiztarrak izanik.
Baina, gauza bat dela edo bestea dela, orain arte ez da egon aukerarik. Eta han! 20. urteurren honetan kendu ahalko dugu arantza.
Egon zarete Azkenan publiko modura? Zer oroitzapen etortzen zaizu burura, jaialdian pentsatzean?
Tira, nik kristoren ondo pasatu dut. Etxean halako jaialditzarra izatea sekulakoa da, eta, gure agendak aukera eman didan bakoitzean, Mendizabalara etorri naiz nork jo behar zuen begiratu gabe ere ia. Azkena beti izaten da sekulakoa: sortzen den giro ederra, handik-hortik-hemendik honekin edo bestearekin topo egitea, abenturak partekatu eta lagunekin eta ezagunekin kontzertuez gozatzea...
Zein kontzertu dituzu bereziki akorduan?
Asko pentsatu gabe, Off taldearen kontzertuaren oroitzapen ona dut, adibidez, jaialdian ezagutu bainituen. Talde ezagunagoen kontzertuenak ere bai: Mastodon, Queens of the Stone Age, Danko Jones, The Hives…
A, eta Primusena ere bai! Ufa! Ikaragarria izan zen hura!
Soziedad Alkoholika
Zer sentsaziorekin ekingo diozue Mendizabalako kontzertuari?
Ohi baino urduriago. Etxean, kontzertuak bereziagoak izaten dira beti, eta niri zera handiagoa ematen dit. Horrelakoetan, badakizu publikoan dauden asko lagunak direla edo familiakoak etortzen direla, eta erantzukizun handiagoa sortzen dizu kontuak.
Halere, zorionez, hasi eta berehala ahaztu egiten da hori guztia, eta etxeko kontzertuak egundokoak izaten dira. Asko gozatzen ditugu, eta ondo baino hobeto pasatzen dugu.
Oso une gozoan zaudete kontzertuei dagokienez, eta asko zaintzen dituzue soinua eta eszenografia (argiak, sugarrak, ke kanoiak…). Nola eragiten dizue jaialdi batean jo eta, ondorioz, ikuskizuna talde gehiagoren parte-hartzera, ordutegietara eta beste egokitu beharrak?
Guretzat, zalantzarik gabe, soinua da garrantzitsuena. Beti soinu proba egin behar duten horietakoak gara, soinu ekipoari duen zarata guztia ateratzeko eta gure teknikaria ez dadin kontzertu osoan zehar ekipoarekin borrokan egon behar, dena kontrolpean izan dezan. Soinu proba egite aldera norabait egun bat lehenago joan behar bagara, hala egiten dugu.
Gainerako gauzak, tira, jaialdiaren edo agertokiaren azpiegiturak ahalbidetzen badu, saiatzen gara ez daitezen falta. Artilleria apur bat beti izaten da interesgarria, kar-kar.
Baina benetan inporta zaiguna zera da; gure kontzertuek sendoak, indartsuak eta fundamentuzkoak izan behar dute.
Taldearen jarraitzaileen aurrean jotzera ohituta zaudete, baina, Azkenan, zaleak ez ezik, bestelako publikoa ere izango duzue. Zein neurritan aldatzen du horrek kontzertuari aurre egiteko modua edo, esaterako, kantu zerrenda?
Ez gehiegi, egia esan. Jaialdietan, denbora gutxiago izan ohi dugu, eta, egiten ari garen errepertorioko kantuak aukeratzeko orduan, jaialdiaren estiloarekin gutxien uztartzen direnak kentzen ditugu normalean.
Baina tira, zer haizek jotzen gaituen ere. Batzuetan, guztiz kontrakoa egiten dugu. Mestizaje giroko edo guk rollito ona deitzen diogun gisa horretako jaialdiren batean errepertorioko kantu azkar eta bortitzenak utzi izan ditugu, distantzia apur bat jartzeko, kar-kar.
Social Distortion, Life Of Agony, Jerry Cantrell… Zer kontzertu ikusi nahiko zenituzke jo aurretik eta ondoren, bihar Zamoran kontzertua duzuela kontuan hartuta?
Tentuz ibili beharko dugu eta gehiegi ez su-piztu, kar-kar. Nik, zalantzarik gabe, Social Distortionekoak ikusi nahiko nituzke. Inoizko nire talde gogokoenetako bat da. Top 5ean ditut, zer esango dizut, bada. Guk bukatu eta berehala jotzen dute justu; beraz, azken gitarra kolpea jo eta ziztu bizian abiatu beharko gara beste agertokirantz.
Life of Agonykoak ere ikusi nahiko nituzke. 93ko diskoaren ondoren, beraien arrastoa galdu nuen, baina disko hori etengabe entzun nuen bere garaian, eta sekulako kantuak ditu.
Ilegalesekoei ere bisita egin beharko diegu, noski
Zer da publiko modura kontzertu bati eskatzen diozun gutxienekoa eta zerk asetzen zaitu kontzertu bat eman eta gero?
Ez naiz zorrotzegia ere. Ikusten ari naizen taldea egiten duenarekin gozatzen ari dela ikusten badut, bapo.
Musikari moduan, agertokian daudenen eta behean den jendearen artean beti egon behar den lotura sortzea maite dut, energiak batetik bestera egitea, bi norantzetan, eta elkar elikatzea. Horrela, denok gozatzen dugu.
Bi urteko geldialdiaren ondoren, nola bizitzen ari zarete errepiderako eta agertokietarako buelta eta nola topatu duzue publikoa?
Publikoa solte samar dabilela iruditzen zait, kar-kar. Behin baino gehiagotan gertatu zaigu jada, jotzeko txanda iristen zaigunerako jendeak aitzur galanta izatea. Publikoa kontzertu eta jaialdiak gogo handiz hartzen ari dela dirudi, eta, nahiz eta beti egon den ohitura goiz gelditu eta jaialdira joan aurretik trago batzuk hartzeko, irudipena dut jendea hain dagoela irrika bizian non neurritik irtenda ari den, kar-kar. Argi dago geldialdiko bi urteak berreskuratzeko gogoz dabilela jendea.
Gure aldetik, kuriosoa da: sekulako falta genuen errepidera itzultzeko, jakina, baina ematen du ez ditugula bi urte geldirik pasatu. Talde modura daramatzagun 34 urteetan, sekula ez dugu horrenbeste denbora pasa jo gabe, baina badirudi buruak tarte absurdu hau ezabatu duela. Lehen kontzertuan, nire kasuan behintzat, ohi baino pixka bat urduriago ibili nintzen, makineria osoak nola erantzungo ote zuen. Baina bukatu eta gero jantzigelara iritsi ginen, eta elkarri esan genion: "Nahikoa, ez da ezer gertatu. Bagaude geurean, aurrera":
Soziedad Alkoholika
Estudioko zuen aurreko diskoa, Sistema antisocial, 2017koa da. Baliatu duzue 2020tik 2022ra arteko geldialdia kantu berriak sortzeko?
Bada, ez. Egia esan, pandemian ez genuen horretarako beharrik izan. Etorri behar zena ikusita, hilabete asko egon ginen entsegurik ere egin gabe. Geldialdi behartu hori urte sabatikotzat hartu genuen, eta bi urtera luzatu zen.
Ez genuen geure burua behartuko egoeraren kontura. Kantuak prestatzeko eta konposatzeko gogoa izan behar da, eta ez zen hala izan.
Orain bai, hasi gara horri begira, baina ez dugu mugarik jarri epe aldetik-eta.
Zerbait esango zenioke Azkenara joateko dudatan ari denari?
Ez dezala dudarik izan. Azkena da, Gasteiz da, uda da ia eta aurten SAkoak egongo dira azkenean! Hobeto ezin! Kar-kar!