Musika
Koronabirusa
La Polla Recordsek Donostian eman behar zuen kontzertua bertan behera utzi dute
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak erdira murriztu du edukiera gune handietan eta antolatzaileek behin betiko suspenditu dute Aguraingo bandak agur esateko asteazken honetan Anoetako belodromoan eskaini behar zuen kontzertua.
-
La Pollaren kontzertu bat. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Last Tour enpresa sustatzaileak bertan behera utzi du La Polla Recordsek asteazken honetan Donostiako Anoeta belodromoan eskaini behar zuen kontzertua, Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko ezarri dituen neurri murriztaile berrien ondorioz.
Besteak beste, 5.000 pertsona baino gehiago bildu daitezkeen gune itxietan edukiera % 50era murriztea erabaki dute eta neurri horrek Anoetako belodromoan egin behar zen emanaldiari eragiten dio.
Hasierako planaren arabera, kontzertu hori irailaren 26an eta hipodromoan antolatu behar zuten, baina covid-19aren ondorioz hainbat aldiz atzeratu zuten eta lekuz aldatzea erabaki zuten.
"Oraingoan, baina, ezin dugu kontzertua gehiago atzeratu, La Pollak ez baitu gehiago joko 2022tik aurrera. Horregatik, eta edukiera baldintzak betetzeko edozein aukera diskriminatzailea izango litzatekeela ikusita, kontzertua bertan behera uztea beste aukerarik ez dugu", adierazi du Last Tourrek ohar batean.
Antolatzaileek esker ona adierazi diete zaleei denbora luzean zain egoteagatik eta zehaztu dute sarreren dirua automatikoki itzuliko zaiela 60 eguneko epean.
La Pollak Gasteizen eman zuen azken kontzertuan polemika piztu zen, txertoen kontrako talde bati agertokira igotzea utzi ziotelako.