Itxi

Musika

Elkarrizketa

"Ikuslearekin guztiz konektatzea da 'Vulk Ez Da'ren helburua"

Natxo Velez | EITB Media

Bilboko taldeak "Vulk Ez Da" aurkeztuko du igandean, azaroak 14, BBK Aretoan, zuzeneko musika eta aurretik grabatutako ikus-entzunezko materiala uztartzen dituen ikuskizuna.

  • Vulk. Argazkia: Xabier Ojinaga.

    Vulk. Argazkia: Xabier Ojinaga.

Vulk Bilboko laukoteak "Vulk Ez Da" diziplina anitzeko ikuskizuna aurkeztuko du igandean Bilbon, BBK Aretoan, Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren programazioaren barruan. Tituluak dioenez, ez da Vulk izango, eta, taldekideen hitzetan, "ez da kontzertua eta ez da bideo emanaldia".

Bada, Alberto Eguiluz post punk taldeko baxu-jotzailearekin hitz egin dugu, zer ez den jakin badakigula, "Vulk Ez Da" ikuskizuna zer izango den jakiten saiatzeko. Hasteko, urtarrilean aterako duten diskoaren, beren ibilbideko hirugarrenaren, izenburua izango dela jakin dugu.

Nola iritsi zitzaizuen "Vulk Ez Da" proiektua taularatzeko proposamena? Zergatik eman zenuten baiezkoa?

Egia esan, Zinebi izan zen baietz esan ziguna. Gu aurretik egindakoa ez bezalako ikus-entzunezko proiektu bat prestatzen ari ginen, oraingoan taldearen egungo egoerari eta transmititu nahi dugunari erabat zuzenduta. Guretzat, honakoa aukera bikaina zen ideia hau garatu ahal izateko.

Guretzat zuzenean jotzea bera, zuzenekoa, performancea, zer garrantzitsua den islatu nahi dugu… Diskoak ere erakusten du hori, taldekide guztiak batera jotzen ari garela grabatu baitugu. Jotzeko era organikoago hau, erraietatik ateratzen dena, islatu nahi genuen gure bideoetan.

Zer ikusi eta entzungo du publikoak?

Zuzeneko musikaren eta bideoaren arteko mugak hautsiko ditugu, zuzenean alboan izango baitugu Arrigurriko lantaldea, disko honetako bideoklipak izango direnak grabatzeaz arduratu den ekoiztetxeko jendea.

Gehienbat zuzenekoa egingo dugu, kamerak eta taldea batera lanean, bideoklipetan egin genuen bezala, grabaketa estudioan egin genuen bezala eta gure lokalean eta agertokietan beti egiten dugun bezala. Interludioak ere egongo dira, eta horietan ikusiko da disko berri honek, aro berri honek, zer dakarren.

Zer munta du irudiak Vulken proposamenean?

Beti saiatu gara taldeak islatzen duen irudia zaintzen, eroso gauden irudi bat aurkitzen behintzat.

Vulk. Argazkia: Aitor Mendilibar.

Vulk. Argazkia: Aitor Mendilibar.

Izango du jarraipenik "Vulk Ez Da" ikuskizunak?

Hasiera batean behintzat, ez. Guretzat, ekitaldi hau proba moduko bat da, musika egin eta erakusteko modu berriak aztertzeko aukera bat. Seguru asko, eragina izango du aurrerago egingo dugunean, baina ez dakigu zein neurritan.

Zuzenekoari beste jario bat emateko modua ere bada. Orain arte, asko baliatzen ginen publikoak itzultzen zigun energiarekin, eta azken bi urteotan oso bestelakoa izan da kontua, zuzenekoei aurre egiteko gure moduak ez zuen behar bezala aurrera egiten publikoa eserita eta maskara jarrita bazegoen. Ekimen honek publikoarekin erabat konektatu nahi du.

'Vulk EZ Da'. Argazkia: Aitane Goñi Landa.

'Vulk EZ Da'. Argazkia: Aitane Goñi Landa.

Urtarrilean, zuen hirugarren diskoa kaleratuko duzue. Zer aurreratu diezagukezue?

Atala estudioan grabatu dugu, Beran (Nafarroa), Iñigo Irazokirekin, talde osoa batera joz eta ia erabat zintan jasota. Bi urtean konposatutako lana da, eta denbora horretan taldekide aldaketa bat izan dugu. Chavik bateria utzi zuen, eta Jangitzek hartu zuen haren tokia; eta hitzak euskaraz egin ditugu orain.

Zer plan dauzkazue orain?

Jotzen jarraitu.