Musika
48 urte zituela
Whitney Houston abeslaria hil da
Erredakzioa
Komunikabideen arabera, Houston hilik aurkitu dute hotel batean. Haren managerrak ez du heriotzaren arrazoiak argitu. Abeslariak drogarekiko eta alkoholarekiko mendekotasuna izan du urte askoan.
Whitney Houston abeslaria larunbat honetan hil da, 48 urte zituela, CNN AEBetako telebista kateak zabaldu duenez. Informazioa artistaren managerrak baieztatu du, heriotzaren nondik norakoak argitu ez baditu ere.
80 eta 90eko hamarkadetako poparen erregina Beverly Hilton hotelean zegoen Grammy sari banaketan parte hartzeko asmoa baitzuen. Beverly Hillseko Poliziak baieztatu zuenez, Larrialdi Zerbitzuek hotelaren abisua jaso zuten eta bertara hurbildu ziren.
Hoteleko laugarren solairuko logela batean, 15:30ean (00:30ean hemengo orduan) Houstonen hilotza aurkitu zuten. Hogei minutu eman zituzten hura indarberritu nahian baina ez zuten lortu. Dirudienez, gorpuak ez zuen indarkeria zantzurik baina heriotzaren nondik norakoak oraindik argitzeke daude.
"Harekin zeuden lagunek eta senitartekoek abeslaria bera zela egiaztatu dute eta familia jakinaren gainean dago dagoeneko", azaldu die kazetariei Mark Rosen tenienteak.
Auzitegiko medikuek autopsia egin ostean, handik egun bat ala bi egunetara zabalduko dituzte ondorioak baina Houstonen odolean drogaren edo alkoholaren arrastoak aurkitzen baldin badituzte, litekeena da emaitzak ezagutzeko 6-8 aste itxaron behar izatea.
Doluminak musika munduan
Abeslariari omenaldiak nonahi zabaldu dira. Interneteko sare sozialetan eta baita eszenatokietan ere tristura da nagusi. Mississippin abesten zegoela, heriotzaren berri izan du Bobby Brown Houstonen senar ohiak. Brown negar egiten hasi da, 'Whitney, I love you!" oihukatu du eta zerura musuak bota ditu.
Arrakastaz beteriko abeslaria
Houstonek 170 milioi disko baino gehiago saldu zituen eta haren azken abestia aurten kaleratzea aurreikusita zegoen. 'Sparkle' 1976. urtean ateratako abestiaren bertsio bat zen. Houstonek drogarekiko eta alkoholarekiko mendekotasuna izan du luzaroan eta 2011n zaletasun horiek gainditzeko laguntza eskatu zuen.
Houstonek gospel, pop eta R&B (Rhythm and Blues) musika estiloak landu zituen, baina beste alor batzuk ere jorratu zituen; izan ere, aktore, musikagile, ekoizle, enpresari eta modeloa ere izan zen.
Houston 'The Voice' izengoitiarekin zen ezaguna eta ospe handiena 1985ean lortu zuen, bere izena zuen diskoaren 30 milioi kopia saldu zituenean. Historian emakumezko baten lehen lanak inoiz lortu duen arrakasta handiena eman zion.
Bi urte geroago bigarren lana atera zuen, eta beste marka bat lortu zuen horrekin: Bilboard 200 zerrendan sartu eta lehen postua eskuratu zuen lehen emakumezkoa izan zen. Halaber, salduenen artean lehen postuan denbora gehien pasatu duen artista da. 50 aste eman zituen lehen postuan 'Whitney Houston', 'Whitney', 'Waiting to Exhale' eta 'The Bodyguard' film ezagunaren soinu-bandarekin.
Guztira, estudioko zazpi album, hiru soinu-banda eta 53 single kaleratu zituen, eta azken horietako hamaika lehen postura iritsi ziren Billboard Hot 100 zerrendan. 'I always love you' (1992ko azaroan kaleratu zuen) emakume baten singlerik salduena bihurtu zen. Sei Grammy sari, bi Emmy, 30 Billboard Music Award eta 22 American Music Award irabazi zituen.
Zinema munduan ere aritu zen eta bi filmetan parte hartu zuen: 'The Bodyguard' (1992) eta 'The Preacher´s Wife' (1995).