Itxi

Musika

2022ko edizioa

Bilbao BBK Livek The Killers eta Pet Shop Boys berretsi ditu 2022rako

N. V. | EITB Media

Bilboko jaialdiaren 2021eko edizioa hasi behar zen egunean, antolatzaileek adierazi dute uda igarotakoan iragarriko dutela 2022ko edizioaren kartel osoa, ahal dela "testuinguru itxaropentsuagoan".

  • The Killers taldea, 2017ko Bilbao BBK Liven

    The Killers taldea, 2017ko Bilbao BBK Liven

Gaur hasi behar zen Bilbao BBK Liveren 15. edizioa, baina bertan behera gelditu da, denok dakizkigun arrazoiak tarteko, eta 2022ko uztailaren 7, 8 eta 9an entzungo dira musika doinuak berriro Kobetamendin.

Gaur, musika jaialdiaren antolatzaileek dagoeneko 2021eko ediziorako iragarrita zeuden artista eta talde batzuk 2022ko kartelean izango direla iragarri dute: The Killers, Pet Shop Boys, Placebo, Bomba Estéreo, Caribou, BICEP live, Supergrass eta slowthai.

2021eko kartelean ziren gainerako artista guztiekin negoziatzen jarraitzen dutela ere adierazi du Last Tour enpresak, jaialdiaren antolatzaileak, eta "artista berri eta garrantzitsu gehiago" iragarriko dituztela ere aurreratu dute.

Uda igarotakoan izango da hori, nolanahi den. "Urtebete baino gehiago daramagu kontzertuak eta jaialdiak atzeratzen eta bertan behera uzten. Horregatik, gauzak apur bat lasaiago hartzea eta zuhurrago jokatzea erabaki dugu, eta uda igaro arte itxarongo dugu kartel osoa iragartzeko; testuinguru positiboago eta itxaropentsuago batean izatea espero dugu", argitu dute.