Musika
Elkarrizketa
"'Emadan'en ez dago onik eta txarrik; horregatik da galderaz jositako diskoa"
Natxo Velez | EITB Media
Eneritz Furyak musikariak “Emadan” diskoa kaleratu du, elektronikak babesten dituen ahots eta gitarra melodien bilduma.
-
"Emadan" diskoa kaleratu du Eneritz Furyak musikariak
Lurralde askea da Eneritz Furyaken musika entzulearentzat; gitarra eta ahots melodiak eta giro elektronikoak libre hedatzen dira ezker-eskuin, gora eta behera, “Emadan”eko hamar kantuetan zehar, patroi erritmiko zurrunik gabe. Hitzak ere molde hertsirik gabeak dira unibertso horretan, iradokitzaileak.
Zenbat entzule, hainbat bidexka hartzen ditu edozein kantuk, jakina denez, eta hori oso agerian gelditzen da “Emadan”en (Farmway Records, 2021), Eneritz Furyaken bigarren disko luzean. Ahots xuxurlari eta gitarra akustiko meheak konponketa elektronikoen babespean datoz lan honetan, eta artistarekin hitz egin dugu, berorretaz gehiago jakin nahian.
Esana duzunez, diskoa hausnarketa baten ondorioa da, eta “mugarritzat” jo duzu zure ibilbidean. Zer bide berri urratu nahi izan dituzu disko honekin?
Kantuoi azaletik soilik begiratuz gero, eta gitarra eta ahots hutsez grabatu izan banitu, bestelako gehigarririk gabe, esan nezake disko hau erraz izan zitekeela aurrekoen bideari jarraitzen dion lan bat soilik. Baina haren aurrean gelditu eta sakonago aztertzen jarrita, gezur potoloa litzatekeela esango nuke.
Hortaz, azaletik hasita, lehendik geratu dena konposatzeko modua da, gitarra eta ahotsaren arteko jolas hori; berrikuntza elektronika litzateke.
Ostera, azaletik sakonera begiratuz gero, askoz ere gauza gehiago aldatu dira: melodien hautaketa zoliagoa da, ahotsak protagonista izaten jarraitzen duen arren musikari leku gehiago utzi dio, hitzak koherenteagoak dira eta, jakina, atmosfera konkretu batean kokatu dut hori guztia, agian lehenago egiten ez nuen modu batean.
Hitzak ireki eta iradokitzaileak dira, interpretaziorako tartea uzten dute, baina, horietako zenbaitetan, ausartzeko, argira egiteko, aldarria dago. Bulkada hori dago “Emadan”en forma eta funtsaren atzean, beraz?
Uste dut bizitza ikusteko modu bat dagoela hor, gauzak muturreraino eraman arren, zuri edo beltz pururik ez dela onartzera zaramatzana eta azkenean erabaki bat hartzea ezinbestekoa dela ikusarazten dizuna.
“Emadan”en ez dago, oro har, onik eta txarrik; horregatik da galderaz jositako disko bat.
Aitzitik, diskoko doinuei giro iluna hartu diet, melodia eta konponketa elektronikoetan batez ere. Bat zatoz? Gustura aritzen zara lurralde musikal horietan?
Bai, argi-ilun horien artean kulunkatzen dira kantuak, baina beti jotzen dute gehiago alde ilunera.
Esango nuke nire lekua hori dela, baina kontrastearen (eta hitzetan ere kontraesanen) zale naizen neurrian ere, askotan bilatzen dut hitz argiak dituen kantuan melodia iluna eta alderantziz.
Hala ere, “Emadan”ena iluntasun neurtua dela esango nuke, askoz ere ilunagoa izan zitekeela, baina xalotasun puntu hori ez dudala kimatu nahi izan, nolabait.
Gitarra, ahotsa eta hitzak dira diskoaren ardatza, baina elektronikak pisu handia du. Zelan definituko zenuke lau elementu horietako bakoitzak zure musikari egiten dion ekarpena?
Disko honetako kantu guztiak 2020 baino lehen idatzi nituen, gitarra eta ahots hutsez, baina, idatzi nituenean, banekien, alde batetik, bestelako forma eman nahi niela kantuei, eta, bestetik, osotasun bat erakusteko gai izango zen disko bat sortu nahi nuela, eta ez soilik kantu bilduma bat.
Elektronikarako pausoa 2020ko urtarrilean eman nuen, beldur eta ezjakintasunetik. Esango nuke ia lorik egin gabeko aste bakarrean sortu nituela elektronikari dagozkion alderdi guztiak, autozentsurari apur bat uko eginda eta nahiko modu dadaistan.
Azkenean, paradoxa dirudi, baina gitarratik konposatzen hasi nintzen disko honek, izatez, ez du gitarraren beharrik. Utzi ditut gustatzen zaizkidalako eta lanari bestelako soinua ematen diotelako (ez da elektronika hutseko disko bat horrela), baina elementu perkusiboa da ia soilik, hezurdura bat.
Kantuak espazioan eta denboran kokatzen edo hortik atera eta errealitate onirikoago batera eramaten dituena elektronika da; ahotsa, berriz, ezinbestekoa, diskoaren gidaria da, mamia eta melodia nagusia ere markatzen dituena.
Etxeko estudioan grabatu dituzu zuk zeuk sortutako kantuak. Nola antolatu duzu hori eta noiz erabaki duzu kantuek buelta nahikoak zituztela eta diskoa bukatuta zegoela?
Bitxia da, baina gitarra eta ahotsa birritan grabatu nituen gustuko nuena topatu arte, eta orain ohartzen naiz kontua ez zela grabazioa ona ez zela, baizik eta grabatu ahala konposizioari dagozkion erabakiak hartu nituela, batez ere dinamikari eta erregistroei dagokienez (hau jo xuabeago, hemen kantatu ahots grabez, haur ahotsez)…
Gitarraren eta ahotsaren kasuan, egia da nolabait “arauari” ez niola uko egin nahi izan eta bakoitza egun bakarrean grabatuta dagoela, mikroen kokalekua errespetatzeko eta egunetik egunera giza ahotsa aldatu egiten delako.
Elektronikaren kasuan, sekula horrelakorik egin gabea nintzenez, senari jarraitu nion eta hor ez zen araurik izan.
Nahasketari eta masterizazioari denbora luzea eskaini genizkion. Nik nahasketa nagusi bat egin nuen, eta orduan ikusi nuen lehen aldiz diskoa grabatzeko lana bukatua zela, ez lehenago. Gero, Mono Irazik egin zuen azken nahasketa eta masterizazioa, eta bukatua zen lan horren distira atera zen azalera.
Zure bigarren album luzea da “Emadan”, eta oso zainduta dago “album” izaera hori, nola koherentzia liriko eta musikalean hala aurkezpen dotorean. Ahalegin berezirik egon da arlo horretan?
Bai. Esan bezala, hasieratik nuen argi disko bat zela helburua, ez horrenbeste kantu solteak. Xehetasunetan sartuz gero, gainera, lehen lau kantuak jarraian konposatu nituen, nahita, pasarte ezberdinak dituen sinfoniatxo bat balira bezala.
Ahalegin berezia, hala ere, “Emadan”en ongi ez zetozen kantuei agur esaterakoan etorri zen. Baziren maite nituen kantuak disko honekin ez zetozenak bat, eta disko kontzeptuaren alde egin behar izan nuen, kantu horien kalterako.
Nola joan dira aurkezpen kontzertuak? Nola bizi izan dituzu kontzertu berri hauek?
Bada, hasieran beldur eta ilusio zurrunbilo handiarekin. Ez dira inoizko garairik arruntenak disko bat ateratzeko, eta niretzat diskoko soinuak neurri handian errespetatuz oholtzara eramatea erronka bat zen, besteak beste, teknikoki, sintetizadoreak oinetarako pedal batzuekin jotzen baititut kantatu eta gitarra jo bitartean.
Eneritz Furyaken zuzenekoetako ekipamendua
Esango nuke kosta zaidala “Emadan”ekin zuzenean gozatzen hastea, baina hasi gara elkar ulertzen diskoa eta ni zuzenean ere, eta badakit entzuleak hori beste modu batean jasotzen duela.
Eta orain, diskoa kalean dela, zer? Zer opa diozu “Emadan”i eta Eneritz Furyaken ibilbideari? Zer helburu dituzu?
Astebetean iraungitzen diren singleen garaian bizi gara. Hortaz, hamar kantuko disko bati, eta nik harengan sinesten dudala kontuan hartuta, irautea opa diot gehienbat. Eta entzuleren batek bere sentitzen baditu diskoan musikalki edo hitzez kontatzen direnak, horrekin pozik naiz.
Helburu praktikoagoei begira, batez ere disko hau oholtzara maiz eraman ahal izatea da asmoa, hori baita egun musika konpartitzeko dugun biderik zuzen eta errealena. Helburuak hamaika ditut, baina batez ere sortzen jarraitu nahi nuke, eta horretarako bidea duina izan behar da neurri batean.
Bukatzeko, aukeratu, mesedez…
Euskal talde edo bakarlari bat: TOC taldeak harrapatu nau azkenaldian
Atzerriko talde edo bakarlari bat: Chicharrón galiziarrak
Kantu bat: Moxalen “Azalgorri”
Idazle bat: Colette
Areto kutun bat, kontzertuak jotzeko: Aspaldi ez dut han jo, baina Trintxerpeko Mogambok gauza asko irakatsi dizkit
Kontzertu gogoangarri bat, ikusle moduan: Irungo Moskuko jaietan edo Lakaxita Gaztetxeko Jaionen ikusitako asko eta asko… edo Archive taldearen 2019ko birako kontzertua Bordelen