Musika
Abonu denboraldia
Euskadiko Orkestrak Erromantizismoari begiratuko dio 2020/2021 denboraldian
eitb.eus
Lehenengo bi programak ezohikoak izango dira, egutegi eta ezaugarriei dagokienez, pandemiaren ondorioz. Mikel Urquizaren “Nire itsas munstroak” lana estreinatuko du Orkestrak, besteak beste.
-
"Euskadiko Orkestra" hartuko du taldeak izen bakartzat
Euskadiko Orkestrak izana eta izena aldatuta egingo du 2020/2021 abonu denboraldia, irailaren 25ean Gasteizen hasi eta 2021eko ekainaren 17an hiri berean amaitu bitartean. “Euskadiko Orkestra” izena erabiliko du aurrerantzean taldeak (EO, OSE, EOS eta gainerakoak baztertuta), marka indartzeko, eta nazioartean “Basque National Orchestra" gisa aurkeztuko du bere burua.
Hain zuzen, nazioartera itzultzeko asmoa du taldeak. 2021eko apirilean Udine, Bergamo, Brescia (Italia) eta Zabgreb (Kroazia) bisitatu nahi dituzte.
Lehenengo bi abonu programetan aldaketak egongo dira, dena dela, covid-19aren pandemiaren ondorioz, edukieraren % 50 bakarrik bete ahal izango dutelakoan: lehenengoan Schuberten lanak joko dituzte, saio bikoitzaetan (18:00 eta 20:15), eta bigarrenean Wagnerren lanak entzungo dira eta kontzertu bat baino gehiago joko dute hiri bakoitzean.
Salbuespen horiek kenduta, Bilbo, Donostia eta Iruñeko kontzertuak 19:30era aurreratzea erabaki dute, baina Gasteizen 20:00etako ordutegiari eustea erabaki dute, hiri bakoitzean egindako inkesten emaitzetan oinarrituta.
Erromantizismoa
Denboraldiaren ardatza Erromantizismoa izango da oraingoan: Schubert, Schumann… Eta Wagnerrek ideia eta mugimendu kultural hori nola hautsi zuen ere erakutsi nahi du Orkestrak.
Gainera, euskal musikari dagokionez, “Elkano: Mundubira” proiektuaren beste pieza bat aurkeztuko du Euskadiko Orkestrak: Mikel Urquizak hartuko du lekukoa, maiatzean estreinatu ezin izan zen “Nire itsas munstroak” obrarekin.
Halaber, Euskadiko Orkestrak, Kalakanekin, Aire Ahizpekin eta Amets Arzallusekin batera, Xalbador bertsolariaren irudia ardatz duen grabazio bat egingo du.
Abonu eta sarreren salmenta apur bat aurrerago jarriko dute martxan, egungo egoera nahasia argitutakoan.