Itxi

Musika

Egunerokoa

Willis Drummonden "Zugzwang Tour" biraren egunerokoa (I)

Jurgi Ekiza

Bilbon eta Atabalen jo eta gero, Japoniara, Australiara eta Tahitira eramango dute diskoa Willis Drummondekoek, eta hemen kontatuko dizkigute biraren nondik norakoak.

  • Willis Drummond

    "Lortu dugu. Hiruak lehen hegazkinean gara". Argazkia: Willis Drummond.

2020-02-12 10:42
Hiruak.
Lortu dugu. Hiruak lehen hegazkinean gara. Bordeletik Parisera eramanen gaitu eta handik Tokiora joanen gara. Lortu dugu. Ez dut hori erraten musikariaren fama txarrak sinestarazten ahal lukeen bezala, zaila baitzaigu egunsentia baino lehen esnatzea, ez gara «cliché» hauetakoak. Ez dugu izan inolako arazorik bidean ala aireportuan ere. Baina erran dezagun azken bi asteak nahiko kargatuak eta nahasiak izan direla.

Atabaleko aurkezpen kontzertua harrigarria izan da, momentu handia, areto bete-batean, eta emozio harrigarri batekin. Baina besta bera nahiko izorratua izan zen. Publikoak besta segitzen zuen bitartean, eta zale batzuekin solasean ari nintzen bitartean merch mahaian, Felixek Xan eramaten zuen urgentzietara, erakusteko kontzertu denboran egindako zauria eta kolpea...

Eta hortik 10 egun luze izan dira, ez ginelako ziur Xan etorriko ahalko zenetz, eta bira bera mantendu ahalko genukeenetz. Egoera azken egunetan hobetu zen, eta azkenean, bai hegazkinean gaude hiruok.

Eta emozioak ez dira falta izan azken egun hauetan, paraleloki gainera, abiatu baino lehen grabatu behar genuelako kanta bat, 2020 urtean zehar argitaratuko den “Ane” pelikularen soinu banda ofizialarentzat... Atzo eguerdian amaitu genuen nahasketa, eta justu utzi zigun maletak prestatzeko denbora... Pizza bat jan, zenbait orduz lo egin, eta hor gara hiruak. Hiruak lehen hegazkinean, eta poz-pozik. Pozik grabatutako «Nahi eta nahi ez» kantarekin benetan (ze gogoak entzunarazteko!), pozik joatea egin behar guzia egin dugula sentsazioarekin, eta, bistan da, pozik orain biziko dugun abentura paregabe horren aurrean. Hilabete bat, 3 herri, 15 kontzertu... hiruak.

2020-02-13 08:25
Iristear gara... Gaurik ez da zinez existitu, eta eguna itzuli da jadanik. Zeru urdina eta itsaso xuria ikus dezakegu berriro...

2020-02-13 11:10
Bus. Minami Machidaruntz.
Deus ez ulertu, baina ongi sentitu hala ere. Hori da Japonia... Normalean, ulermen faltak ala arrotza denak tentsio bat sortzen ahal du, ala beldur bat bederen. Baina hemen nagusi diren lasaitasuna, isiltasuna eta metodoari esker (metodoa hitza ordena baino aproposagoa iduritzen zait), ez da holakorik sentitzen...

Iritsi gara aireportura, bai gu, baita gure tresnak ere, eta egin behar guziak egin eta gero, autobusa harrapatu dugu, Minami Machidaruntz. Han bizi da bira muntatu digun promotore eta adiskidea, Shogo. Ze gogoak bera eta Txako bere laguna berriz ikusteko...

Gaur aukera izanen dugu momentu lasai bat elkarrekin pasatzeko, bihar goizean goiz aterako behar garelako Hakuban emateko gure lehen kontzertua... Beste esperientzia berri bat biziko dugu gainera, hemengo furgoneta bat erabiliko dugulako, eskuineko bidean gidatuz, 37 milioi jendeko hiri batean.