Musika
Elkarrizketa
Niño de Elche: "Inprobisazioa jarrera da, ekintza baino gehiago"
Natxo Velez | eitb.eus
Alacanten jaiotako musikari eta flamenko-kantariak “Colombiana” diskoa aurkeztuko du Donostian (otsailak 16) eta Barakaldon (martxoak 20).
-
Otsailaren 16an Donostian eta martxoaren 20an Barakaldon egongo da. Argazkia: Álvaro Perdices.
Francisco Contreras Niño de Elche (Elx, 1985) kantaore heterodoxo, oparo, geldigaitz eta berritzaileak Amerikara begiratu du “Colombiana” (Sony Music, 2019) Eblis Alvarez kolonbiar ekoizle eta musikariarekin (Meridian Brothers) grabatu eta Euskal Herrian taularatuko duen diskoan. Otsailaren 16an Victoria Eugenian egongo da, Donostian, eta martxoaren 20an Barakaldo Antzokian.
“Colombiana”ko hamar kantuetan, Niño de Elchek aurrez aurre jarri ditu flamenkoa, “joan-etorriko musika bat”, eta Ameriketako erritmo tradizionalak, “bere garaian azukreak, kafeak, kakaoak, kokainak eta ayahuascak egin zutenaren gisako bidaia batean”, eta uztartze horretatik azaleratu dira erritmo eta melodia berriak, sintetizadoreen eta erritmo kaxen oihartzunek zipriztinduak.
Flamenkoaren eta karibear soinu-kadentzien arteko talka honetan, ahots ezberdinetan zehar egindako hara-hona honetan, euskal soinuak ere ageri dira, Beñat Achiary bera bezalako musikari ausartarengana eta Maialen Lujanbio bertsolariarengana jo baitu Niño de Elchek, “Colombiana Vasca” kantu harrigarrian. Berarekin hitz egin dugu.
“Colombiana” diskoan, Eblis Alvarez ekoizlearekin lan egin duzu, baina, zuen musikak “fusionatzetik” urrun, berorien arteko “talka” proposatu duzue. Zeri dagokio fusio eta mestizaje kontzeptuen arbuio hori?
Musikara ekarrita, fusioa, mestizajea eta gisa horretako hainbat hitz makurkeriaz eta hutsalkeriaz erabili dira, sormen prozesuekin zerikusirik ez duten etiketa komertzial berriak sortzeko helburu bakarrarekin.
Fusioa eta mestizajea badaude gure musiketan; beraz, termino horietan hitz egitea errepikakorra da, nire iritziz. Nahiago ditut talka edo bat-egitea, prozesu artistikoez modu muturrekoagoan hitz egiten diguten terminoak.
Bakoitzaren ondarearen zer ezaugarri daude azken emaitzan?
Azken ezaugarriak komunak dira: erritmoak, diskoaren soinua, gitarra jotzeko moduak, hitzak eta, batez ere, ariketa musikalaren aurreko jarrera nasai antzekoa.
Nola ari zara “Colombiana” zuzenekoetara eramaten? Musika ulertzeko zure eran, tarte handia egongo da inprobisaziorako…
Inprobisazioa jarrera da, ekintza baino gehiago. Ez da beti inprobisatzen, baina beti egoten da inprobisatzeko prest.
Nire kontzertuetako errepertorioak aurkezten ari den diskoa du oinarrian, eta horren ingurukoa izaten da. Ikuskizun gisa ulertzen ditut, kontzertu gisa baino gehiago.
“Colombiana Vasca”n Maialen Lujanbio eta Beñat Achiary aritzen dira. Nola iritsi ziren diskora? Nola sortu zen kolaborazioa?
Beñat Achiary nire eragin handienetako bat izan da azken urteetan, eta askotan kantatu dugu elkarrekin. Xabier Erkizia artistak antolatzen duen Ertz jaialdian ezagutu nuen Maialen, eta berarekin kolaboratu ahal izan nuen bertan.
Kolaborazioa topaketa horietatik jaio zen, baita estraperloaz, maitasunaz, kakaoaren salerosketaz eta zortzikoak Pepe Marchenaren “Colombiana” sortzeko ustez izan zuen eraginaz hitz egingo zuen kantu bat sortu beharretik ere.
Argazkia: Álvaro Perdices