Itxi

Musika

Irailak 5-8

Getxoko folk jaialdiak Portugalgo eta Armeniako doinuak eskainiko ditu

eitb.eus

Mariza, The Naghash Ensemble, Marta Gómez eta Skerryvore arituko dira bertan ostegunetik igandera.

  • Mariza

    Mariza portugaldarrak larunbatean joko du Getxon

Irailaren 5etik 8ra, Folk Getxo BBK jaialdiaren 35. ekitaldia egingo dute. Mariza fadista portugaldarrak, Naghash Ensemble armeniarren antzinako musikak, Marta Herrera kantautore kolonbiarrak eta Skerryvore folk-rock talde eskoziar gazteak joko dute, eta, horiez gain, doako beste sei saio izango dira, baita kaleko banden desfileak ere.

Areetako Geltokia plazak saio nagusiak eta arratsaldekoak hartuko ditu, eta gobernuz kanpoko erakundeen eta elkarteen postuak bilduko dituzte bertan, Gune Solidarioan. Azkenik, Romoko Santa Eugenia plazan, Munduko Terrazan, gaueko saioak eta familientzako jarduerak izango dira.

The Naghash Ensemble taldeak emango die hasiera saio nagusiei hilaren 5ean, ostegunean. Ahots eta musika-tresna zaharra uztartzen dituen talde armeniar honek XV. mendeko poemak berreskuratu ditu eta musika jarri die “Songs of Exile” izeneko proiektua sortuta. Saioan, gainera, Alos Quartet euskal taldeak ere hartuko du parte, gonbidatu gisa.

Ostiralean, Marta Gómez kantautore kolonbiarra jardungo da Ramón Ruibal musikari cadiztarrarekin elkarlanean. Hirugarren egunean, hilak 7, Mariza fado-abeslari ospetsua jardungo da, eta, igandean, Skerryvore talde eskoziar gazteak itxiko ditu ordainezko kontzertuen egitaraua bere folk-rock doinuekin.

Arratsaldeko kontzertuei dagokienez, Alos Quartet (18:00) harizko instrumentuen taldeak “Lau” bere azken lana aurkeztuko du ostegunean, eta McOnak euskal taldearen doinuez gozatzeko aukera izango da igandean.

Gaita-jotzaileek Bilbo erdigunera eraman dute Getxo Folk