Itxi

Musika

Zuzendaritza taldean

Dimititu duten Musikeneko 13 kidek arduradunak aldatzea eskatu dute

Erredakzioa

Musika ikastegian izena eman dutenen kopurua % 30 jaitsi dela salatu dute. Ezinbesteko iritzi diote ikastegiko kudeatzaileak aldatzeari, Musikeneren izena ona berreskuratzeko.

Azkenaldian dimisioa eman duten Musikeneko zuzendaritza taldeko 15 kideetatik 13k musika ikastegiko arduradunak aldatzea eskatu dute ostegun honetan. Ezinbestekoa iruditzen zaie, ''''Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren izen ona berreskuratzeko''''.

Donostian eskaini duten prentsaurreko batean adierazi dutenez, ''''Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak ezin du saihestu Carmen Rodriguez Suso Musikeneko koordinatzaile orokorra eta Juan Carlos Perez ikastegiko zuzendari akademiakoa ordezkatzeko erantzukizuna''''.

Antolaketa akademikoko arduradun gisa dimisioa eman duen Margarita Lorenzoren ustez, Susoren kudeaketa ''''despota'''' eta ''''pertsona bakarrak egina'''' da. Lorenzok gaineratu duenez, irakasleen % 2ren babesa bakarrik du Susok. ''''Erregimen autarkiko honen arazoa nagusia da ez dagoela eredu argirik. Batetik bestera gabiltza, nora goazen ez dakigula'''', azpimarratu du.

Gainera, irailean kaleratutako 27 irakasleen kasua ''''mendekua'''' izan zela eta inongo arrazoi ekonomikorik ez zegoela (hori esan zuen Rodriguez Susok) salatu du Marta Zabaleta piano-jotzaileak irakasleen izenean.

Dimisioa eman duten zuzendaritzako 13 kideen ustez, Musikeneko egungo arduradunek ''''nekatu arte erakutsi dute beren lana egiteko gaitasunik eza''''. Egoera honek ondorio txarrak ekarri ditu, dimisioa eman dutenen ustez. Honen harira, musika ikastegian izena eman dutenen kopurua % 30 jaitsi dela eta hezkuntzaren kalitateak behera egin duela salatu dute.