Musika
15 hilabeteko etenaren ondoren
Carlos Álvarez baritonoa taula gainean berriz, Bilbon
Erredakzioa
Espainiako lirikan ahotsik onenetako bat da askoren ustez, eta emanaldia eskaini du astelehen honetan Bilboko Arriaga Antzokian. Rocío Ignacio sopranoa izan du eszenatokian lagun.
Carlos Álvarez baritonoa taula gainera itzuli da gaur, Bilbon. Askoren ustez, Espainiako lirikan ahotsik onenetakoa da Álvarez, baina, ahots kordetako lesio batek eraginda, 15 hilabeteko etena egin behar izan du abeslariak. Astelehen honetako hitzordua Bilboko Arriaga Antzokian izan da, eta Rocío Ignacio sopranoa izan du bertan lagun.
2009ko maiatzean lehen ebakuntza egin zioten ahots kordetako gaitza sendatzeko, eta urte hori eszenatokietatik urrun igaro behar izan zuen. Itzulera laburra egin zuen, baina, arazoak berriz agertu eta, 2010ean, eszenatokiak berriz utzi behar izan zituen, bigarrenez ebakuntza gelara sartzeko.
Ordutik gaitza sendatzen egon da Carlos Álvarez (Málaga, 1963), eta astelehen honetan ekingo dio berriz lan profesionalari.
Itzulerarako aukeratutako programan era askotariko lanak abestu ditu: "Die Zauberflöte" (Mozart), Cats musikaleko "Memory" abestia (Lloyd Webber), eta "Canciones Bíblicas" (Dvorak) lanak, besteak beste. Bakarka eta bikotean landu ditu programako abestiok.
Hainbat Grammy sari irabazi ditu Carlos Alvarezek, eta 2003ean Musikaren Saria ere eskuratu zuen. Itzulera egun honetarako berariaz egindako hautaketa da errezitaldia, eta Alvarez erronka handiagoei aurre egiteko gai den progatzeko helburua ere izan du emanaldiak.