Itxi

Musika

Heriotza

Dr John pianista, New Orleanseko musikaren ikurra, zendu da

Musikariak bihotzekoa izan du, 77 urte zituela. Bakarkako ibilbide azpimarragarria izateaz gain, Aretha Franklin, Cher, Frank Zappa eta beste hamaika artistarekin batera aritu zen.

  • Dr John

    New Orleanseko musikaren ikurra zen Dr John. Argazkia: Efe.

Dr John estatubatuar pianista, New Orleanseko musikaren ikur garrantzitsua, zendu da bihotzekoak jota, 77 urte zituela, artistak Twitter sare sozialean duen profilean iragarri dutenez.

“Familiak eskerrak eman nahi dizkio musika ibilbidean berarekin batera egon zirenekin eta pribatutasuna gordetzea eskatzen du”, dio mezuak.

Malcolm John Rebennak Jr izenaz munduratuta, Dr Johnek jakin zuen New Orleanseko, AEBko hiririk musikalenetako baten, izaera oparoa bere obran gordetzen.

Jazza, rythm and bluesa, psikodelia, budua, boogie woogiea, funka eta rocka besarkatu zituen bere kantuetan Dr Johnek. Sei Grammy sari lortu zituen, eta Rock and Rollaren Ospearen Aretoko kide izendatu zuten.

60ko hamarkadan, beste musikari batzuentzat jo zuen, hala nola Aretha Franklin, Cher eta Frank Zappa.

“Locked Down” 2012an Dan Auberbachek (The Black Keys) ekoitziriko diskoa izan zen bere azken lana, baina 2017ra arte aritu zen han-hor-hemen New Orleanseko soinua barreiatzen.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Musika
  • Kultura