Itxi

Musika

Abuztuak 1-31

Musika Hamabostaldiak Itziar Okarizek eginiko kartela aurkeztu du

eitb.eus

Musika klasikoko jaialdiaren laurogeigarren edizioak Valentziako Palau de les Artsek egindako “Madame Butterfly” Pucciniren lanaren egokitzapena eskainiko du.

  • Musika Hamabostaldia 2019

    Itziar Okarizek diseinatu du aurtengo Hamabostaldiaren kartela

Itziar Okariz (Donostia, 1965) artistak egin du Donostiako Musika Hamabostaldiko kartela, abuztuaren 1etik 31ra bere laurogeigarren edizioa ospatuko duena.

“Karteleko irudia Baron Ashler nire performancean (2015) oinarrituta dago. Performance horretan bi pertsonak testu bera irakurtzen dugu, aldi berean, aldiro hitz bat gehiago irakurriz. Bata testuaren hasieratik hasten da irakurtzen, eta bestea, berriz, amaieratik. Paragrafoa luzea baldin bada, eraikitzen dituzun irudiak erabat ezberdinak dira. Testuaren erdialdean, bi irakurleok bat egin eta koru modukoa osatzen dugu. Pasarte bera irakurtzen dugu azkenean, batera. Nire ahotsa transkribatu dut lehenik; ondoren, Victorrena. Bi ahotsek espazioan aldi berean dihardutenean gertatzen dena adierazten ahalegindu naiz. Kartela topaketa horren irudikapen grafikoa da”, azaldu du kartelaren egileak.

Okarizen aurretik, beste hainbat artistak izan dute Hamabostaldiari irudia jartzeko ardura: Cállate la Boca (2009), Esther Ferrer (2011), Koldobika Jauregi (2013), Jesús Mª Lazkano (2015) eta Juan Luis Goenaga (2018), besteak beste.

Musika

Musikari dagokionez, Donostiako Musika Hamabostaldiaren 80. edizioak Pucciniren “Madame Butterfly” opera antzeztua taularatuko du. 40ko hamarkadan, Bigarren Mundu Gerran, egongo da kokatuta Valentziako Palau de les Arts-ek ekoitzitako bertsioa.

Halaber, Orchestre de Paris-ek emanaldi bikoitza eskainiko du. Lehenengoan, izaera programatikoa duen kontzertua eskainiko du: Berliozen “Harold Italian” interpretatuko du, baita Beethovenen “6. sinfonia” ere. Bigarren saioan, berriz, Brittenen “Gerrako Requiema” joko du frantziar orkestrak, Donostiako Orfeoiak eta Orfeoi Txikiak lagunduta.

Gainera, London Philarmonic Orchestrak Beethovenen lanak joko ditu, Juanjo Mena gasteiztarraren gidaritzapean eta Javier Perianes pianistaren laguntzaz.