Musika
Elkarrizketa
'Disfrutatzeko talde bat da Buffalo'
Natxo Velez | eitb.eus
Zarauztar hirukoteak ‘Ulu’ diskoa kaleratu du, bere ibilbideko hirugarrena. Zazpi kantuko lan instrumentaletan, atmosferetan eta gorabehera erritmikoetan zehar gidatzen dute entzulea.
-
'Ulu' diskoa kaleratu du zarauztar hirukoteak. Argazkia: Laura Miner.
Ulu Buffaloren azken diskoa ez da oihu bat; izenburuak hala iradokitzen badu ere, ez da garrasia, ezpada xuxurla. Ander Ederra (gitarra) eta Joanes Ederra (baxua) anaiek eta David Gorospe bateria-jotzaileak osatzen duten taldeak aske bideratzen du entzulea zazpi kantutan zehar, handik oraingoan eta hortik hurrengoan, jazzaren eta postrockaren mugarri malguen barruan atmosferak, dinamika gorabeheratsuak eta melodia lanbrotsuak proposatuz.
Musikari saiatuok (besteak beste, Benito Lertxundirekin, Alex Ubagorekin eta BOSekin batera aritutakoak dira) lana zuzenean aurkezten dihardute egunotan, eta bihar, azaroak 8, Donostian izango dira, Kultxa Kultur Klubean.
Joanes Ederra taldeko baxu-jotzailearekin hitz egin dugu.
‘Ulu’ da diskoaren izenburua, baina uluak iradokitzen duen indarkeriatik urrun kokatzen dut zuen proposamen musikala
Disko honetako lehenengo abestiaren izenburua da Ulu, diskoarena izateaz gain. Abestiak badu nolabaiteko atmosfera ilun bat, eta gitarraren doinuak garrasi moduko bat ekartzen digu gogora pasarte batzuetan.
Horretaz gain, abestiak ukitu afroa du erritmo aldetik, eta ulu hitzak, fonetikoki ere, ukitu hori duela iruditzen zaigu.
Behin eta berriz aldarrikatu duzue zuzeneko soinua harrapatzen saiatzen zaretela diskoetan, eta aurreko lana (Zinematik) zuzenean grabatu zenuten, kontzertu batean. Ulu-n lortu egin duzuelakoan zaudete?
Gure abestietan dinamika ezberdinak erabiltzea gustatzen zaigu, intentsitatearekin jolastea pasarte batzuetan igoz eta beste batzuetan jaitsiz, eta dinamika hauek disko batean ondo islatzeko gakoak momentuko interakzioa eta elkarri entzutea direla uste dugu.
Lortu egin dugula uste dugu, eta gustura gaude emaitzarekin. Alde batetik, mahai analogikoa erabiltzea izan da gakoa: mahai mota honek grano moduko bat ematen dio soinuari, eta zikindu egiten du, guri gustatzen zaigun 60ko eta 70eko hamarkadetako ukitu hori emanaz soinuari.
Beste gakoa Iosu Gonzalez teknikari eta lagunarekin lan egitea izan da. Gure musika ezagutzen zuen, eta bazekien, gutxi gorabehera, zein soinu nahi genuen diskorako.
Argazkia: Laura Miner
Lan honetarako, konposatzeko orduan, lokaleko lan gutxiago eta etxeko lan gehiago egin duzuela esan duzue. Zer abantaila eta zer desabantaila ditu lokalean denok batera kantuak gutxiago jotzeak?
Aurreko diskoetako abestiak ideia txikietatik abiatuaz osatu ditugu, lokalean. Konposatzeko modu horren abantaila da musikarioi sorkuntzarako tokia uzten digula eta ideia horien gainetik inprobisatuaz gauza oso bereziak ateratzen direla batzuetan. Baina prozesu mantsoagoa da, batzuetan ideia horiek ez dira biribiltzen eta alde batera uzten dira.
Disko honetan, Anderrek (gitarra) abestien zirriborroak dezente osatuta ekarri ditu lokalera, eta abestiei forma azkarrago ematen lagundu digu horrek. Horrela, denbora izan dugu gero kantuok janzteko eta ñabardura txikiak zaintzeko.
Zer harrera izan du diskoak? Zer erantzun jaso dituzue?
Egia esan, oso ona. Jendeari gustatu zaio eta kritika on pare bat ere izan du. Oso ondo ari da saltzen, batez ere zuzeneko saioen ondorengo salmentan.
Zuen proposamen musikalak ihes egiten dio zurruntasunari. Zer tarte uzten diozue inprobisazioari?
Nahiz eta taldearen soinuak eta erabilitako akorde batzuek jazz ukitua izan, abestien estrukturak itxiak dira eta, grabatzeko garaian ere, kantuen formak ondo prestatuta eraman genituen estudiora.
Hala ere, inoiz ez ditugu abestiak guztiz berdin jotzen, eta inprobisazio asko dago bakoitzak egiten dituen marrazkietan eta ñabarduretan, baita soloetan ere noski.
Nolakoak dira Buffaloren zuzenekoak?
Gure kontzertuek apaindura gutxi dute. Guretzat musikak du garrantzia, eta ez dugu eszenaratze berezirik egiten. Probetan, aretoaren akustikara moldatzen eta soinua ahalik eta ondoen jartzen ematen dugu denbora gehien.
Kontzertu ez oso luzeak eta biziak egiten saiatzen gara, entzulea asko murgiltzen da giroan, eta jendeak arreta jartzen duela sentitzen dugu. Jende askok esan ohi digu Buffaloren diskoak gustatzen zaizkiola, baina zuzenean askoz indar gehiago duela gure musikak.
Argazkia: Laura Miner
Zer asmo dituzue Buffalorako, aurrera begira?
Kantu berriak zuzenean jotzen jarraitzea. Oso sarritan jotzea baino gehiago, gustuko kontzertuak jotzeari ematen diogu garrantzia, disfrutatzeko talde bat delako eta ez garelako honetaz bizi.
Bestalde, Euskal Herritik kanpora gehiago jotzea gustatuko litzaiguke. Orain dela gutxi Madrilen egon ginen, eta Bartzelonan nahiz Galizian datak ixten gabiltza.
Musikari saiatuak zarete. Zein proiektu musikaletan aritzen zarete?
Beste hainbat taldetan jotzen dugu gaur egun, eta, horrez gain, aldizkako kontzertu edo grabaketetan parte hartzen aritzen gara.
David (bateria) Benito Lertxundi, Gozategi eta Alex Ubagorekin jotzen dabil; hirurak Olatz Zugastirekin aritutakoak gara, eta egun Anderrek (gitarra) jarraitzen du soilik.
Julen Alonsoren diskoaren grabaketan parte hartu dugu udan Anderrek eta biok (Joanes), eta ni ADI! taldean jotzen nabil eta BOSekin kolaboratzen dut tarteka.
Hauek dira Buffalo taldearen hurrengo kontzertuen datak:
Azaroak 8. Kutxa Kultur Kluba, Donostia
Azaroak 18. Sanagustin, Azpeitia
Abenduak 30. Beratu 2019 jaialdiaren aurkezpen kontzertua, Oñatiko Gaztetxea
Otsailak 8. Bergara
Martxoak 15. Orio