Itxi

Musika

Bob Marley´s day

Bob Marley, mito baten biografia

Erredakzioa

Musikari jamaikarra hil zela hogeita hamar urte bete diren honetan, festak egingo dituzte reggaearen jenioaren jaiotza ospatzeko.

Robert Nesta Marley,Bob Marley, 1945eko otsailaren 6an jaio zen Nine Milesen (Jamaika). Rastafari mugimenduaren bultzatzaile izan zen eta reggae musikaren mitoa izaten jarraitzen du gaur egun.

60ko hamarkadaren hasieran, eztanda kultural handia izan zuen Jamaikak. Kingstongo kaleetan ''sound system''-ak antolatzen zituzten, zigilu berriak sortu ziren, eta ska, rocksteady-a, reggae eta beste hainbat estilo sortu ziren. Ray Charles, Fats Domino, Curtis Mayfield eta AEBetako beste artista batzuen kantuen eragina Afrikako doinuekin nahasi zen. Gainera, Etiopiako mugimendu rastafaria eredutzat eta Haile Selassie enperadorea jainkotzat hartu zuten.

Bob Marleyk The Wailers taldea sortu zuen, Bunny Wailer eta Peter Toshekin batera. Ska doinuak lantzen hasi ziren, Studio One grabazio estudioak eta kaleko ‘sound system’-ek bultzatuta. "One love", "Rude boy" eta "I´m still waiting" kantuak sortu zituzten garai horretan, eta Bob Rita Marley "Pied piper" arrakastatsua grabatu zuen abeslariarekin ezkondu zen.

Mezu rastafariek pisua hartu zuen Marleyren hitzetan, eta "Hypocrites", "Mellow mood" eta "Stir it up" abestietan rocksteady doinuak nagusitu ziren.

1970ean estudiora jo zuten, Lee Scratch Perryrekin grabatzeko. Horrek taldearen soinua indartu zuen eta Marleyren ahotsari dimentsio berria eman zion. "Sun is shinning" eta "Run for cover" abestien garaia zen. Gainera, The Wailerseko taldekideek "Tuff Gong" diskoetxea sortu zuten garai horretan.

Aston Barrett, Wailersen egungo burua, eta Carlton anaia taldera heldu ziren, oinarri erritmikoa indartzeko. Besteak beste, "Concrete jungle" kantua sortu zuten eta 1972an Ingalaterrara iritsi ziren "Reggae on Broadway" kantuaren promozioa egiteko asmoz. Hala ere, artean ez zuten arrakasta lortu.

Bob Marleyk eta Island Records diskoetxeak kontratua sinatu zuten, eta reggae doinuak heldu ziren taldera. Catch a fire diskoa grabatu zuten eta Bunny Wailerrek taldea uztea erabaki zuen; gainera, Peter Toshek ere erabaki bera hartu zuen Burnin´ diskoa kaleratutakoan. "Get up, stand up" eta "I shot the sheriff" abestiek nazioarteko arrakasta lortu zuten, orduan. Horren aurrean, Bob Marley bakarlari moduan lanean hasi zen, I-Threes (Marcia Griffiths, Judy Mowatt eta Rita Marley) taldearen koruen laguntzarekin. "No woman no cry", "Revolution" eta "Rebel music" abestiak sortu zituen garai horretan, Bob Marley and the Wailers izenaz.

Haile Selassieren hil zenean, Jah live eta Rastaman vibration diskoak grabatu zituen, eta "Johnny was" eta "War" kantuek bere arrakasta mundu mailan zabaltzen lagundu zuten.

Michael Manley Jamaikako lehen ministroak Smile Jamaica Concert kontzertuan parte hartzera gonbidatu zuen, eta horrek oposizioaren haserrea ekarri zuen; giro horretan, abenduaren 3an abeslariaren etxea tirokatu zuten.Hala ere, Marley kontzertuan izan zen, eta inoiz eskaini zuen emanaldi hunkigarrienetakoa eman zuen.

Lee Perryrengana jo zuen orduan, berriz, punk doinuek Erresuma Batua hartu zuten garaian. Orduan, lotura handia erakutsi zuen The Clash eta gisa horretako taldeekin. Geroago, Exodus argitaratu ostean, maitasunari abestu zion Kaya diskoan; "Is this love" da horren erakusle garbiena.

One Love Peace Concert jaialdian, 100.000 pertsonaren aurrean, Manley lehen ministroa eta Edward Seaga aurkaria elkarri bostekoa ematera behartu zituen, eta Nazioa Batuen Erakundeak Bakearen Domina eman zion.

Uprising diskoarekin, besteak beste "Could you be loved" eta "Redemption song" abestiek betetako lanarekin, itxi zuen bere ibilbidea.

Azkeneko kontzertua 1980ko irailaren 23an eskaini zuen, Pittsburgen. Zortzi hil geroago, 1981ko maiatzaren 11n, hil zen, minbiziak jota.

Gaur egun, oraindik ere, Aston Barrettek The Wailers Band taldea gidatzen du, mundu osoan zehar birak egiten.

Gainera, Bob Marley´s Day nazioarte mailako ekitaldia egiten dute, Marleyren jaiotza data ospatzeko.