Musika
Azaroak 3
Musek San Mamesen joko du azaroaren 3an
N.V. | eitb.eus
Ingeles taldea MTV World Stage Bilbao kontzertuaren kartelburua izango da, eta ondoan Crystal Fighters egongo dira. Bizkaitarren lehentasuna izango dute sarrerak hartzeko.
Muse britainiar taldeak San Mames Bilboko estadioan joko du azaroaren 3an, larunbatarekin, MTV World Stage Bilbao izeneko kontzertuan. MTV telebista kateak biharamunean BECen egingo duen EMA sari banaketaren atarikoa izango da emanaldia.
Musek Simulation Theory estudioko bere zazpigarren diskoa argitaratu baino astebete lehenago joko du Bilboko estadioan, eta Crystal Fighters elektro-folk taldea izango du lagun kartelean.
Sarrerak
Sarrerak urriaren 8an jarriko dituzte salgai, EMA sarien webgunean, bost euroko prezioan. Baina Bizkaian bizi diren pertsonek lehentasuna izango dute sarrerak hartzeko. Gaur, urriak 5, eguerditik, astelehenera arte egin ahalko dute, 5 euro ordainduta, webgune honetan sartuta. Erosle bakoitzak lau sarrera erosi ahalko ditu, 16 urtetik beherakoek adindun batek lagunduta joan beharko dute eta 14 urtetik beherakoak ezingo dira pistan sartu. Gainera, bost urtetik beherako haurrak ezingo dira sartu.
Muse, musikaren gailurrean
Muse (Matt Bellamyk, Chris Wolstenholmek eta Dominic Howardek osatutako taldea) 2015ean aritu zen azkenekoz Euskal Herrian, Bilbao BBK Live jaialdian. Zuzeneko ikaragarriak ematen dituen taldea da, eta rockaren eszena irauli zuten, 2000ko hamarkadaren hasieran, Origin of Symmetry eta Absolution diskoekin.
Harrezkero, elektronikarekin jolasean aritu dira estudioan, eta jatorriko rock doinuak pop, funky eta elektronika arrastoekin busti dituzte.
MTVk aurreratu duenez, guztira hiru orduko ikuskizuna izango da San Mameskoa.