Musika
Mundaka Festival
Depedro: 'Bi musika mota daude, hunkigarria eta zirrararik eragiten ez duena'
Natxo Velez | eitb.eus
Depedrok, Jairo Zavalaren taldeak, Mundaka Festivalen laugarren edizioan joko du ostiralean, Copernicus Dreams, Fink, Vintage Trouble eta !!! taldeekin batera. Madrildar musikariarekin hitz egin dugu.
-
Depedrok Mundaka Festivalen lehen jardunaldian joko du, ostiralean
Jairo Zavalaren (Madril, 1973) har musikala hamaika proposamenetan islatu, ozendu, da 90eko hamarkadaren hasieran gitarraren sei hariak zarrastatzen hasi zenetik, baina adierazpide horiek guztiek ardatz bera izan dute beti: Zavalak entzulea hunkitzeko duen gaitasun aparta.
Madrildar musikariaren gitarrek eta ahots pertsonalak zirrara eragiten dute entzulearengan, edozer inguruabar dutela lagun: rock erritmo distortsionatuak, Vacazul bere aurreneko taldean; musika beltzaren oihartzuna, Tres Hombresen; Amparo Sanchez Amparanoia-ren ahotsa; Calexico estatubatuar taldearen doinuak; edo, nola ez, Depedroren konposizioak, “nire musika diskurtso nagusiarenak”, Jairok telefonoaren bestaldetik dioskun bezala.
Hain zuzen ere, Depedro taldeak ekarriko du Zavala Mundaka Festivalera ostiralean, uztailak 27, bertako jaialdian joko baitu 21:15etik aurrera. Berarekin hitz egin nahi izan dugu, Euskal Herrira etorri aurretik.
Nolakoa izango da Mundakako kontzertua? Zer musikari izango dituzu aldean?
Ohiko taldekideak izango ditut lagun: Martin Bruhn, Hector Rojo, Kike Fuentes bilbotar petoa eta David Carrasco.
Musikari dagokionez, zuzenekoetako formatua diskoetakoa baino gihartsuagoa izaten da, kontzertuen gure ikuspegira egokitzen baititugu kantuak eta tarte handia uzten baitiogu inprobisazioari.
Pisu berezia izango dute El pasajero diskoko kantuek edo Depedroren lan guztiei begiratuko diezue?
Errepertorioko kantu asko azken diskoan oinarrituta egongo dira, baina ez ditut “klasikoak” ahaztuko, noski. Jaialdiko formatuan, 50-60 minutuko kontzertuan, publikoaren doinu gogokoenak ez ahazten saiatzen naiz, eurek ematen baitizkizute maitasuna eta energia. Eta hori itzuli egin behar da.
Errepertorioa egunero aldatzen saiatzen naiz, neu ez aspertzeko lehenik eta behin, baina baita musika bizirik, fresko, egon behar dela erakusteko ere.
Zein helbururekin igotzen zara agertokira?
Publikoa ni zuzenekoetan hunkitzen naizen maila berean hunkitzea da nire helburua. Bat etor gaitezke, esaten badugu bi musika mota daudela, hunkigarria eta zirrararik eragiten ez duena. Nire borroka da jendearen sentiberatasuna hauspotzeko bidea aurkitzea.
Publikoak zure proposamen musikala nola aldatu den ikusi du, baina zer aldaketa ikusi dituzu zuk agertoki gainetik?
Asko jo dut beti, eta, lehen egunetik, beste edozein lan gisa hartu dugu musika, ahalegina eskatzen duen eta egunero zerbait irakasten dizun ogibide gisa. Nire asmoei dagokienez, beti izan dut helburu bera: ahalik eta zintzoen jo, nire bizitzako azken eguna izango balitz bezala. Hori ez da aldatu.
Aldatu dena da orain esperientzia handiagoa dudala, eta lehen xahutzen genuen energia hori hobeto bideratzen dakidala, zirrara hori ikuslearengana hel dadin.
Bidaiarekin lotura estua duzu, zure musikan eta zure ibilbidean agerian gelditzen denez. Zer ematen dizu bidaiatzeak?
Bidaiaria, nire ustez, bidaian sortzen diren esperientziak jasotzen dituena da, maleta emozioz eta inspirazioz betetzen joaten dena.
Bidaietan, zeinen txikia zaren konturatzen zara, ikusten duzu hor kanpoan bizitzeko beste modu asko daudela, makina bat kultura eta pentsamendu ezberdin. Baina, batez ere, egunaren amaieran aldentzen gaituzten baino askoz gauza gehiagok batzen gaituztela ikasten da.
Horrek guztiak hazteko indarra ematen dit, interesa pizten eta jakin-nahiari eusten laguntzen dit, eta hori kantuetara, konponketen kolorera, lerratzen saiatzen naiz. Goseak nago oraindik.
Jaialdiaren kartela ikusi duzu?
Bai, Vintage Troublek eta !!!-ek, jaialdi askotan aurkitu dudan talde batek, jotzen dutela ikusi dut. Musika aldetik, oso jaialdi handinahia iruditzen zait, ez baita jaialdi askok aurkezten duten kalkomaniaren beste kopia bat. Zerbait gehiago eskaintzen du, eta publikoak eskertuko du, nire ustez.
Hain zuzen ere, larunbatean Bunburyk joko du, zure azken lanean “DF” kantua zurekin batera kantatzen duen artista…
Bai, eta Enriquek esan zidan hiriari izena aldatu diotela. Tira, beti iristen naiz berandu, zer egingo diogu (kar kar). Pena da egun berean ez jotzea.
Kolaborazioez ari garela, Keu Agirretxea euskal musikariarekin aritu zinen duela pare bat urte, “Bila” kantutzarrean. Nola sortu zen lankidetza?
Keu Depedroren diskurtso musikaletik gertu zegoela dakit, gustuko zuela, eta kontzerturen batean elkarrekin aritu ginen. Proposatu zidan, eta kantua asko gustatu zitzaidan. Espero dut hondatu ez izana!
Atsegin dut melodia kantuetan, eta uste dut Keuk bete-betean asmatu zuela “Bila”n.
Baduzu mezuren bat Mundakako kontzertura joango direnentzat?
Guretzat, atsegin handia izango da horrelako toki ederrean jotzea; beraz, guk egingo dugun bezainbeste gozatzeko esan, besterik ez.
Zer asmo dituzu Depedrorekin udaren osterako? Urriaren 12an, Donostian joko duzue.
Bai, urriaren 12an Antzoki Zaharrean joko dugu talde osoarekin. Azkenekoz joan ginenean, formatu akustikoan aritu ginen, eta badirudi jendea gogoz gelditu zela. Itzuli egingo gara.
Kontzertuak gorabehera, disko berri bat grabatu dugu, ilusio handia egin didaten kolaborazioekin, eta urrian aterako dugu.
Azkenik, zure ibilbideko mugarri hauek definitzea eskatuko dizut.
Vacazul: Kideekin batera, lan honen ingurukoak bertan ikasi nituen. Dena eman genuen herrialde honetako eta beste batzuetako agertokietan, zirenetan eta ez zirenetan ere. Horrekin zorra dut, eta oso harro nago proiektu honetan parte hartu izanaz.
Amparanoia: Amparok beti lagundu dit, bultzatu eta akuilatu nau eta irakatsi egin dit. “Lagunik onenak” gara oraindik, eta gauzak egiten jarraitzen dugu lankidetzan.
Calexico: Nire bidaideak dira, hamar urte daramatzagu lankidetzan eta ate asko ireki dizkidate buruan; alde emozionaletik abestiei beste alde batetik ekiten ikasi dut beraiekin.
Depedro: Nik ez nekien zer gertatu behar zen Depedrorekin, eta nire diskurtso musikal nagusia bilakatu da. Hemen nago orain, zurekin berriketan.