Itxi

Musika

Nagoyako trikitilaria

Japoniatik Getxora, trikitiaren sekretuen bila

Natxo Velez | eitb.eus

Youtuberen bidez trikitiaren berri jakin eta gero, Yuki Kojima japoniar musikaria Jokin San Jose getxoztar irakaslearen eskuetan jarri da, trikitiaren sekretuak bereganatzeko.

1:25

Pasioa itsua da, ez da –zorionez– logikaren muga zurrunetara lerratzen, eta batzuetan guregandik erabat urrun dagoen zerbaitek pizten digu harra. Yuki Kojima 32 urteko japoniarrak, adibidez, grina handiz bizi ditu trikitiaren doinuak, beste ezerk baino gehiago hunkitzen dute. Nagoya bere hiritik 10.000 kilometrora sortutako melodiek hankaz gora jarri dute bere mundua goizetik gauera.

Musikari profesionala da Kojima, eta trikitiaren “alaitasunarekin” liluratuta gelditu zen behinola, Jokin San Jose getxoztar trikitilariak Youtuben duen kanalarekin bat egin zuenean, honek kontatu digunez: “Tresna happy­-a dela esaten dit, bere ingeles oinarrizkoan”.

Izan ere, Kojimak San Joserengana jo zuen, trikitia jotzen irakats ziezaion, eta harrezkero harremanetan izaten dira “ia egunero”, ordenagailuaren bidez: “Yukik, nire laguntzarekin, trikiti bat Italiara eskatu eta Japonian jaso zuen; harrezkero, ez dio praktikatzeari utzi. Egunero aritzen da, bost orduz, eta aurrerakada galanta egin du. Partiturak eta nik jotako piezak bidaltzen dizkiot, eta astean behin edo bi astean behin bideo-deia egiten dugu, sakontzeko”, azaldu digu San Josek.

Getxora, ikasten jarraitzeko

Musikazale amorratua da Kojima, eta aurretik Galiziako gaitak piztu zion asaldura (Carlos Nuñez ezagutu, berarenaren antzeko gaita bat erosi eta galiziar gaiteroen melodiak ateratzeari ekin zion) trikitiak berritu dio oraingoan; hainbeste, non Getxora etorriko baita uztailaren 23tik abuztuaren 3ra, Jokin San Joserekin bertatik bertara ikastera.

“Propio etorriko da eskolak hartzera, eta horretara bideratu nahi du bere egonaldian. Orain arte irakatsitakoan sakonduko dugu, beraz, eta Lasarteko eta Gernikako trikitixa shop­-etara lagundu behar diodala ere esan dit”, kontatu digu San Josek.

Jokin San Jose trikitilaria

Jokin San Jose trikitilaria, Yuki Kojimaren irakaslea

10.000 kilometroko distantzia egonagatik, musikari esker Getxo eta Nagoya oso gertu egon daitezkeela erakutsi dute Jokinek eta Yukik, soinu txikiaren doinura.