Itxi

Musika

Elkarrizketa

'Usopop festibala handituko balitz, bere mamia galduko luke'

Natxo Velez | eitb.eus

Maiatzaren 26an, larunbatarekin, Lizarrieta lepoak, Saran, besteak beste, Frustration eta Willis Drummond hartuko ditu, eta biharamunean, Santa Katalina kaperak, Orbel eta Maria Arnal i Marcel Bages.

"Jaialdi handiagoa", "talde gehiago", "hamaika milioi euroko eragin ekonomikoa", "enpresa transnazionalek babestutako agertoki andana bat"... Horiek guztiak agindu ohi dituzte gure inguruko musika jaialdiek edizioz edizio, makro aurrizkia harro asko hartuta ere, jende gehiago (beti gehiago) erakartzeko.

Nolanahi den, horiekin batera (eta horien aurka), badira Usopop Sarako jaialdia bezalako proiektuak ere, jende gutxik ezagutzen dituen artistak, landa giro batean eta prezio merkean eskaintzen dituztenak.

Maiatzaren 27 eta 28an, lagun gutxi batzuek 2010ean abiatutako proiektuak, bederatzigarren edizioa ospatuko du Saran, bi kokagunetan: Lizarrietako lepoan (Frustration, Willis Drummond, DBFC, Lumi, François Atlas & Bostgehio, Coconut DJa eta “Soka” Bilaka konpainiaren dantza ikuskizuna, maiatzaren 27an) eta Santa Katalina kaperan (Orbel eta Maria Arnal i Marcel Bagés, maiatzaren 28an).

Aurreko urteetan, besteak beste, Anari, King Creosote, Ruper Ordorika, Belako, Micah P. Hinson, Mursego, Bigott, Amorante eta The Suicide of Western Culture hartu dituen jaialdiko arduradunekin hitz egin dugu, ondorengo elkarrizketan.

Zertan aldatu dira zuen helburuak hasieratik hona? Zer garapen izan du Usopopek?

Hasieran, Usopop gaualdi baten proiektua baizik ez zen, musikazale talde batena. 2010ean, Sara gure herrian eta inguruko herrietan kontzertu eskaintza pixkanaka desagertzen ari zela iduri zitzaigun eta azkenean betiko taldeak aritzen zirela beti, helburua ahalik eta arrisku gutxien hartzea baitzen antolatzaileentzat.

Gure logika guziz kontrakoa izan da, guk galtzeko deus ez genuelako beharbada: jende gutik ezagutzen dituen artistak, landa giro batean, prezio biziki apalak eta diru laguntzarik gabe. Eta apustu hori irabazteak harritu egin gintuen, egia erran: 150 lagun espero genituen, eta azkenean 400 hurbildu ziren xoko galdu honetara, lehen edizioan…

Geroztik, helburuak ez dira erabat aldatu. Usopop gure ofizioa ez denez, urtero ideia berriak behar ditugu. Urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen ditugu, herriko leku desberdinetan, lekuek eragin bat dutela ere pentsatzen dugulako.

usopop

Orain, lehen ez bezala, erakunde publikoek laguntzen gaituzte, eta hori, egia erran, gure proiektuei bertze dimentsio bat emateko parada bat ere bada.

Usopop zerbait familiarra izan da beti. Gauza da familia handitu egin dela denborarekin!

Oso talde ezberdinak pasatuko dira jaialdiaren bi eremuetatik. Zer eduki behar du talde batek Usopopen jotzeko?

Lehen gauza, eta beharbada alde egoistena: guk gustuko izatea. Programazio taldean, lau lagun gara, gustu desberdinekin, eta ez dugu sekula talde bat ekarri bakarrik txartel gehiago salduko direla pentsatuz; talde horiek, gainera, ez dira gure aurrekontuetan sartzen! (kar-kar)

Saiatzen gara Euskal Herriko eszenari toki zabala uzten: Iparraldean kontzertu areto guti dira kostaldetik urrun, eta, kalitatezko talde franko direnez, Usopopeko programazioan horiek ikustea naturala da.

Aurten, Lumi eta Orbel ditugu, biek euskarazko proposamen berria egiten dutelako, gure ustez. Ezohiko zera bat ekartzen dute.

Kanpoko taldeei dagokienez, gauza bera gertatzen da, eta Frustration eta Maria Arnal i Marcel Bagés arrunt kasu horretan dira. Bata Pariskoa da, Frantziako underground eszenaren ikurra, zuzenean oso indartsua baina, mundua den bezalakoa denez, ez dute osperik Hego Euskal Herrian adibidez.

Gauza bera katalanekin: aurtengo arrakasta han, eta hemen guti.

Zerk ezberdintzen du Usopop gero eta ugariagoak diren jaialdietatik?

Justuki, Usopop ez dela berez jaialdi bat. Urtean zehar, saiatzen gara herria biziarazten ere, nahiz eta maiatzeko asteburua gure ekitaldi nagusia izan. Orain, artista batzuk ere laguntzen ditugu Usopop Diskoak ekimenaren bidez (Aguxtin Alkhat, Paxkal Irigoien, Orbel eta, laster, Unama).

Funtsean, Usopop ekimen hedonista bezain filantropoa da, ez baitu enpresa batek kudeatzen. Ez gira “entertainment” profesionalak, eta ez dugu ez plangintzarik ezta premiarik ere etorkizunari begira. Horrek askatasun osoa ematen digu.

Zer etorkizun aurreikusten diozue jaialdiari? Festibal gehienek handitzera egiten dute, hobetzera baino gehiago; interesatzen zaizue haztea, gero eta jende gehiago erakartzea?

Hasteko, 2019an 10 urte beteko ditu Usopopek, eta, nola ez, urte hori berezia izango da. Handitzea? Seguru ezetz! Festibala handituko balitz, bere mamia galduko luke, dudarik gabe. Usopop lotua da leku bati eta lagun talde bati

Hobetzea? Urteroko plazeraren parte handi bat proiektua berritzea izaten da. Beraz, etorkizuneko Usopop ez da gaurkoa bezalakoa izanen, baina zutabe berak ukanen ditu.

Zein une gogoangarri gordetzen dituzue aurreko edizioetatik? Zein taldek eman lezake, zuen ustez, horrelakorik aurtengoan?

Zaila da! Hala ere, Belako taldearen kontzertuaren irudiak gordetzen ditut gogoan, 2012an. Garaian, kasik umeak ziren eta inork ez zituen ezagutzen, guk bakarrik demo bat izan genuen eskuetan. Baina zerbait berezia zuten, eta gonbidatu genituen gaualdia ixteko.

Agertokira igo bezain laster, euria hasi zen, eta publikoaren erdiak alde egin zuen. Baldintza ezin txarragoak ziren talde “amateur” batentzat, baina zartako bat eman ziguten denei eta haien ibilbidea luzea eta arrakastatsua izanen zela ulertu genuen.

belako usopop

Belako, 2012ko Usopop jaialdian

2015etik, King Creosoterena dut gogoan: amets bat izan zen guretzat Eskoziako folk mito hori ekartzea.

Aurten, Frustration taldeak eman lezake sorpresa: kasik 50 urteko tipo batzuk, cold wave egiten, iluna eta aldi berean dantzagarria…

Zer gomendatuko zenioke jaialdira doanari?

Lehenik, deskubritzeko gogo guziekin etortzea. Eta Euskal Herrian garenez, eguzkiko krema esku batean eta euritakoa bertzean.