Itxi

Musika

Elkarrizketa

Gorka Urbizu: 'Konfiantza handia daukagu gure kantuetan'

Natxo Velez | eitb.eus

"Infrasoinuak" munduaren bestaldean hedatzen hasi eta gero, Berri Txarrakek larunbatean, martxoak 17, aurkeztuko du disko berria Euskal Herrian, BECen, taldeak inoiz egin duen kontzerturik handienean.

  • Berri Txarrak taldea: David Gonzalez, Galder Izagirre eta Gorka Urbizu

Berri Txarrak erronketara ohitutako taldea da. 24 urteko bidean, hamaika aldiz egin diote muzin erosotasunari, errazkeriari eta aurretik egindakoekiko atseginkeriari, setatsu. Lan gogorrak, koherentziak eta publikoaren oniritziak ahalbidetu dien lorategi erosoan goxo gelditzeko aukera errefusatu, eta baso berri eta ezezagunetan barneratzera jo dute etengabe, arriskuak, rockaren ezinbesteko bizigaiak, gidatuta.

Horregatik irten dira nazioartera beste batzuk euskal eszenan, gure mikrokosmosean, jaun eta jabe ibili direnean.

Horregatik grabatu zuten disko punk eta zakar bat, ?Jaio.Musika.Hil? ezinbesteko diskoarekin hainbat koskako jauzia egin eta gero.

Horregatik sortu zituzten hogei kantu ezberdin hiru ardatz estilistikoren gainean beren hogeigarren urteurrenaren kariaz "Denbora da poligrafo bakarra" lanean, beste askok egiten duten bezala atzera begiratu eta zuzeneko disko bat edo bilduma bat kaleratu ordez.

Horregatik da talde berezia Berri Txarrak, xerka amaigabean bizi delako, aurrera begira.

Orain, enegarren erronka dute aurrean: BEC erakustazokako Bizkaia Arena pabiloi erraldoian egingo dute ?Infrasoinuak? bederatzigarren diskoaren Euskal Herriko aurkezpena, aurreko biran aretoak lepo bete ondoren.

Gorka Urbizu taldeko gitarrista, abeslari eta konpositore nagusiarekin hitz egin dugu, taldeak Lekunberrin duen lokalean, BECeko kontzertu horren atarian.

Gorka Urbizu Berri Txarrak

Diskoa aurkezteko bira Asian eta Ozeanian abiatu duzue. Zer moduz joan da?

Egia esan, oso pozik itzuli gara. Atzerrian edukitzen dugun arazoetako bat guretzako eszena egokia aurkitzea izaten da, estilistikoki ondo dagokigun toki bat topatzea, eta batzuetan tokatu zaigu nahiko kontzertu bizarroak jotzea.

Oraingoan, esango nuke bete-betean asmatu dugula eta Txina izan dela bira honetan ezustekorik handiena: aretoekin asmatu dugu, bertako punk rock eszena ezagutu dugu, kontzertuetara jendea etorri da?

Oro har, bira indartsua izan da: hamazazpi kontzertu guztira, herrialde berri batzuk, Zeelanda Berrian jotzea, Rise Against talde lagunarekin berriz batu eta Australian 2.000 lagunen aurrean jo ahal izatea?

Nola kalkulatzen da kolpea non jo, hemendik kanpo irteten zarenean?

Egia esan, gure atzaparrak ez dira oso sendoak hemendik kanpo, herrialde batzuetan. Guk ez daukagu azpiegiturarik, gure kasa egiten ditugu gauza guztiak, eta ez da erraza.

Batzuetan, txinparta bat behar izaten duzu, eta oraingoan Rise Againsten gonbidapena izan zen abiapuntua. Gainera, beti izan dugu jomugan Australian jotzea.

Tekla egokiak jo ditugu. Hego Koreara, adibidez, duela zortzi urteko bisitan gurekin lan egin zuen promotore berarekin joan gara, eta igarri dugu koska bat igo dugula bertan oihartzun aldetik eta baldintza aldetik.

Berri Txarrak, Seulen

Sorpresa ezatseginik izan duzue kontzerturen batean, materialarekin adibidez?

Ez, oso areto profesionaletan jo dugu, kristoren materialarekin. Alde horretatik, oso ondo ibili gara. Thailandiako kontzertu batean pixka bat larriago ibili ginen, areto txiki batean, baina beste kontzertua jaialdi handi batean izan zen, eta oso ondo hor ere. Asko eskertzen da.

?Infrasoinuak? kaleratu ondorengo lehen kontzertuak pasatuta, kantu berriak zaharrekin nola uztartzen direla esango zenuke?

Bira honen helburuetako bat horixe zen, kantu berriak zuzenean jotzea, eta oso modu naturalean egin dute bat kantu berriek lehengo errepertorioarekin, egia esan. Kontzertu gehienetan, disko berria osorik jo dugu, eta lehendik ere bagenekien zuzeneko diskoa zela, baina ikusi dugu oso ondo uztartzen direla kantuok.

?Arnas luzeagoko kantuak?

Diskoan ageri diren kantu guztiak jo dituzue biran, baina konposatzen dituzun kantu guzti-guztiak sortzen dituzu zuzenekoari begira?

Batzuetan, kantuak berak markatzen dizu hori. Teorian, denak egiten dituzu zuzenekora eraman ahal izateko, baina aurretik ere igartzen duzu zenbaitetan kantu batzuek beste arreta bat eskatzen dutela, zuzenekoetan nekez lor daitekeena.

Horren ildotik, esango nuke Berri Txarrakek baduela, zuzenekoen ikuspegitik, B aldeko kantuen bilduma bat, ez kantu txikiagoak direlako baizik eta arnas luzeagokoak direlako, zuzenekoen bat-batekotasunean galtzen direlako, agian. Gainera, noizean behin horrelako kantuak kontzertuetan ezustean jotzen dituzunean, entzuleak pilo bat eskertzen du.

Guk baditugu horrelako kantu asko, disko honetan ere bai, ?Zorionaren lobbya?, adibidez. Beharbada ez da kanturik egokiena punk rock kontzertu bat ikustera bazoaz, baina gero, diskoan, nire kantu kutunenetakoa da.

Gainera, zuen poliedrikotasunak balioztatzen dizue kantu horiei ere bidea ematea zuzenekoetan, ezta? Ez da gauza bera Resurrection Festen edo Primavera Sounden jotzea, eta zuek bietan aritzen zarete?

Hori da, abantaila hori daukagu, eta uste dut gure zuzenekoetan bi mundu horiek uztartzen direla, nolabait: batetik, kantu zuzenak edo ezagun egin diren horiek, nolabaiteko klasikoak, eta, bestetik, beste mota bateko kantuak.

Askotan komentatzen dugu gure artean noizbait emanaldi berezi bat egin behar dugula beste kantu horiekin.

 


Berri Txarrak: "Spoiler!" (akustikoa)

 

Zuzenekoetan, erabat fidelak izaten zarete kantuen estudioko bertsioarekin?

Ez, aldatu egiten dira, bai. Kantua ez da grabatzean bukatzen. Argazkiaren klik hori hor gelditzen da, diskoan betiko, eta hein batean fidel izan behar duzu, baina guk askotan aldatzen dugu zuzenekoek hala eskatuta: estrofak bikoiztu?

Disko berri honetan, egitura aldetik, kantu pare baten bukaera besterik ez dugu aldatu estudioan, Bill Stevensonekin. Gehiago aritu gara konponketak egiten, kantuei mami apur bat ematen eta koroak sartzen. Koroak oso landuta daude disko honetan.

Rossekin (Ross Robinson ?Haria?ren eta ?Denbora da poligrafo bakarra? trilogiaren lehen diskoaren ekoizlea) ezberdina izan zen. Berak beste harrikada bat du, eta gehiago jotzen du kantuak luzatzera, musikaria estutzera? Dena dela, uste dut ?Infrasoinuak?eko kantuetarako Billen puntua egokiagoa izan dela: oso disko trinkoa atera zaigu.

?Inoiz egin dugun kontzerturik handiena?

BECekoaren atarian, nola bizi izan duzue erronka bota zenutenetik aupadak gorpuzten eta handitzen egin duen bidea?

Tira, inoiz egin dugun kontzerturik handiena izango da. Planteamendu aldaketarekin pozik gaude, bestela aurreko diskoarekin egin genuen gauza bera egiten egongo ginateke, eta ilusio puntu bat ere ematen du ikusteak bederatzigarren disko batekin BEC betetzeko kapaz garela.

Bestalde, gauzak gure kabuz egiteak behartzen gaitu ahaztu nahiko genituzkeen gauza pilo baten gainean egotera, kontu estramusikaletan arreta jartzera. Lan handia dago horren atzean, eta pixka bat estresantea izaten ari da dena, diskoaren promozioarekin eta atzerriko birarekin batu zaigulako.

Jotzeko gogoa daukagu, diskoa Durangon atera genuenetik lau hilabete egin baititugu promozioan, elkarrizketak, akustikoak eta beste direla, baina kantuak behingoz jotzeko irrika genuen. Horregatik etorri zaigu ondo bira.

Aste hauek apur bat aldapan gora egiten ari zaizkigu, BECeko hitzordua behingoz heltzeko eta jotzeko gogoz gaude. Oso gau berezia izango dela uste dut, eta hori bizi nahi dugu.

Berri Txarrak

BECekoa bezalako kontzertuek hartzen duten tamainaren aurrean, esaterako, zelan bizi duzue zuen undergrountasunetik eta zuen artisau izaeratik zuen ?infrasoinuek? batzuetan oihartzun handia izatea eta taldeak gure mundu txiki honetan nolabaiteko zentralitatea hartzea?

Tira, hori ez dago gure esku. Guk ezin dugu kontrolatu diskoak edukiko duen erantzuna, kontrolaezina da eta ez duzu horrekin obsesionatu behar.

Nik askotan esaten dut pelikularik onenak areto txikietan daudela, baina batzuetan euskal eszenan obsesionatzen gara txiki izateak berezko xarma bat edukiko balu bezala, eta hori ere ez da horrela.

Bai, galdera hortik zihoan gehiago, ez ote duen horrek agerian uzten gure eszena honen atrofia bat, ez baitugu, esaterako, euskal mainstreamik, eta ez dakit zuek eroso zaudeten egokitzen zaizuen paper horretan edo egoera horrek hausnarketarik merezi dizuen ere.

Ez dakit, egon beharko. Guk gero aukera daukagu gerrilla kontzertuak egiteko ere, orain atzerriko biran egin berri dugun bezala, eta hori ikaragarri gustatzen zaigu. Bestea ezin dugu kontrolatu, eta, gainera, pozteko da, berez, hainbeste jende sartzea eta diskoa horrenbeste jenderengana iristea.

Gero, egia da askotan, eszenaren diagnostikoak eskatzen dizkidatenean adibidez, iruditzen zaidala guk salbuespenetik hitz egiten dugula. Gure errealitatea hau da, eta bada euskal musikaren errealitate bat, baina kontziente gara ez dela ohikoena.

Badakit euskal musikaren debatea ez dela BECen zenbat jende sartuko duzun edo milagarren kontzertua Zeelanda Berrian egingo ote duzun. Hori guztia salbuespena da, eta jendearen debatea da Kafe Antzokian goiko edo beheko aretoan joko duen.

Kontziente gara, baina guk ere lan piloa egin dugu, eta, urte askoren ostean, posizio honetan iritsi gara bederatzigarren diskora, BECen jotzeko indarrarekin. Gainera, uste dut ?Beude?n aipatzen ditugun areto txiki guztiak BECen egongo direla ordezkatuta nolabait, ze guk prozesu hori ikusi dugu 1.000 kontzertuetan.

Hausnarketa oso ezberdina izango zen, agian, geure burua hor topatuko bagenuke bat-batean ez dakit zer programari esker, eferbeszentzia momentu batean. Baina hau urteen poderioz era naturalean etorri den zerbait da.

Erronkaren tamaina kalkulatze aldera, zenbat laguneko lantaldea osatuko duzue BECerako?

Aurreko biran, zortzi edo bederatzi lagun joaten ginen kontzertu normaletara, eta muina hori izango da orain ere, baina errefortzuak egongo dira, produkzio aldetik lan piloa dagoelako atzetik. Pandakoak -Panda Artist Management Berri Txarrakekin lan egiten duen enpresakoak- horretan ari dira, eta beste hamar lagun egongo dira igual.

 


Gorka Urbizu "Katedral bat" kantua jotzen, BEC hutsik dela

 

Alderatze aldera, zenbat lagun joan zineten Asia eta Ozeaniara?

Kanpoko biretara, lau edo bost lagun joaten gara; ahal bada, abioiak tarteko badaude, hobeto bost; zenbat eta esku gehiago izan, orduan eta hobe baita, materialarengatik. Uste dut bira honetan 21 abioi hartu ditugula.

Kanpora, zer material eraman ohi duzue eta zer alokatu toki bakoitzean? Gitarrak soilik?

Bateriaren pedalak, kaxa eta platerak eramaten ditugu, nahiz eta Galderri normalean platerek ez dioten bira osoan irauten, eta hor ibili behar izaten dugun irtenbide bila, biraren erdian plater berriak eskuratzen eta.

Gitarrak eta baxuak bai, eraman egiten ditugu, baita pedalak ere. Pedalak atzerriko kontzertuetara eramatea garrantzitsua da, gainera, horrek zure soinura gehiago gerturatzea ahalbidetzen dizulako, hainbeste inporta gabe areto bakoitzean zer anplifikagailu jartzen dizuten.

BECera zenbat baxu-gitarra eramango dituzue?

Bada, batzuk bai: bosna-edo, gehienbat afinazio kontuagatik. Aurreko diskoan (?Denbora da poligrafo bakarra?) hiru edo lau afinazio erabili genituen, eta ?Infrasoinuak?en ere, nahiz eta laburra izan, bi edo hiru daude.

Zuzenean, Ramonesen eskolakoak gara, kantuak kateatzea gustatzen zaigu, eta, horretarako, ezin zara afinatzen ibili.

Alde horretatik, dena prest orduan?

Bai, kontzertuaren aurretik proba batzuk egingo ditugu, entsegu orokor moduko bat, lantalde osoarekin, dena doitzeko. Kontua da BECen gauza asko batzen direla: bira baten hasiera da, horrek dakarren guztiarekin, eta, gainera, non eta BECen da, jende pilo baten aurrean.

Hitzordu berezia izanik, zehaztuta daukazue dagoeneko kantu zerrenda edo ez duzue gustuko dena horren itxita eramatea?

Hor gabiltza lanean. Normalean, ez dugu horrela egiten, ez gara oso talde diziplinatua alde horretatik, baina kontzertu handietan komeni da aurretik gutxienez hezurdura bat edukitzea, gehienbat argi teknikariei lana errazteko. Gero, gerta daiteke nik azken bost minutuetan aldatzea, eta seguru asko gertatuko da, momentuak gauza bat edo bestea eskatzen dizulako.

Berri Txarraken errepertorio osoa izaten duzue jotzeko prest?

Gutxi gorabehera. Drogasek, adibidez, esaten zidan eurek beren 80 kantuak prest izaten dituztela, eta guk ez. Guk errepertorio murritzagoa izaten dugu prest oinarri moduan, eta gero igual astean zehar esan dezakegu ?zergatik ez dugu kantu hau berreskuratzen??, eta entseatzen dugu.

Baina BECerako bai, ari gara hezurdura zehazten, lantaldeak jakin dezan zer joko dugun, horrek errazten baitu, adibidez, gitarren asuntoa: zer joko duzun zeinekin? Niretzat putada bat da, oso zaila egiten zaidalako kantu zerrenda bi aste lehenago egitea, baina batzuetan tokatzen da.

Berri Txarrak

Eta zeren arabera kokatzen dituzue kantuak ordena batean edo bestean?

Bada, begira: aurrekoan 1.000. kontzertuaren harira errepaso bat egiten ari nintzela, pentsatu nuen arlo askotan ez dudala gauza handirik ikasi: ez daukat teoria bat eginda kantu zerrenda nolakoa izan behar den azaltzeko.

Saiatzen gara kontzertu luze batean egon dadin hasiera indartsu bat, gero joan zaitezke beste emozio batzuk bilatzen, nahiz eta erritmoa pixka bat geldotu, lehen komentatzen genituen kantu bereziago horiek jotzen. Badakigu kantu horiek ez dutela beharbada jendea txoratuko, baina seguru asko banakako batzuk txoratuko dituzte.

Amaitzeko, olatu hori berriz hartzen saiatu behar zara, goian bukatzeko.

Eta jendea hurrengo kontzerturako gogoz uzten saiatzea ere garrantzitsua izango da, ezta?

Bai, normalean ez dugu bi orduko kontzerturik egiten, baina BECen luzea izango dela pentsatzen dut. Erraza da areto txikietako kontzertu motzak gustuko ditugula esatea, nik ere atsegin ditut, baina BECen ezin duzu ordubete jo eta joan.

Kontzertu guztietan, ?jarrera berdina?

Izan ere, beti esaten da berdina dela hamar pertsonarentzat edo hamar milarentzat jotzea, baina ez dakit nik egia ote den?

Berdina jarrera izan behar da. Hamar lagun etorri direlako ez duzu gogorik gabe jo behar, baina planteamendua ezberdina da.

?Gau berezia?

Gainera, jendeak ikusita dauka Berri Txarrak areto txikiagoetan, izerdi patsetan eta energia borbor dagoela.

Horregatik, txiribueltak egiten ibili behar zara beti. Hala ere, jendea BECera badator horrenbeste kontzerturen ostean, zerbaitegatik izango da, zerbait espero duelako, eta ezin zara lokartu.

Nik ez daukat neure burua showman modura. Dave Grohl ikusten dut, eta ez naiz horrelakoa, baina konfiantza handia dugu gure kantuetan. Gau berezia izango da, egunero ez da disko bat horrelako areto batean aurkezten, are gutxiago euskal eszenan, baina jendea kantuekin hunkituko da. Hori izan da beti gure jarrera, eta ez da aldatuko, ez dugu Eddie bat aterako.

Gainera, gure egoeraren beste berezitasun bat edo zuk ?atrofia? deitu duzun horren ezaugarri bat da kontzertu hau salbuespena izango dela. Badaude taldeak, adibidez, urtean 60 kontzertu ematen dituztenak igual, baina denak dira 10.000 lagunentzat. Guk, ostera, horrelako kontzertu bakarra daukagu, eta baliabide aldetik ez da erraza.

Eta zuk, ikusle gisa, zelan begiratzen diezu kontzertuei? Posible da deskonektatzea eta besterik gabe gozatzea, taldeak hau edo bestea nola egin duen pentsatu gabe?

Oso zaila da, eta beti egoten zara atzeko alanbike hori ikusi nahian. Begira zaude, eta pentsatzen duzu ?begira orain laguntzailea etorriko zaio gitarristari? edo beste edozer gauza, deformazio profesionalaren erruz.

Zaila da hasierako ukitu naif horretara itzultzea, ia ezinezkoa, eta horrekin bizi behar duzu. Kostatzen zait 20 urteko Gorka Urbizurengana bueltatzea eta flipatze soilagatik flipatzea, galdetu gabe soinu hori nola lortu duen edo analizatu gabe gitarrista hori nola sartu den agertokira.

Zuen kontzertuetan beti zaintzen duzue artista gonbidatuaren aukeraketa. BECera itzulita, The Baboon Show izango da artista gonbidatua. Zergatik aukeratu duzue suediar talde hau?

Buru jana eduki genuen zer talde mota gonbidatu behar ote genuen aukeratzeko, saiatzen garelako talde interesgarriak gonbidatzen eta ikusgarritasun handirik ez dutenei ikusgarritasuna ematen.

The Baboon Show asko gustatzen zaigun taldea da, eta zuzeneko oso elektrikoa dute. Ni suediar taldeen oso zalea naiz, oro har, eta suediar rock-and-rollaren etiketa bermea da ia beti. Uste dut luxu txiki bat dela The Baboon Show edukitzea.

Zelan azalduko zenioke BTXen egunerokoa ezagutzen ez duen norbaiti ?edo Nantesko istorioa dela eta deitu zizuen hamaikagarren kazetariari? merezi duela munduko beste aldean, dozenaka lagunen aurrean jo eta gero, lurrean botatako koltxoi batean lo egiten saiatzea, furgoneta batean bost ordu egitea zure kantuak ezagutzen ez dituzten toki batean jotzeko?

Guk ez diogu buelta handirik ematen, baina egia da konturatzen naizela nahiko talde sui generis-a garela alde horretatik. Rise Againstekoak, adibidez, harrituta zeuden horrekin: BECekoa hor daukagula kontatzen genien, eta gero ikusten zuten biharamunean taberna batean jotzen genuela Zeelanda Berrian. Eta oso gustura, aizu!

Oreka horrek asko betetzen nau. Nahiago genuke, agian, Euskal Herrian horrenbeste jende ez sartu, eta mundu mailan 500 lagun edukitzea gauero, baina gure errealitatea beste bat da. Kanpoan borroka egin behar dugu, beste edozein taldek bezala, baina Euskal Herrian nahiko talde handia gara, eta aukera dugu, esaterako, azkeneko diskoa jende asko eta askori gustatu zaiola ikusteko. Beste talde askok ez dute horrelako aukerarik.

Gainera, konexio berezia lortzen duzue Euskal Herriko kontzertuetan

Bai, konexio musikala eta kantuetako hitzekin ere bai. Hori oso handia da. Hemengo kontzertuetan, energia bola erraldoia sortzen da, publikoak letrak ulertzen dituelako, eta munduan beste inon sortzen ez den batasun bat eratzen da.

Beti ari zarete aurrera begira. Zer plan dituzue BECeko kontzertua pasatzen denerako?

Apirilean, Madrilen joko dugu, eta udan jaialdi batzuk egingo ditugu. Hor gabiltza, agenda ixten, lotzen.

Maiatzean, Irlanda eta Ingalaterrara joango gara. Londres eta Dublin itxita daude, eta ondo saltzen ari dira sarrerak, eta gutxienez astebeteko bira egingo dugu bertan, seguru asko: Liverpool, Bristol, pentsatzen dut Belfast ere egingo dugula?

*Berri Txarrakek larunbatean, martxoak 17, aurkeztuko du zuzenean ?Infrasoinuak? bere bederatzigarren diskoa BECen, Barakaldon. Ateak 20:00etan zabalduko dituzte, 20:30etik aurrera The Baboon Showk joko du eta Berri Txarraken emanaldia 21:45ean hasiko da.