Musika
Metal musika
Kvelertak: 'Bilboko kontzertuan energia, izerdia eta adrenalina egongo dira'
Natxo Velez | eitb.eus
Norvegiar taldeak kontzertua eskainiko du Bilboko Kafe Antzokian igandean, otsailak 4, Metallicari laguntzen Europan egiten ari den biran etenaldia eginda.
-
Kvelertak taldeak kontzertua emango du Kafe Antzokian, otsailaren 4an. Argazkia: Stian Andersen.
Metal musikak XXI. mendearen bigarren hamarkadan eman duen altxorretako bat da Kvelertak. Stavenger hirian (Norvegia) sortutako taldeak zur eta lur utzi zuen publikoa 2010ean Kvelertak diskoa argitaratu zuenean. Indarra eta haize berria (ekidingo dut freskoa hitzarekin eta taldearen jatorriarekin txiste txarra egitea) zerion soinu hark maisutasunez nahasten zituen black metala eta eskola alai eta jostagarrieneko rock-and-rolla (Turbonegro, Hellacopters eta Entombeden azken garaia…).
Zortzi urte geroago, "Meir" (2013) eta "Nattesferd" (2016) diskoak ere bidean utzita, bikingoek zorra kitatuko dute euskal publikoarekin, eta kontzertu bat eskainiko dute gurean kartelburu gisa, jaialdietan edo talde gonbidatu gisa emandakoen ostean, Metallicarekin maiatzera arte Europan zehar egiten ari diren birak ingurura dakartzala baliatuta (hilaren 3an eta 5ean Madrilen joko dute, kaliforniarren talde gonbidatu gisa).
Igandean, otsailak 4, Kafe Antzokia astindu aurretik, Erlend Hjelvik taldeko abeslariarekin hitz egin dugu.
Euskal Herrira bueltan zaudete, 2015ean Gasteizko Azkena Rock Festival jaialdian eta Bilbon Anthrax eta Slayer taldeei laguntzen jo eta gero. Zer gogoratzen duzu kontzertu horietaz?
Gure lehen kontzertuak izan ziren han, eta oso pozik nengoen azkenik bertan jo ahal izan genuelako, zeren eta jakin bagenekien zale pila bat genuela zuenean. Bilbokoa ikaragarria izan zen, eta uste dut jende asko gu ikustera joan zela, ez Slayer ikustera soilik. Esango nuke bira horretako kontzerturik onena izan zela guretzat. Eskerrik asko!
Metallicarekiko biran espazio handietan jotzen ari zarete. Zein da alderik handiena areto batean zeure kontzertua eskaintzearen eta, esaterako, kiroldegi batean talde handi baten aurretik jotzearen artean?
Alde nagusia da denbora gutxiago izaten dugula jotzeko, eta aurrean beste talde baten zaleak izaten ditugula. Beraz, kantu zerrenda labur eta zuzena prestatzen dugu, eta azkenean kantu motzenak jotzen ditugu hit esaten zaien horien eite handiena dutenak.
Kvelertak, Metallicaren Londresen jo aurretik
Gure kontzertuetan, aldiz, Kvelertaken ertz guztiak aurkezteko moduan izaten gara, eta giroa ere ezberdina izaten da.
Zein kontzertu motarekin gozatzen duzu gehien?
Biak dira oso dibertigarriak. Atsegin dut publiko berria erakartzeko erronka, baina zeure publikoaren aurrean jotzea ere oso gustagarria da, noski. Ezin dut aukeratu pabiloien eta aretoen artean. Niretzat, pizzaren eta takoen artean aukeratzea bezalakoa da; ezinezkoa da, biak ikaragarri gustatzen zaizkidalako (barreak).
Nolakoa da Metallicaren biran ibiltzea?
Metallicakoak gurekin harremanetan jarri ziren, eta udazkenetik hurrengo maiatzera arte Europan zehar beraiekin biran joatea eskaini ziguten. Jakina, horrelako eskaintza bat jasotzen duzunean, berehala botatzen duzu baiezkoa. Harrituta gelditu ginen.
Lehendik ezagutzen genituen, duela urte pare bat jaialdi batzuetan beraiekin jotzera gonbidatu baikintuzten. Oso jatorrak dira, eta, oso ondo hartu gaituztenez, guretzat esperientzia ikaragarria da beraiekin ibiltzea. Zoramena da horrenbeste zaleren aurrean jotzea, eta gozatu handia ari gara hartzen. Makina bat gauza ikasten ari gara.
Hobeto ezagutu eta gero, aldatu al da beraien inguruan zenuen iritzia?
Ez, ez da aldatu, eta inoiz baino gehiago maite dut orain Metallica. Sinestezina da gauero jotzen ikustea. Talde handia da.
Nola deskribatuko zenuke Kvelertaken kontzertu bat? Zer eskainiko diezue euskal zaleei?
Energia piloa, izerdia, testosterona eta adrenalina. Hiru diskoetako kantu onenak joko ditugu, eta irrikan gaude!
"Nattesferd" hirugarren diskorako, ekoizlea aldatu zenuten eta denok batera grabatu zenuten estudioan, aurrekoetan ez bezala. Zer eman diote aldaketa horiek zuen musikari?
Uste dut ondo egon zela beste ikuspegi batetik begiratzea gure musikari. Aspergarria izango zen disko guztietan gauza bera egitea. Erronka positiboa izan zen, eta asko ikasi dugulakoan nago. Emaitzarekin benetan gustura nago, uste baitut gure esentzia primeran harrapatu genuela.
Eta ondo uztartzen dira kantu berriak zaharrekin?
Bada, ustekabean, oso ondo uztartzen direla ikusi dugu, eta oso dibertigarria da orain kantu zerrendak prestatzea, denetariko kantuak ditugu eta. Are gehiago, oso zaila da orain zein kantu joko ditugun erbakitzea, denak jo nahi baititugu (barreak). Nahasketa ona egiten saiatzen gara, eta "Kvelertak", "Mjød", "Bruane Brenn" eta beste klasiko batzuk jotzen ditugu, noski.
Bira luze batean murgilduta zaudete, eta ia gauero izango dituzue kontzertuak. Zer duzu gustukoen biran ibiltzetik eta zer da gutxien gustatzen zaizuna?
Hainbat urte daramatzagu dagoeneko erritmo honetan biran, eta ohitzen goaz. Gehien gustatzen zaidana toki berriak bisitatzea da, oso dibertigarria da herrialde batean lehenengoz jotzea. Eta oraingoan otsailean Norvegiako hotzetik ihes egin, eta Espainiara joateko balioko digu, adibidez.
Gutxien gustatzen zaidana emaztearengandik urrun egotea da, eta aisialdian bideo jokoetan edo backgammonean jokatzen dut, filmak ikusten ditut, turismoa egin, jan edo irakurri egiten dut. Eta beste talde batzuen kontzertuak ere ikusten ditut, nola ez.
22:10ean igoko da Kafe Antzokiko agertokira Kvelertak taldea (Argazkia: Stian Andersen)
Maiatzera arte, oso lanpetuta egongo zarete. Zer plan dituzue geroko? Hasi zarete kantu berriak sortzen?
Bai, riff berriekin borrokan ari gara dagoeneko. Ez dakit zenbat denbora beharko dugun, baina hasi gara horretan pentsatzen. Baliteke berandu baino lehen kantu berriren bat aurkezteko moduan egotea.
Baduzu mezurik euskal jarraitzaileentzat?
Sentitzen dut hainbeste denbora pasatu izana bertan kartelburu gisa lehen kontzertua egin arte. Zuek ikusteko irrikan gaude. ¡Hasta la vista! (sic)