Musika
Ekainak 29 eta 30
Steve Winwood eta Mavis Staples, 2018ko BBK Music Legends jaialdian
Agentziak | Erredakzioa
Britainiarra eta estatubatuarra Sondikako jaialdiaren hirugarren edizioan izango dira.
-
Marvis Staples kantaria Sondikan egongo da
Steve Winwood eta Mavis Staples BBK Music Legends Festival jaialdiaren hirugarren edizioan egongo dira. Jaialdia 2018ko ekainaren 29an eta 30ean izango da, Sondikako Ola BBK zentroan, eta, bi egunez, “rock, blues eta soul estiloetako mitoak” bilduko dira bertan.
Steve Winwood abeslari eta musikagile britainiarrak The Spencer Davis Group taldean hasi zuen bere ibilbidea. 1967an Traffic sortu zuen, Jim Capaldi, Chris Wood eta Dave Masonekin batera, eta 1969an Blind Faith, Eric Clapton, Ginger Baker eta Rick Grechekin.
1977an bakarkako bideari ekin zion, eta bere diskorik garrantzitsuenak atera zituen jarraian: "Arc Of A Diver", Grammya hiru aldiz irabazitako "Back In The High Life" eta "Roll With It".
Bestalde, Mavis Staples, abeslari, antzezle eta ekintzaile estatubatuarrak 1959an hasi zuen bere musika ibilbidea The Staple Singers taldearekin, eta 1960ko hamarkadaren erdialdera, Martin Luther Kingen inspiratuta, taldea eskubide zibilen aldeko mugimenduaren ahots espiritual eta musikaletakoa bihurtu zen.
1969an bakarkako debuta egin zuen, bere lehen albuma argitaratuz, eta orain azken diskoa kaleratu berri du, hain zuzen, joan den azaroaren 17an, "If All I Was Was Black" izenburupean, eta Wilco taldeko Jeff Tweedy izan da ekoizlea.
Jaialdiaren bi egunetan bertaratzeko interesa dutenek dagoeneko abonua eskura dezakete, Kutxabank bidez, eta urtarrilaren 6ra arte eskaintza prezio berezian: 80 euro gehi gastuak.