Musika
Irailak 21-24
Delorean eta Willis Drummond, Sopela Kosta Fest jaialdian irailean
Agentziak | Erredakzioa
Irailaren 22an, Willis Drummond, Los Tiki Phantoms, Señores eta Rubia egongo dira; irailaren 23an, Delorean, Tomasito, Koban, Kokein eta Optigan DJ.
-
Deloreanek irailaren 23an joko du
Delorean talde zarauztarrak dance musika jarriko du aurten Sopela Kosta Fest jaialdian. Bizkaiko herrian egiten den jaialdiaren laugarren edizioa irailaren 21etik 24ra izango da, eta, Deloreanekin batera, Willis Drummond, Los Tiki Phantoms, Señores, Rubia, Koban, Kokein, Tomasito eta Optigan DJ ariko dira. Emanaldiak Udaletxeko plazan izango dira, doan.
Hain zuzen, antolatzaileek jakinarazi dutenez, irailaren 22an, Willis Drummond, Los Tiki Phantoms, Señores eta Rubia taldeak izango dira taula gainean, eta irailaren 23an, Delorean, Tomasito, Koban, Kokein eta Optigan DJ.
Bestalde, Euskadiko surf zirkuituko proba bat jokatuko da jaialdiaren egitarauaren barruan, eta euskal espezialista onenetako batzuk elkartuko dira Arriatara hondartzan.
Halaber, jaialdiko film laburren lehiaketaren hirugarren edizioan parte hartuko duten bideoak jasotzen ari dira antolatzaileak egunotan. Lanek surfa eta natura izan behar dute gai nagusi, eta 30 minutuko luzera, gehienez ere.
Film laburren lehiaketan parte hartzeko, nahikoa da jaialdiaren webgunean izena ematea.