Itxi

Musika

24H BMC

24 orduko musika jaialdi elektronikoa antolatu dute Bardean

eitb.eus

Musika elektronikoko 24 orduko jaialdi etengabea antolatu dute Bardeako basamortuan, uztailaren 1erako. Nafar agintariek, baina, ez dute horren berri, eta oraingoz ez dute baimenik kudeatu.

  • Nafarroako agintariek ez dute baimenik eman oraindik. Argazkia: Eva Lopez de Munain.

    Nafarroako agintariek ez dute baimenik eman oraindik. Argazkia: Eva Lopez de Munain.

24 orduko musika jaialdia Bardeako bihotzean, “munduaren amaieran”: hori eskaintzen du 24H BMCren, Bardenas Music Camp jaialdiaren, lehen edizioak. Bisitariak 24 orduz bertan egoteko behar duena eraman behar du berekin, webgunean irakurtzen denez, jatekoa eta edatekoa barne (jaialdiaren eremuan ez da salduko), Burning Man Nevadako (AEB) jaialdiaren gisakoetan egiten den bezala.

Webguneak hori badio ere, nolanahi den, Nafarroako eta Bardeako agintariek ez dute oraindik jaialdiaren inguruko informaziorik jaso, eta ez dute, beraz, baimenik eman.

Antolatzaileek (Bruno Ledoux enpresaburua -Liberation kazetan eta Biarritz Olympiquen hartzen du parte, besteak beste- dago horren atzean) oraindik ez dituzte bertan egongo diren musikari guztiak iragarri, baina Cerrone, Tako, Samo DJ, Forever Pavot, Holy Bouncer, Botibol eta Radiators izango direla aurreratu dute dagoeneko.

Jaialdira 59 euroren truke bertaratzen direnek (18 urtetik gorakoak izan behar dira) ezingo dute plastikozko gairik eraman, eta debekatuta egongo da, noski, suak piztea.

Nafar agintariek ez dute horren berri

Euskadi Irratiak nafar agintariekin hitz egin du, jaialdiaren berri jasotzeko, baina ez Arguedaseko Udalak ez Nafarroako Gobernuko Kultura eta Ingurumen departamentuek, balizko baimenak eman beharko lituzketen erakundeek, ez dute jaialdi horren inguruko inolako informaziorik.