Itxi

Musika

Jaialdia

Chucho Valdes, Bill Evans eta Andrzej Olejniczak, Getxoko Jazzaldian

Agentziak | Erredakzioa

Bizkaiko udalerriko jaialdiak 17 kontzertu eskainiko ditu ekainaren 28tik uztailaren 2ra.

  • Bill Evans ekainaren 30ean arituko da Getxon

    Bill Evans ekainaren 30ean arituko da Getxon

Getxoko 41. Jazzaldiaren kontzertu nagusiak zehaztuta daude dagoeneko: Chucho Valdes piano-jotzaile kubatarra, Bill Evans saxo-jotzailearen eta Dean Brown gitarristaren laukotea eta Andrzej Olejniczak saxo-jotzailea gehitu dizkiete John Abercrombie eta Dianne Reeves aurretik iragarritako artistei.

Guztira, 17 saio izango dira ekainaren 28tik uztailaren 2ra Getxon, eta maiatzaren lehenengo astean jarriko dituzte salgai ordainpeko kontzertuetarako sarrera eta abonamenduak.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Andrzej Olejniczak Bilbon ezarritako poloniar saxo-jotzailearekin abiatuko da jazzaldia ekainaren 28an.

Bestalde, Bill Evans estatubatuarra ekainaren 30ean arituko da, laukote formatuan, Dean Brown gitarra-jotzaile frantsesarekin batera. Keitch Carlock bateria-jotzaileak (Toto) eta Etienne Mbappe baxu-jotzaileak osatzen dute laukotea.

Azkenik, Chucho Valdes pianista kubatarra Biotz Alai plazako agertokira igoko da jazzaldiaren azken egunean. Valdes itzal handiko izarra da jazz afro-kubatar modernoaren arloan. Zortzi Grammy sari irabazi ditu eta hainbat urtez bere maisutasuna erakutsi du genero anitzetan: jazza, musika klasikoa, herri musika...